11:53

albisteak

Iruzkina

"The Future is woman"... Etorkizuna sorgin bat da

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"The Future is woman"... Etorkizuna sorgin bat da. Urriak 26 egun dituela hasi da San Telmo museoan Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen 34. bilkura.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Segituan hasiko da Bilbon Zinebiren 65. edizioa. Zinebi, bai, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Ikusgarri, eztabaidagarri izango dira bertan 42 herrialdetan egindako lanak; arituko dira bertan euskal zinemaz eta literaturaz luze eta zabal. Duela bi urte Hondalea:abismo marino lan bikaina burutu zuen Asier Altunak, Euskadiko Filmategiak bultzatuta, Zinema Festa bat da liburu ederra idatzi zuen Katixa Agirrek, eta denok ustekabean harrapatu gintuen Ane filmaren egilea den David Perez Sañudok.

Laster izango du irekiera Bilboko zeluloidezko jaiak. Ireki dira, ostera eta dagoeneko, Donostia aldean, zeru goienetara eta infernu beheretara eramango gaituzten ateak.

Urriak 26 egun dituela, zituela (letra hauek noiz irakurtzen dituzun arabera) hasi zen San Telmo museoan Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen 34. bilkura. Lekurik ezin aproposagoa akelarreari ekiteko, koartela zein ospitalea izandako harrizko eraikina, Urgull mendiaren magaletan dagoena. Egun museoa den etxetzar horretan badira lurperaturik leinu argiko jaun eta andreak. Eta mendian, soldadu britaniarrak.

Bai Donostiakoan, bai Kataluniako Molins de Rei herrian aurten ospatzen den izu festan, sorginak, meigak, bruixak, witches, wizard, magak eta magoak, aztiak eta hortxe, akerraren larreetan, dabiltzan oro, dira gonbidatu, mezulariak eta bidea erakusten digutenak. Asko baitira aztertzeko kontuak sorgintzaz edo belagileez .

Hizkuntza aldetik ere… Zergatik esan behar da sorginkeria eta ez sorgintasuna? Zergatik izan behar dira akelarreak deabru jaunari gure sumisioa aurkezteko zeremoniak  eta ez gure buruaren jabe egiteko emakumeon "juntazioak"? Zergatik ote dute gizonezko aztiek emakumezko sorginek baino ospe eta izen handiago eta hobea? 

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira, mintzatzen ari dira, mntzatuko dira (berriro ere lerro hauek noiz irakurtzen dituzun arabera) Donostiako museoan Amaia Nausia Pimoulier nafar historiagilea eta Elisa McCausland eta Diego Salgado.

Bikote horrek idatzitakoa da Beso negro, Brujería, cine y cultura pop liburua. Izenburuan bertan, desafioa: berea zinela adierazteko, Deabruari ipurdian ematen zitzaion muxuak zertan izan behar men egite bat? Ezin daiteke izan, egun, emetasun libre eta ahalmentsu baten aldarrikapena?

Horrela hasi zen, hasten ari da, hasiko da Beldurrezko Astea, Donostian. Larunbatean berriz, parekorik, berdinik, igualik ez duen egile baten proposamena dastatuko dugu Tabakaleran. Sortzailea Bertrand Mandico da, eta Filmin plataforman duzue bere lehenbiziko atrebentzia, Les enfants sauvages. Honek, Bertrandek bezala, ez du ez igualik ez antzekorik. Baina zin dagizuet azaroaren 28an ikusiko duzuen She is Connan izenburuko bere bigarrena asko urrutiago doala ausardian, jolas beltzean, misterioan, testuretan.

Definiezina, zehaztezina, mugaezina (eskerrak) suertatzen den gonbita da larunbatekoa. Pantaila piztu arte zenituen zinema erreferentzia guztiak pikutara bidaliko ditu Mandicok. Hala ere, nik uste, Virgina Woolfen, Sally Potterren eta Paul Preciadoaren Orlando horien sublimaziotzat har genezakeela Bretranden lana. Baita, Julia Ducournauk egindako Titane harena ere. Edo Peter Greenawayek buruturiko The Cook, the Thief, His Wife and Her Loverena

Ausar zaitezte, eta zuena izango da garaipena. Finean, Mandicoren lehenbiziko pelikulako pertsonaia batek zera dio: The future is woman…. The future is a sorcerer. Emea da etorkizuna. Bihar hori sorgina da.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena