20:04

albisteak

Iruzkina

Alemaniako koalizio hitzarmenaren puntuak

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Pandemia, ingurumena eta gutxieneko soldata dira itunaren gakoetako batzuk.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Albisteak (1)

SPDko sozialdemokratek, Berdeek eta FDPko liberalek osotutako koalizio gobernua abenduko bigarren astean jarriko da abian, hiru alderdi horiek onartutako hitzarmenarekin. "Aurrera egiten ausartu: Askatasuna, Justizia eta Jasangarritasuna" izeneko hitzarmenak 177 orrialde ditu. Besteak beste, pandemia, ingurumena, gutxiengo soldata, jubilazioak, oinarrizko errenta eta etxebizitza biltzen ditu bertan. 

Pandemia

Osasun Ministerioan diziplinarteko kontseilu zientifiko bat sortzea aurreikusten da, covid-19ak eragindako pandemiaren kontrako neurriak hobeto koordinatzeko. Laster kantziler izendatuko duten Olaf Schotz-ek ez du baztertzen osasun alorrean eta arrisku handiko beste sektore batzuetan txertoa nahitaez jarri behar izatea, eta gerora beste alor batzuetara zabaltzea. 

Ingurumena 

2030. urterako, elektrizitatearen % 80k energia iturri berriztagarrietatik sortutakoa beharko du izan, gure planetako tenperatura 1,5 ºC baino gehiago igo ez dadin. 

Koalizioak 2045ean jarri du neutraltasun klimatikoa lortzeko epemuga. Halaber, berretsi egin du zentral nuklear guztiak ixteko erabakia, eta ikatza energia iturri moduan 2030erako guztiz baztertzea bultzatuko du. 

Gutxieneko soldata 

Gutxieneko soldata egungo orduko 9,4 eurotik orduko 12 eurora igoko da: hau da, 35 lanorduko astea izanez gero, hilean 1.447 euroko soldata gordin irabazten duenak 1.847 euro irabaziko du aurrerantzean. Hau da % 27,6ko igoera izango du. 

Kontuan izan behar da Alemanian, minijobak direla eta, alemaniar askok ez dutela lanaldi osoko kontraturik. 

Erretiroak 

Gizarte Segurantzako kotizazioak ez dira % 20 baino gehiago igoko. Pentsioak ez dira murriztuko, eta erretiro adina ez da atzeratuko. 

Herritarrentzako laguntza 

Estatuko Gizarte Segurantzarekin, herritarrek oinarrizko laguntza bat jasoko dute, egun indarrean dagoen oinarrizko asegurua (Hartz IV) izan beharrean, duintasunez bizi ahal izatea bermatzeko. 

Etxebizitza 

Koalizioak 400.000 etxebizitza eraikiko ditu urtero, eta horietako 100.000 diru publikoarekin eraikiko dira. 

Alokairuen prezioen igoera gehiago mugatuko da merkatuaren presio handia jasaten duten eskualdeetan. Eskualde horietan, hiru urtean alokairuak ezingo dira % 11 baino gehiago igo (egun, % 15ean dago muga). Land edo eskualde bakoitzak erabakiko du zein zonalde diren presio handia jasaten ari direnak, eta bertan 2029ra arte luzatuko da alokairuen garestitzeari ezarritako muga hori. 

Energia berriztagarrien zerga 

Energia iturri berriztagarriei ezarrita zerga bertan behera geratuko da 2023ko urtarriletik aurrera. Argindar berdea elektrizitatearen prezioaren bitartez sustatuko da. 

Seme-alabengatiko laguntzak 

Gobernu berriak oinarrizko laguntza bat emango du seme eta alaba bakoitzeko, eta orain arteko laguntza guztiak bilduko ditu bertan. Seme-alabak dituen familia batek urtean 2.000 euroraino jaso ahalko ditu. Gainera, haurraren eskubideak konstituzioan ere jasoko dituzte. 

Boto-eskubidea 

Botoa emateko eskubidea 16 urtera jaitsiko da, eta konstituzioa erreformatu beharko da horretarako. Hala ere, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako ez da beharrezkoa erreforma hori. 

Marihuanaren legeztatzea 

Hitzarmenaren arabera, marihuanaren legeztatze partzial bat egingo da, modu kontrolatuan eta baldintza batzuk betez gero erabili ahal izateko. 

Transgeneroa 

Arlo honetan dagoen legedia indargabetu egingo da. Horren ordez, lege berri bat onartuko da, pertsona bakoitzaren erabakian oinarrituta. Erregistroen bulegoetan, prozedura bat egongo da, nahi duenak sexu-aldaketa eskatzeko aukera izan dezan, eta aldatzeko gogoa besterik ez du erakutsi beharko horretarako. 

Hiru alderdiek izenpetutako hitzarmenak sektore batzuen kritikak jaso ditu jada, nahikoa ez dela iritzita. Patronalaren buru Dainer Dulger-en ustez, esate baterako, hitzarmena norabide onean doa, baina ez da nahikoa digitalizazioak eta aldaketa demografikoek eta klimatikoek ekarri dituzten erronkei aurre egiteko. Hala ere, ontzat eman du zerga igoerarik ez egotea eta zor publikoari mugak ezartzea. Ezkerretik, berriz, errenta txikientzat zerga murrizketarik ez egotea kritikatu dute, hauteskunde kanpainan hori agindu arren. Finantza Ministerioa (boteretsuena) FDPko liberaren esku uztea ere kritikatu dute, hauteskundeetan boto guztien % 11,5 baino ez zituztelako lortu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena