Aita santua aukeraketa 2013: Jorge Mario Bergoglio, Frantzizko aita santua | EITB Aita santua aukeraketa
Frantzisko aita santua
'Habemus papam'
Erredakzioa
EITB
76 urteko jesuita eta Buenos Aireseko artzapezpikua da, eta Latinoamerikako lehen aita santua. 2005eko konklabean bigarren izan zen, Benedikto XVI.aren atzean.
Bideoak (3)
Habemus papam. Jorge Mario Bergoglio Eliza katolikoaren 266. aita santua da dagoeneko. Latinoamerikako aurreneko pontifizea da, eta baita historiako lehen jesuita ere. Frantzisko deitzea aukeratu du.
2013ko martxoaren 13ko 19:00ak aldera Kapera Sixtinoko tximiniatik ke zuria atera da. Bi aldiz ke beltza bota eta gero, hirugarren kea zuria izan da, konklabean. Bergoglio aita santua bosgarren bozketan aukeratu dute.
San Petri plazan alaitasuna nagusi izan da. Jendetzak hirugarren kearen kolorea itxaron du euripean, eta ke zuria ikusi eta gero, plaza lepo bete da. Jarraitzaileek ordubete itxaron behar izan dute aita santu berria ezagutzeko.
Bien bitartean, kardinalek erritua hasi dute. Aukeratu eta gero aita santu berria Kaperako sakristiara, "Malkoen Gelara", eraman dute. Bertan tamaina ezberdineko hiru sotana prest zituen. Zuriz jantzita pontifizea Kapera Sixtinora itzuli da kardinalen txalo artean.
20.00ak aldera munduak aita santu berria ezagutu du. Jean Louis Tauran kardinalak aita santu berriaren izena jakinarazi du: JORGE MARIO BERGOGLIO, Frantzisko. Aita santu berria balkoira atera denean algarak plaza hartu du. Zuriz jantzita eta gurutze soil bat zintzilik zuela balkoira atera da.
Frantziskok Benedikto XVI.a gogorarazi du eta aita santu emerituarengatik otoitz egitea eskatu du.
"Nire anaiak, kardinalak, ia munduaren amaierara joan direla ematen du", adierazi du Jorge Mario Bergogliok konklabea azaltzeko. Erromarentzat eta munduarentzat bedeinkapena eman baino lehen, "gotzainak bere herriari" otoitz egitea eskatu dio. Hitzaldian, gotzainak eta herriak "maitasun, konfiantza eta anaitasun bide bat" elkarrekin hasi dutela azpimarratu du Frantzisko aita santuak.
"Laster elkar ikusiko dugu, gabon" batekin agur esan die fededunei aita santuak.
Frantziskok Santa Martako etxean lo egingo du. Bertan zenbait aste emango ditu, aita santuarentzat prestatutako suite batean.
Agintaldiari hasiera emateko aurreneko meza, martxoaren 19an
Frantziskoren agintaldiari hasiera emango dion meza martxoaren 19an, San Jose Elizaren zaindariaren egunean, ospatuko da, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Aita santu berriak Benedikto XVI.arekin telefonoz hitz egin du dagoeneko, Lombardik azaldu duenez.
Frantziskok lehen meza ostegun honetan emango du Kapera Sixtinoan, kardinal guztiekin batera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa