Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Zumaiar aktorea da “La consagración de la primavera” Fernando Franco andaluziar zuzendariak Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu duen pelikularen protagonistetako bat. Berarekin hitz egin dugu.
Albisteak (1)
2013an La herida filmarekin Epaimahaiaren Sari Berezia eta Emakumezko Aktore Berri onenaren Zilarrezko Maskorra (Marian Alvarez) irabazi eta gero, Fernando Franco zuzendaria (Sevilla, 1976) Zinemaldiko Sail Ofizialera bueltan da, oraingoan La consagración de la primavera filmarekin, zeina Kowalski Films Oarsoaldeko etxeak ekoitzi baitu eta Telmo Irureta (Zumaia, 1989) aktorearen parte-hartzea baitu, Maite Arroitajauregi Mursegoren musikaz gain.
David da Telmo Irureta filmean, garun paralisia duen eta amarekin (Emma Suarez) bizi den gazte bat. Halako batean, Laura (Valèria Sorolla Interpretazio Nagusi onenaren Zilarrezko Maskorrerako faborito berehalakoa) ezagutuko dute, eta neska gazte horren atzetik orpoz orpo ibiliko da ikuslea 110 minutuan, bere bizipenen, zalantzen, bulkaden eta ekintzen lekuko pribilegiatu. Kamerak gertu-gertutik jarraitzen dio protagonistaren ibilbide fisiko, emozional eta intelektualari, Laura mundu errealetik babesten duen mintz ahulaz honaindi, kameraren efektu batez kanpoaldea lausotu eta, hartara, arrozten duela, protagonistak sentitzen dituen zaurgarritasuna eta bortxaz ezarritako banakotasuna areagotzeko.
Valeria Sorolla ('La consagración de la primavera')
EITBren parte-hartzea duen filmak gurasokeriarik gabe eta begirada dotorez (diskotekako sekuentzia durduzagarria, isiluneak…) jorratzen ditu, Iruretak gorpuzten duen pertsonaiaren ironiak blaituta, urritasunen bat duten pertsonen sexu harremanak, komunitatearen beharra, etxetik mundurako jauzia eta nortasuna eraikitzeko bidegurutzeak.
Guk Telmo Iruretarekin hitz egin dugu, uda hondarreko goiz batez, La consagración de la primavera filmari buruz.
Zelan jaso zenuen La consagración de la primavera proiektuaren berri, eta noiz murgildu zinen filmean?
Bide bat baino gehiagotik iritsi zitzaidan informazio edo abisu bera: "garuneko paralisia duen 20 eta 35 urte arteko gizon baten bila ari gara". Film luze baterako zen, eta nire lagun eta ezagunak nitaz gogoratu ziren hori irakurrita.
Ez nuen bitan pentsatu: bai ala bai aurkeztuko nintzen castingera. Handik gutxira, Elisabeth Aranarekin, nire ordezkariarekin, kontaktatu nuen, eta asko lagundu dit, elkarrekin eman dugu pauso bakoitza.
Filmean murgiltzen nintzela grabaketen aurretik egin genituen entsegu eta probetan sentitu nuen.
Zerk erakarri zintuen gehien proiektuaren berri jaso zenuenean?
Zerbait berria zen niretzat, eta serioa, fundamentuzkoa. Gainera, minusbaliotasunari eskaintzen zaion begirada hasieratik gustatu zitzaidan. Baina pertsonaiak behar ninduela ikustea izan zen motibagarriena.
Valeria Sorolla eta Telmo Irureta ('La cosagración de la primavera'). Argazkia: David Herranz.
Zelakoa izan da David eraikitzeko prozesua? Zenbat etorri da Fernando Francok eta Begoña Arosteguik aurrez idatzita eta nora artekoa izan da zure ekarria? Davidek zuregan ohikoak diren ironia eta umore garratza darabiltza, esaterako; horregatik diot.
Antz handia dugu, bai. Gehiena idatzita zegoen, baina; nik ez dut askorik gehitu. Aldaketatxo batzuk egon dira, Daviden errealitatea neurera ekartzean, baina bere izaera mantendu egin da.
Erraza egin zait. Ni izaten jarraitzea bezalakoa izan da.
Valeria Sorolla kataluniarra da filmaren protagonista, eta lan izugarria egiten du gainera. Zurekiko eszenetan, elkar-ulertze handia igartzen da. Nolakoa izan da berarekin lan egitea?
Oso polita eta goxoa. Sorolla eta ni oso ezberdinak gara, baina gure artekoak funtzionatu egin du.
Neska atsegina da benetan, beti laguntzeko prest. Zorte handia izan dut berarekin.
Nola bizi izan duzu sexu eszenak filmatzeko unea? Lotsa berezirik izan duzu? Nola landu dituzue?
Lotsa? Zer da hori? Kar-kar. Egia da arreta berezia eskaini diegula momentu horiei, baina beste kontzentrazio maila bat behar delako horrelakoetan.
Intimitate-koordinatzaile bat ere izan dugu bidelagun, Maitane. Euskalduna eta oso jatorra.
Valeria Sorolla, Telmo Irureta eta Emma Suarez. Argazkia: David Herranz.
Emma Suarezekin ere lan egin duzu filmean, zure amarena egiten baitu. Nola konpondu zara halako aktore handi batekin lanean?
Primeran, aktore handia izateaz gain, pertsona zoragarria delako.
"Sexberdinak" Kepa Errastirekin batera idatzi eta Aitziber Garmendiarekin interpretatzen zenuen lanean ere jorratu zenuten dibertsitate funtzionala dutenen sexualitatea. Zer erantzun jaso zenuen gai horretan murgildu zen publikoaren aldetik?
Ez dezagun oraindik iraganean hitz egin honi buruz: "interpretatzen nuen" ez, "interpretatzen dut"; "jorratu genuen" eta "jorratzen dugu". Bira ez da bukatu, eta irailaren 17tik aurrera herriz herri ibiliko gara berriro.
Publikoak eskertzen du hain gai ezezagun baten inguruan eta hain egiazkoak diren sentimenduez aritzea eszenatokian. Emanaldien ostean, jendea hunkituta hurbiltzen zaigu.
Zelan laguntzen du fikzioak arazo errealak bistarazten?
Pasada bat da. Zenbat ikasi daitekeen!
Pelikula ikusi berri duen pertsona baten buru-bihotzetan zer sentimendu eta hausnarketa ibiltzea gustatuko litzaizuke?
"Sentitu" eta "hausnartu"… Hori egiten badute, ni pozik. Bakoitzak bere erara jasoko du kontatzen dena, baina denei piztuko zaie unetxoren batean zerbait barruan.
Zer da euskal aktore batentzat bere lehen film luzearekin Donostiako Sail Ofizialean egotea? Zer harreman duzu Zinemaldiarekin?
Sail Ofiziala, a ze subidoia! Opari bat. Behin joan nintzen Zinemaldira, baina orduan ez nengoen ni pantailan.
Aurtengoa modu interesgarriagoan biziko dut, eta topera gozatu nahi dut.
Baduzu beste proiekturik esku artean? Zer nolako roli heltzea gustatuko litzaizuke?
Proiektu berririk ez oraingoz, baina sortuko dira.
Ni, hurrengoan ere elbarriarena egiteko prest, kar-kar.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa