albisteak
Sinadura
Begoña del Teso
Intimitate-koordinatzaile hori zentsore ote ala aktoreen zein zuzendarien, zein lantalde guztien laguntzaile leiala? Zuena (eta beraiena) da deliberamendua.
Isabel Coixeten Un amor filmean ez zuten beharrik, nahiz eta Sara Mesaren liburua oinarri duen zeluloidezko istorio honetan hiru sexu-eszena izan. Laia Costa eta Hovik Keuchkerian aktoreen esanetan, nahikoa izan zitzaien zuzendariarengan eta zuzendariarekin zuten konfiantza.
Aldiz, bukatu berri den Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian bitan (behintzat) antzeman dugu oraingoan hizpide, idazpide, suertatuko zaigun zinema ofizio honen berri, hainbat eta hainbat bukaeratako kreditu tituluetan. Zertaz ari naizen? intimitacy coordinator-intimitate-koordinatzaileaz.
2017an, Hollywooden eta inguruetan gertatu eta salatu ziren hamaika sexu-eraso, abusu eta tratu txarren ondorioz, gogor, sutsu eta errenditzeko prest ez zegoen Me Too aldarrikapen, erreibindikazio, protesta mugimendua agertu zen. Hasieran, zinema unibertsoan. Gero, planetan zehar.
Emakumezkoen burujabetasuna exijitzen zuten han bildutakoek bizitzaren arlo guztietan. Eroso, lasai, libre sentitu nahi zuten non-nahi eta noiznahi, baita filmaketetan ere. Are gehiago sexu-eszenak grabatzerakoan.
Erreibindikazio hori zela eta sortu zen intimitacy coordinator-intimitate koordinatzailearen lana, ofizioa. Hala ere, beste datu bat aitortu behar da egiarekin zorretan ez badugu izan nahi: Me Too baino hiru urte lehenago, Erresuma Batuko Women in Film and TV sindikatuaren onespena jaso zuen Intimacy On Set Guidelines izeneko txostena argitaratu zuen telebistan zein antzerkian edo zineman lan egindakoa de Ita O´Brienek.
Bertan, mugimendu irakasle honek argibide batzuk ematen zituen aktoreen erosotasuna lortzeko eszena erotiko eta intimoetan
HBO plataforma izan zen aitzindaria intimitate koordinatzailea ezartzen bere sailetako grabazioetan. Koordinatzaile horiek filmaketaren aurretik, filmazioa egin bitartean eta inkluso pelikularen edo sailaren postprodukzioan daude lanean. Aktoreekin eta zuzendariarekin beti harreman estuetan bai leku bera, bai eszenaren koreografia, bai ezinbestekoa den jendearen kopurua adostuz. Hainbaten aburuz, zentsura mota berri bat da. Beste horrenbesteren irudiko, eszena horiek ahalik eta komodoen, ahalik eta hobekien eta ahalik eta alboko kalte gutxienekin filmatzeko abantaila ezin hobea.
Telmo Iruretak eta Valeria Sorollak antzezturiko Fernando Francoren La consagración de la primavera ospe handiko hartan bazen intimitate-koordinatzailerik. Era berean, bada, esaterako, egunotan aretoetan den Malena Alteriok antzezten duen Que Nadie Duerma-n.
Ez zen izan, jakina asko, Verhoevenen 1992ko Basic Instict hartan. Are gutxiago Bertolucciren Last Tango in Paris-en
Baina zinema pertsonaia berri hau ez dago soil-soilik ekoizpen handietan baizik eta txiki-txikiagoetan ere. Hain zuzen ere, behar-beharrezkoa izan daitekeen lan horietan, non gerta litekeen parte hartzen duten gehienek hasiberriak izatea.
Har dezagun, kasurako, Zinebin ikusitakoa. Bertan, Bertoko Begiradak izeneko sailean lekua egiten zaie Euskal Herrian sortutako film laburrei. Sorta polita eta oparoa aurtengoa. Eta aurkezturiko hamaika lanen artean, bik zuten intimitate-koordinatzailea. Alde batetik, Marta Etura aktoreak kamera atzean eginiko bere estreinako lana, Lucía; nerabeen arteko parranda giro alaian hasten bada ere, apurka-apurka iluntzen, zikintzen doan sedukzio anker baten kontakizuna dugu. Zilegi eta bidezkoa koordinatzailearen presentzia, zeren eta, bertan, idazle maltzur batek zale duen 14 urteko neskatoa behartzen baitu.
Bestea, Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen Kimuak katalogoko Tamara Lucariniren Prioridades pieza ausarta, non bi neskek larrua jotzen duten hondorik gabeko pasio batek hartuak. Hemen ere, ulergarria arras, konfiantzazko norbait adi izan beharra jende makina baten aurreko intimitate une horiek azaldu ahal izateko.
Eta aipaturiko La consagración de la primavera, Que no duerma, Lucía eta Prioridades horietan, koordinatzaile bera, Bilboko Maitane San Nicolas, aktore izandakoa. Ederki daki berak zer sentitzen den kamera baten aurrean biluzik zaudela, txortan, arriskuan edo plazer betean.
Intimitate-koordinatzaile hori zentsore ote ala aktoreen zein zuzendarien, zein lantalde guztien laguntzaile leiala? Zuena (eta beraiena) da deliberamendua. Momentuz, bukaerako kreditu tituluetan gero eta gehiago agertzen den ofizioa; pelikuletan parte hartzen dutenek kontratuz eskatua.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa