10:03

albisteak

Iruzkina

Gertatutakoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Objektibotasuna eta gardentasuna inozoen eta tentelen erreinu bilakatu dira.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iragana ez da oraindik iritsi eta oraina etengabe aurrera doan amaierarik gabeko unea denez, zerbait kontatu behar dugunean derrigorrez atzera jo behar dugu, igarotako denboretara. Gertatutakoa kontatzen dugunean, edo pasatutakoa entzun arazten digutenean, hori eta ez beste zerbait dela egia pentsatu izan dugu beti. Gezurra beti izan da, baina azken garai ilun hauetan gero eta zailagoa zaigu benetakoa eta kontrakoa bereiztea. Gertatutakoa ez omen da bata bestearen atzetik joan diren gertakizunak eta ekintzak osatutakoa, bakoitzari iruditu zaiona baizik. Gehiena eztabaidagarria izanik, objektibotasuna eta gardentasuna inozoen eta tentelen erreinu bilakatu dira.

Aste honetan, orain dela 26 urte Bosnia-Herzegovinako Srebrenica hirian gertatutakoa izan dugu berriro gogoan, sarraski hura zuzendu zuen Ratko Mladic jeneralari jarritako zigorra dela eta. Srebrenican soldadu serbiarrek hiria hartu zuten Nazio Batuetako kasko urdinen babespean egon arren, haurrak eta emakumeak alde batean jarri eta 15 eta 75 urte arteko gizonezkoak autobusetan sartu eta nonbaitera eraman zituzten, zortzi mila ez dira gehiago inon azaldu. Hagako Nazioarteko Auzitegiak, urtetako ikerketen ondoren erabaki zuen hura gerra krimena izan zela eta Mladic jeneralari biziarteko kartzela zigorra ezarri zion horregatik.

Itxuraz hori da gertatutakoa. Serbiarrek ez zituzten gizatasunaren oinarrizko arauak, giza legeak bete, errendituta zeudenak epaiketarik gabe hil zituzten, batzuk torturatu eta emakume asko bortxatu. Nazio Batuetako kasko urdin holandarrek ez zuten kemenik izan agindu zitzaiena egiteko, ez zuten herritarrei emandako hitza bete. Soldadu hauen arduradun nagusia zen Karremans koronelaren irudi lotsagarriak daude oraindik gaur egun sarean, Mladic jeneralarekin topa egiten Srebrenican, hiria serbiarren esku utzi ondoren.

Hura gertatu eta handik 26 urtera serbiar askok eta askok diote Srebrenican, Mladicen soldaduek ez zutela egin gerratan egiten ez den aparteko ezer, hildakoak ez zirela genozidioaren biktimak, gerra bajak baizik, eta bosniarrek hildakoen kopuruak puztu dituztela. Maldicen bekatu bakarra bere herria maitatu eta herritarrak babestea izan zela. Hiria defenditzeko gai izan ez ziren kasko urdinek diote aldiz, ez zitzaiela agindutako laguntza bidali eta ez zutela nahiko indar serbiarrei aurre egiteko. Bosniarrek beti leporatu diete ezer ez egin izana triskantza hura saihesteko, eta gertatu ez zedin zeuzkaten tresnak eta baliabideak ez erabili izana.

Gaur egun, gezurrak eta gertatu ez direnak egi gisa aurkezteko "kontaketa" deitu duguna erabiltzen dugu, hau da nik nahi dudana gertatu da, zuk aurkakoa egiaztatu arren.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena