11:58

albisteak

ANALISIA

Kaleak eskobatzen, kamera baten desiraz

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Jakin badakizue duela aste hiru edo ospatu izan zela Hondarribian Amua Musika-Film Laburren Zinemaldia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jakin badakizue duela aste hiru edo ospatu izan zela Hondarribian Amua Musika-Film Laburren Zinemaldia. Jakin beharko zenukete Goya sarietarako hautatua izan aurretik, galdu ezinezkoa den "Maldita: A Love Song to Sarajevo"k bereganatu zuela sari nagusia eta 70eko hamarkadaren bukaerako NY undergroundeko beteranoa den Mark Cunningham tronpeta-joleak aspalditik merezia duen omenaldia zinemaz  bildutako  "Odd Songs"ek  lortu zuela bigarrena. Horiek kontu jakinak dira, abendu honetako beroak kasik kiskaliak, dagoeneko.

Nik, ordea, erreparatu nahi diot "Dreams" izenburuko lanaren egilearen istorioari. Polita baita. Esanguratsua. Gogoetarako beta ematen duten horietakoa.

"Dreams" honetan,  Fleetwood Mac bandaren musikak lagundurik  dantzan den bikote bat sumatzen dugu. Madrilgo Vallecas auzokoa den Miguel Ariza zinemagilearen gurasoak dira. Banandurik badira ere, askotan  elkartzen dira semearen etxean eta kopa bat eskuan, musika entzuten dute,  berbetan egin  eta dantzatu.

Egun batean, Miguelek filmatu  izan zituen momentu horiek eta gero, muntaketa lanetan  iaioa denez, hainbat kantarekin josi zituen irudi horiek, egokiena aurkitu arte. Eta Fleetwood Macen "Dreeams" izan zen komenigarriena. Omen. Eta bene-benetan, ere.

Ez zekien Miguelek, alta, ezertarako balioko ote zuten irudi horiek, muntaketa hark… Ez zekien ere, ez bide zen bakar bakarrik, soil soilik, etxeko filmaketa bat, senideen artean ikusi ohi diren horietakorik, erretratu intimoa, beste inorekin partekatzen ez diren horietakoa. Beste inori interesatzen ez baitzaizkio eta.

Errezelo horretan ere, hasi zen Miguel zinemak zauriturik diren batzuei Dreams erakusten. Eta denek esan zioten merezi zuela. Eta  Donostiako Docks of the Bay fama handiko jaialdian harrera beroa egin zioten. Animatu zen beste zinema/musika festetara aurkezten. Eta duela hiru aste do, brontzea lortu Txingudiko Badiaren inguruotan.

Miguel Madrilgo Zinema Eskolaren ikaslea izan da eta "Apuntes para una pelicula de atracos" harrigarri hura burutu zuen Leon Siminiani sortzen ari den telesail batean dabil muntatzailearen laguntzaile gisa. Ez dago ba langabezian eta sariak hasi da eskuratzen. 

Baina, baina, baina… "Dreams" hori filmatzeko erabili izan zuen kamera erostearren, kaleak eskobatu behar izan zituen.

Bai, kaleak eskobatu (gustura, ezin ukatu, berak aitortua). Hain zuzen ere, Madrilgo Chueca auzokoak. Baita Gran Viako bazterrak ere. Asteburuetan, Madrilgo Udalak kontrataturik. Poltsikoratu zituen sosekin ia profesionala den Black Magic baten jabe bihurtu zen. Objektibo pare bat erosteko ere iritsi zitzaion  aurreztutakoa.

Zorionekoa, beraz. Horra hor, kale-garbitzaileak kamera eta garaikurra besapean Kantauriko kostaldean.

Madrilerako trena hartu orduko, hausnarketa polita egin zuen Italiako beldurrezko  klasikoak  zein gaur egungo abangoardiako proposamenak miresten dituen Miguelek. Berak, beka batzuen bitartez ikasi zuen zinema eta ederki asko daki ez direla horiek ikasketa merkeak. Dirua izan behar zinema zer, zinema nola, zinema zertan ikasi ahal izateko. Are, diru gehiago zinema sortzeko.

Horren harira,  Miguelen aburuz, arriskutsua da, arriskutsua eta ez zuzena, ez zilegia, gizarte maila eroso bateko kumeek baino beste inork zinema sortzeko eskubidea eta modua  ez izatea. Zergatik? Bada, erantzun mordoa galdera honi  baina zio nagusienetarikoa hauxe: ezin diegu utzi dirua eta baliabideak dituzten horiei istorio guztiak, errealitate guztiak kontatzen ez baitituzte errealitate horiek denak ezagutzen. Ez bederen barrutik, bertatik, erraietatik. Bai, asmo onetan, intentzio sanoetan sartzen dira bereak ez diren eremuetan, auzoetan, komunitateetan. Baina ez dituzte bertakoek bertan darabiltzaten kodeak manejatzen. Baina ez dute leku horietako egunerokotasuna (eta egunerokotasunean) bizitzen. Ilundu orduko itzaltzen dute kamera eta aterpe duten urbanizazio pribatuetara itzultzen dira. 

Abentura horren emaitza? Beste dirudun franko sorginduko dituen Porno-miseria saio bat. Seguru zinemaldi zenbaitetan saririk jasoko duela. Seguru, baina, begirada onbera eta azalekoa ez da, Miguelen ustez, ez giza legea ez zinema legea. Beraz, trena hartu baino lehen, Dreamsen autoreak guztientzako kamerak eta behar gorrian diren auzokoentzako zinema ikasteko modu berri eta merkeak exijitu zituen. Nahi du Miguelek norberak bere istorio propioak  bere tripetatik zinemaratzea, plazaratzea. Eta ez dabil batere oker, nik uste, bere amets ero horietan.

 

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena