15:36

Fagor

Txema Gisasolaren ordezkoa

Javier Sotil, Mondragon Taldearen presidente berria

Erredakzioa

“Espiritu kooperatiboa berreskuratzearen” aldeko apustua egin du Sotilek; izan ere, hori “sorreratik taldearen” ezaugarri izan da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mondragon Kongresu Kooperatiboko Batzorde Iraunkorrak Javier Sotil izendatzea erabaki du Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria izateko. Urtarrilean eman zuen Txema Gisasolak dimisioa.

Korporazioko industrial arloko presidenteordea da Sotil eta Gisasolak dimisioa aurkeztu zuenetik Mondragon Taldea zuzendu duen kudeaketa batzordeko kide izan da.

Datorren abenduaren 15ean Mondragon Taldeak egingo duen kongresuan berretsiko dute Sotilen izendapena.

Sotilen izendapenarekin amaitutzat eman da  Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorraren lana. Sotilek eta ondorengoek osatzen zuten batzorde hori: Laboral Kutxako Txomin Garcia, Eroskiko Agustin Markaida eta Xabier Mutuberria zuzendariak.

“Espiritu kooperatiboa berreskuratzearen” aldeko apustua egin du Sotilek; izan ere, hori “sorreratik taldearen” ezaugarri izan da. Gainera, etorkizuna “askoz hobea izateko” tresnarik onena izango dela nabarmendu du.

Mondragonen bizi izandako zalantza garaia gainditzeko “militantzia handiagoa” defendatu du Sotilek. “Balio kooperatiboetan fede handiagoa”, aldarrikatu du. “Lortzen baldin badugu, datozen urteak askoz hobeak izango dira, ez dut batere zalantzarik”, erantsi du.

“Etorkizuneko Mondragon” proiektua

Kargu berrian egokitu zaion lehen mugarria izango da organo korporatiboek azken hilabeteetan egin den eta “Etorkizuneko Mondragon” proiektuarekin burutu den hausnarketa 2014ko Kongresuan aurkeztea. Abenduaren 15ean izango da hori.

Presidente berriak hausnarketa eta etorkizunari begira dauden oinarrizko lan ildoak azalduko ditu.

Urtarrilean ireki zen hausnarketa prozesua, Txema Gisasolak Mondragon Taldeko presidenteak dimisioa aurkeztu ondoren. Fagor Etxetresnaken porrotaren ondoren aurkeztu zuen Gisasolak dimisioa.

Fagor Etxetresnaken krisiak zauri handiak ireki zituen Mondragon Taldean. Hasiera batean, presidente berria hilabete gutxiren buruan izendatuko zela uste arren, prozesua 11 hilabetez luzatu da azkenik.

Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen Sotil 1951an eta ilusio handiz agertu da erronkaren aurrean. “Uste dut oso erronka anbiziotsua eta erakargarria dela, hau da, Mondragon eraldatzea, oraingo eta etorkizuneko agertokiaren desafioei egokiago erantzuteko”, esan du.

“Ohartuta nago egoera globala zalantzaz betea dagoela, eta horrek arazoak eragiten dituela gure kooperatiben negozioetarako”, adierazi du, “baina erabateko konfiantza daukat gure pertsonen taldearengan, gure proiektuan, eta gure eredu kooperatiboaren onura lehiakorretan”, gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena