18:47

albisteak

Frantzia

Macronek eskuinera jo du eskuin muturrari aurre egiteko

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Frantziako gobernuan aldaketak egin ditu Emmanuel Macronek eta Nicolas Sarkozy presidente ohi kontserbadorearen garaiko pertsonak izendatu ditu.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eskuinerako joera berretsi du Frantziako gobernu berriarekin. Oraingoan, Nicolas Sarkozy presidente ohi kontserbadorearen garaiko pertsonak izendatu ditu. Bere bigarren agintaldiari indarra emateko ahalegin moduan ulertzen da jarrera hori, eta Europako hauteskundeetan eskuin muturraren garaipena saihestea du helburu.

Gabriel Attal 34 urteko lehen ministro berriarekin egindako lehen kontseiluan, Macronek "emaitza azkarrak" nahi dituela azpimarratu du.

Funtsezko izango diren 14 ministroko talde txikiko 8 kide Errepublikanoak Sarkozyren alderdian egon dira, Rachida Dati Kultura ministro berria tartean. Dati Justizia ministroa izan zen Sarkozy presidentearen gobernuan 2007a eta 2009a bitartean. Catherine Vautrin, Sarkozyren lankide leiala, Jacques Chirac presidente kontserbadorearen garaian ere ministro izandakoa, Osasuna, Lana eta Elkartasuna batzen dituen ministerio zabalaren buru izango da. 2022an Macronen gobernuan sartu zenean, presidentearen alderdi zentristako kide ezkertienen kritikak jaso zituen, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatzearen aurka agertu zelako.

Sarkozyrekin ibilbide luzea egin duten Gérard Darmanin eta Bruno Le Maire politikariek euren karterari eutsi diote (Barne Ministerioa eta Finantza Ministerioa, hurrenez hurren). Emmanuel Moulin, Sarkozyren aholkulari ohi eta Altxorreko zuzendari ohia, da lehen ministro berriaren kabineteburua.

Attalek berak ere nahita erabiltzen du Sarkozyk 2007ko hauteskunde kanpainan Jean-Mari Le Pen ultraeskuindarra garaitzeko arrakastaz erabili zuen hiztegia. Sarkozyk soldata txikia edo ertaina zuten langile "goiztiarrei" egiten zien dei, orain lehen ministro berriak egiten duen moduan, eta segurtasuna, merituak, agintaritza eta erdi mailako klaseari zergak jaistea zituen hizketagai nagusi.

Ezkerretik Olivier Faure Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak esan duenez, Macronen berritu nahiak "Sarkozyren dinosauroak" berpiztea baino ez da. Beste buruzagi sozialista batzuen iritzian ere, immigrazio lege murriztailea onartu ondoren, gobernu berriak berretsi egin du Macronek eskuinera egin duela.

Ekainean Europako hauteskundeak proba bat izango dira Macronentzat, bigarren agintaldiaren erdian. Oraingoz, Marine Le Penen Bilgune Nazionala ultraeskuineko alderdia aurretik doa inkestetan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena