Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020

Zinemaldia

22:08

Zinemaldia

70. edizioa

"Los reyes del mundo" film kolonbiarrak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Natxo Velez | EITB Media

Epaimahaiak sari berezia eman dio "Runner" pelikulari, eta zuzendari onenaren Maskorra Genki Kawamurarentzat izan da "A hundred flowers" pelikulagatik. Euskal Zinemaren Irizar saria "Suro"k irabazi du, eta "A los libros y a las mujeres canto"k aipamen berezia jaso du atal horretan.

4:01
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Los reyes del mundo kolonbiarrak, Laura Mora (Medellin, 1981) zuzendariaren bigarren film luzeak, irabazi du gaur, larunbatarekin, Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioko Urrezko Maskorra, film onenaren saria.

Matias Mosteirin argentinar ekoizlea buru izan duen epaimahaiari gehien gustatu zaion filmak Medellingo kaleko bost mutikoren, Ra, Culebro, Sere, Winny eta Nanoren, istorioa du kontagai: lur hobe baterako bidaia abiatuko dute halako batean, "ezerezerako bidaia bat, denetarik izango duena".

"Espero dut honek balio izatea elkarrizketa bat sortzeko eta mundu bidezkoago batean pentsatzeko. Ertzetan dago edertasun guztia, eta mutiko hauek erakutsi didate desobedientzia beharrezkoa dela eta bizitza beti ospatu behar dela, horren mundu zailean", esan du Morak saria jasotzeko orduan. 

Epaimaiak, halaber, aipamen berezia egin dio Runner Marian Mathias estatubatuarraren pelikulari. AEBetako paisaia zabalean bat egiten duten bi gazte ezezagunen istorioa da.

Interpretazioa

Interpretazioaren atalari dagokionez, iaztik egiten duen bezala, Zinemaldiak ez du generoen arteko bereizketarik egin, baina oraingoan interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra gizon-emakume bik irabazi dute ex aequo, gazteak biak ere: Carla Quilez (La maternal) eta Paul Kricher (Le lycéen).

Antzeztaldeko interpretazio onenaren atalean, saria Renata Lerman gazteak eraman du El suplente Diego Lerman aitak zuzendutako filmean egin duen lanari esker.

Asiar zinema

Zuzendaritzaren eta gidoiaren ataletan, sariak asiar zinemaren bi ordezkarik bereganatu dituzte: Genki Kawamura zinemagileak zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra A hundred flowers filmagatik, eta Wang Chaok eta Dong Yun Zhouk gidoiaren onenarena saria A woman Chaok berak zuzendu duen filmagatik.

Genki Kawamura, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorraren irabazlea (Efe)

Genki Kawamura, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorraren irabazlea (Efe)

Epaimahai ofizialak emandako sari errenkada amaitzeko, argazkilaritza onenaren saria Manuel Abramovichek eraman du Pornomelancolía berak zuzendutako filmean egindako lanagatik.

Euskal Zinemaren Irizar saria

Sail Ofizialean bi filmek, La cosagración de la primaverak eta Surok ordezkatu duten arren, euskal zinema esku hutsik joan da Zinemaldiko sail nagusitik.

Nolanahi den, Suro Mikel Gurrea donostiarraren lehen film luze zirraragarriak, zeinak EITBren parte-hartzea baitu, Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi du, eta sail horretako epaimahaiak aipamen berezia eman dio "A los libros y a las mujeres canto" Maria Elorzaren pelikulari.

Surok, gainera, nazioarteko kritikariek ematen duten Fipresci saria jaso du, baita Euskal Gidoigileen Elkartearena ere, Gurreak berak Francisco Kosterlitzekin batera egindako lanari zor.

Beste sailak

Zabaltegi Tabakalera ikus-entzunezko joera berriak biltzen dituen atalean, Godland Hlynur Palmasonen filma izan da nagusi. Tengo sueños eléctricos Valentina Maruelen filmak irabazi du saria Horizontes Latinos sailean, eta New Directorseko irabazlea Fifi Jeanne Aslan eta Paul Saintillanen pelikula izan da.

Gala bukatutakoan, bertaratutakoek Marlowe Neil Jordanek zuzendutako filma ikusi dute, zuzendariak berak Liam Neeson eta Diane Kruger protagonistekin batera pelikula aurkeztu eta gero.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena