14:48

albisteak

Sinadura

Antzinako Alegría Kapitaina eta Irma Vep izaki misteriotsuak, gurean bizirik

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"La Capitana Alegría" filma antzinako gure pantailetan estreinatu zen, eta gero… galdu. Berreskuratu dute hainbat filmategik, (Euskadikoak barne) maite-maite, xuabe-xuabe zaharberritu eta hor dago, altxor gordeta, aterpe goxoan, ikertzaileentzako eta zinemak zaurituok garenontzako tentazio.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ildo, xenda, bide izugarri eta harrigarriari ekiteko gonbita luzatzen dizuet izkribu honetan. Zaudete erne, alta, Denboraren eta Espazioaren artean existitzen diren zulo beltzetan erortzeko prest egon behar baituzue, aurrera egiteko. Historia ofizialak onartzen ez dituen bidegurutzetan murgiltzeko irrikaz egon behar duzue, zain ditugun izaki misteriotsuekin topo ahal egiteko.

Paper berezietan ikusi izan dituzte argia (beti itzalen artean, hori bai) istorio hauek, pertsonaia horiek. Mundu gureak hartutako abiadura ez dute gogoko. Ezta dir-dir egiten dituzten  neonezko afixak. Beraz, kale estuetan dauden liburu-denda bitxietan eta  zeluloidea kasik zeluloidea ez zen material sukoian grabaturiko filmak maite-maite gordetzen dituzten filmategietako leizetan aurkitu zuten, aspaldi jada, aterpe.

Hala ere, ez pentsa. Kontraesanak kontraesan eta kontuan harturik kreatura horiek hilezkorrak direla, garai guztietara egokitzeko jaioak, egungo tramankulu teknologiko ororen bitartez iritsi zaitezkete haiengana. Gaurko eta biharko plataforma irudizkoetan aurkitu ere. Aipatutako  izaki horiek ia likidoak dira, ura edo edabe pozoi-gozoak bezain aldakorrak. Beraz, Denbora, Garaiak eta gizakiok  asmaturiko  gailu, euskarri eta formatu guztietan zehar eta barna egin ohi izan dute gure ametsetarako bidea. Arazorik, trabarik pe.

Musidoraz ari natzaizue. Alegria Kapitainaz ari natzaizue. Irma Vepez ari natzaizue. 1915eko zinematokietan hainbat eta hainbat ataletan sailkaturik, hurrengoan zer gertuko irrikaz zen ikusleari eskaini izan zen Louis Feuilladeren Les Vampires-ez ari natzaizue. Oliver Assayasek zuzendu eta Wong Kar-Waik zein Tarantinok miresturiko Maggie Cheungek antzezturiko Irma Vep filmaz ari natzaizue. HBOmax plataformak uda honetan eskainitako Irma Vep telesailaz ari natzaizue. Oraingoan ere, Assayas  da egilea. Aktorea, berriz, Suediako izan arren, Londresen eta Lisboan bizi den Alicia Vikander paregabea.

Atal bakoitzeko hasieran, berdinik gutxi duen Stéphane Manel ilustratzailearen  marrazki finak, finki eta misterioz animatuak. Soinu banda ezin-ahaztukoan, tuareg tribuaren gitarra maisu darabilen Mdou Moctarren musika.

Gure/zuen lerro hauek zeharkatzen dituen pertsonaiak Musidora zuen/du eta betikotz izango du izena. 1889 urtean jaio bazen ere, bere oroipenak, bere loriak, bere misterioak bizirik dirau eta atzokoak bezala, gaurko eta biharko sortzaileak sorgindu.

 

Gure/zuen idatzizko honetan aipu izan duten irudi guztietan agertzen da bera; Berak sortutako pertsonaiak (Irma Vep-ek, hots) munduan izan diren beste hainbat kutsatu zuelako.

Ikonikoak bilakatu dira bere ibilera, bere katuaren antzeko mugimenduak, bere begi ilunak, bere jantzi hura, gero joko erotiko kasik debekatuentzako ezinbestekoa izango zena. Aurrerantzean, fantasiazko Historian eta istorioetan agertu izan diren emakume banpiro seduktore denek kopiatu/moldatu/bereganatu izan dute bere estiloa, Catwomanek barne. Are, Zinemaren enziklopedietan eta zinejaleon iruditeria preziatuan iltzaturik den Das Cabinet des Dr Caligari filmean agertzen den Cesare izeneko lo-ibiltari kasik automata horren diseinuak inspirazio hartu zuen Irma Vepengan. Izan ere, Feuilladeren eta Musidoraren saila, esan dugun bezala, 1915ekoa  da eta Robert Wienek eta konpainiak sorturiko Caligari 1920koa.

Baina bada surrealista ia guztien musa, aitzindari, lagun, kide, konplize, fetitxe izan zen emakume haren patuan gurekin estu lotzen duen kasualitate bitxia eta ederra.

Maitasunak jota, Pirinioak zeharkatu, Madrilen eta beste lekuetan ibili kantuan eta dantzan hainbat antzokitan eta hiru film zuzendu zuen. Horietako batek, 1921ekoak,  Pour Don Carlos du izenburu eta gurean da filmatua. Gurean: Hondarribian, Lapurdin, Bidasoaren bi ertzetan…Karlisten inguruko maitasunezko eta gerrako ipuin gazi-gozoa. Filmaketan eta ekoizpenaren arduran, Bizkaiko Jaime de Lasuenen laguntza izan zuen, kreditu tituluetan Jacques Lasseyreren izenpean agertzen dena.

Pour Don Carlos horrek La Capitana Alegría bezala estreniatu zen antzinako gure pantailetan eta gero… galdu. Berreskuratu dute hainbat filmategik, (Euskadikoak barne) maite-maite, xuabe-xuabe zaharberritu eta hor dago, altxor gordeta, aterpe goxoan, ikertzaileentzako eta zinemak zaurituok garenontzako tentazio.

Alegria Kapitainaren inguruko ikerketak ez dira amaitu baina izan liteke Euskal Zinemaren lehendabiziko film luze fikziozkoa…

Pentsa ezazue  mende oso baten zehar pantaila eta plataforma guztiak bahitu, sorgindu izan dituen Musidora/Irma Vep/ Kapitaina… euskal zinemaren parte!

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena