Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
Sail Ofiziala
Mikel Dominguez | Agencias | EITB Media
Zinegile kataluniarrak "Tardes de soledad" dokumentala aurkeztu du Sail Ofizialean. Andres Roca toreatzailearen zezenketak gertutik erakusten ditu. Pacmak pelikula kentzeko eskatu dio Donostiako Zinemaldiari.
Albert Serra, Zinemaldiko "photocall"-ean. Argazkia: EFE
Albert Serrak Tardes de soledad defendatu du prentsaurrekoan, Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztutako tauromakiari buruzko filma: "nahikoa zintzoa" da eta "erretratu nahikoa konplexu eta aberatsa" egiten du, edonork ikus dezan.
Filmak Andres Roca Reyren hainbat zezenketa erakusten ditu Bilboko, Madrilgo, Sevillako eta Santanderreko plazetan, baita aurreko uneak ere, hotelean, eta ostekoak, autobusean, toreatzaile perutarraren talde osoa elkartuta dagoela.
Tauromakiaren erritualarekiko interesetik, Serrak irudien edertasuna bilatzen du, toreatzailea eta zezena protagonista bakartzat dituzten plano itxiekin, ikuslerik gabe, eta soinua azpimarratzen du, ikus-entzunezkoetan zezen-plazatik inoiz entzun gabeko elkarrizketak erakutsita.
Tauromakia eta animalien tortura eta heriotza "erromantizatzea" leporatu dio Pacmak Serrari. Zuzendariak azpimarratu duenez, tauromakiak "liluratu" egiten du, eta pelikulak bere burua kokatzen duela esan du, "nolabaiteko" estimua "eta" lilura" nabaritzen baitzaio diziplina artistikoarekiko eta toreatzaile protagonistarekiko.
Serraren asmoa jendeak ikustea da. Diziplinaren alde ala kontra dagoen galdetuta, esan du filma ez dagoela "inongo kausaren zerbitzura, zinemaren zerbitzura baizik". "Jendeak esaten duenaz pentsatzen egongo banintz, ez nuke ezer egingo. Pelikula bat da eta ez du beste gogoetarik; ez nuen izan nire beste pelikuletan, ez naiz orain hasiko", gaineratu du.
Serraren ustez, "erridikulua da artelanetan fijatzea gai bat ukitzen dutelako bakarrik: koadroak gerrari buruzko gaiez beteta daude, zergatik ez dituzte debekatzen?, edo museoetan erretratatuta dagoen jende gaiztoa zergatik ez dute kentzen?".
"Ez du zentzurik, artelana hortxe dago bere buruaren lekuko izateko, ez beste ezeren lekuko izateko. Ez diot garrantzirik ikusten, objektu bereizia da", azpimarratu du.
Tardes de soledad.
Filmatzeko moduari dagokionez, Serrak azaldu du kamerek "irudirik onenak, politenak" hartu zituztela, baina muntaketa prozesura arte ez zirela gertatzen "gogoeta estetikoak".
Prozesu hori "modu arraroan" hasten da, baina dena determinatuta: gustuko irudiak aukeratzen ditu, "oso azkar eta oso arbitrarioki", "zergatik" jakin gabe.
Onartu duenez, "heriotzaren prozesu geldoaren" estetika gustatzen zaio. Pelikulan zehar oso presente dago. Izan ere, zenbait zezen ez ditu guztiz hiltzen, eta zinegileak haien agonia erakusten du, plazan.
"Ikusten da bizitzak abandonatu egiten dituela, une berezi batean, animaliak ez duelako hilko den kontzientziarik, ez dakielako zer den heriotza, eta bizitzak poliki-poliki uzten duen prozesu geldo hori poetikoa iruditzen zitzaidan".
Serraren ustez, muntaiaren azken aukeraketa "beti da aukera estetikoa, poetikoa; uste duzu une horretan hori ondo geratzen dela eta agian kontrapuntu serioagoa, transzendenteagoa eta are bortitzagoa ematen duela, beharrezkoa, eta filmaren jario hipnotikoaren parte da, baita, zergatik ez, filmaren gaia ere: bizitza eta heriotza".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa