albisteak
Iruzkina
Felipe Etxebarria
"The Times" egunkari kontserbadorearen arabera, Boris Johnsonen gobernua Ipar Irlandako protokoloa indargabetu nahi du, eta horrek arriskuan jarriko luke "brexit"aren akordio guztia.
Europako buruzagiek, besteak beste, Olaf Scholz kantzilerrak, Alexander de Croo Belgikako lehen ministroak eta Michael Martin Irlandakoak ohartarazi diote Boris Johnson lehen ministro britainiarrari Ipar Irlandako protokoloaren indargabetzearen kontra. Hau izan da Europako erantzuna Londresek eta Bruselak onartutako protokoloa ez betetzeko mehatxuaren aurrean.
Berria The Times egunkari kontserbadoreak kaleratu du. Horren arabera, Londresko gobernua protokolo hori indargabetzeko plana prestatzen ari da. Horrek arriskuan jarriko luke brexit-aren akordio osoa.
Protokolo horrek ezartzen duenez, gainerako lurralde britaniarra ez bezala, Ipar Irlanda Europar Batasuneko aduana batasunean mantentzen da. Beraz, Ipar Irlandan sartzen diren produktu britainiarrek portuetan aduana kontrola jasan behar dute, bi Irlanden artean kontrol hori saihesteko, eta lurrean muga gogorrik egon ez dadin, horrek arriskuan jarriko bailituzke Ostiral Santuko bake akordioak.
Mehatxu britainiar horren oinarrian Ipar Irlandako unionistek protokolo honengatik duten ondoeza dago. Beren ustez, gainerako merkatu britainiarrarengandik urruntzen ditu. Ondoeza azken hauteskundeetako porrotean islatu da, lehen aldiz Sinn Feineko errepublikarrak garaile irten baitira.
The Times egunkariaren arabera, Liz Truss Atzerri ministroak modu unilateralean protokolo hori baliogabetu nahi du. Uste duenez, negoziaketak ezin dira aurrera eraman, horretarako Europako Batzordeak ez duelako eskuratu 27 estatu kideen agindua. Informazio horren arabera, britainiarrak dagoeneko baliogabetzeko plana prestatzen ari dira, beren produktuak Ipar Irlandan kontrolik gabe sar daitezen. Horren iragarpen ofiziala datorren astean gertatuko omen da. Bozeramaile britainiar baten arabera, egoera nahiko serioa da.
Une honetan horrelako eztabaida batek Boris Johnson lehen ministroaren azken hauteskunde porrota ezkutatzeko balioko luke. Izan ere, bere egoera gero eta zailagoa da, konfinamenduko jaialdien eskandaluaren ondorioz.
Iazko urte amaieran dagoeneko Europako bozeramaile batek zioenez, britainiarrek Ipar Irlandako protokoloa bertan behera uzten badute, kolpe gogorra izango da bien arteko harremanentzat, izan ere brexit-aren hitzarmen osoaren oinarria baita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa