Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020

Zinemaldia

10:29

Zinemaldia

Zinemira saila

Lara Izagirre: "Arruntasunaren edertasuna du abiapuntu 'Nora'k"

Natxo Velez | eitb.eus

Bizkaitar zuzendariak bere bigarren film luzea, “Nora” road movie-a, aurkeztu du Donostiako Zinemaldian, Zinemira saila inauguratzeko.

  • Lara Izagirre

    Lara Izagirre zuzendariaren bigarren film luzea da "Nora"

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donostiako Zinemaldira, Un otoño sin Berlín bere lehen filma estreinatu zuen toki berera (aipamen berezia jaso zuen orduan), itzuli da Lara Izagirre (Zornotza, 1985) Nora bere bigarren filma estreinatzeko. Berak aukeratu ez dituen gauzek estututa gainez egin duen eta bere buruaren bila bidaia bat abiatu duen 30 urteko emakume baten istorioa kontatzen du film soil eta baikorrak, Ane Pikaza aktorea protagonista duela.

Norak road trip argitsu bat abiatuko du euskal kostaldean zehar, aitona (Hector Alterio aktore handia) hildakoan, horren errautsak amonarenekin batu eta, bide batez, bere buruarekin eskuzabal jokatu eta, eguneroko zamak uxatuta, zoriontsu eta aske izateko ahalegina aitortzeko behingoz.

Izagirrerekin hitz egin dugu, askatasunaz, zaintzaz, beldurrez, ausardiaz, zoriontasunaz eta galeraz diharduen komedia dramatiko honi buruz.

Ane Pikaza aktorea da Nora Lara Izagirreren filmean

Nora filmak adar asko zabaltzen ditu. Zer sentimendu edo asmo dago istorio hau idazteko bulkadaren erroetan?

Idazteko izan nuen bulkadaren atzean emozio askoren zipriztinak daude. Alde batetik, gure aitite-amamentzako omenaldia izan nahi du filmak. Bestalde, emakume arrunta erdigunean jarri nahi nuen eta bere egunerokotasuna jorratu, arruntasunaren edertasuna abiapuntutzat hartuz. Gauzak lehenengoz egiteak sortzen duen zirraraz hitz egin nahi nuen, eta aske izateko geure burua maitatzeko dugun beharraz.

Ane Pikaza aktorearen lana funtsezkoa da Nora-n, filmaren gidari nagusia da. Zergatik aukeratu zenuten bera?

Hasieratik nekien filmaren giltza emakumezko aktore batek izango zuela. Ane Pikazak Norak behar zuen energia zeukala ikusi nuen, castinga egiten sartu zen momentutik. Anek komedia eta dramaren arteko marra fin horretan modu organikoan ibiltzeko gaitasuna du: barregarria da batzuetan, baina emozionatu egiten gaitu.

Pertsonaiak behar zituen ezaugarri guztiak zituen Anek, eta, gainera, aparteko aktorea da. Hortaz, ez zen aukeraketa zaila izan.

Ane Pikaza aktorea eta Lara Izagirre zuzendaria

Nola egin duzu lan berarekin proiektura batu zenetik?

Oso prozesu ederra izan da. Filma grabatu baino urtebete lehenago aukeratu nuen Ane, eta berarekin egin dut filma idazteko bide osoa, berarekin aukeratu ditut beste aktore guztiak… Anek eta biok eraiki dugu Nora, oso ondo ezagutzen dugun laguna bihurtu da pertsonaia.

Edozein lekutan utziko bagenu, badakigu zer egingo lukeen Norak, nola jokatuko lukeen eta zer esango lukeen.

Ez da kasualitatea izango Nora ilustratzailea izatea, esaterako…

Ane aukeratu eta gero bihurtu zen Nora ilustratzaile. Norak bidaia koadernoak idazten zituen, hori bai, baina ilustratzaile bihurtzeko azken urratsa Aneren talentua probesteko eta pertsonaia marrazkiaren bidez deskubritzeko egin genuen.

Ederra izan zen Noraren marrazteko modua ezagutzea, Ane Pikazaren bidetik urrunduz.

Aktore gazteekin eta, berbarako, Ramon Barea, Loli Astoreka, Klara Badiola eta Hector Alterio beteranoekin lan egin duzu filmatzean. Zer eman dizu aniztasun horrek?

Aniztasunak kolorea eman dio filmari, itzal desberdinak, doinu desberdinak… Honetaz gain, Catherine Domain bidaiari ospetsuak eta IZARO abeslariak ere hartu dute parte filmean.

Adin eta jatorri desberdinetako aktoreak, ez-aktoreak, animaliak, umeak eta agureak modu organikoan ikusiko ditugu Nora-n. Nik uste dut ederra dela.

Nolakoa izan da beraien arteko harremana?

Aktoreen zati handi bat nire adin ingurukoak izan dira, lagunartekoa bezalako harremana egin dugu, oso komunikazio ona izan dugu eta askatasunez parte hartu dute pertsonaien sorreran. Beraien artean ere oso ondo moldatu dira.

Ramón, Loli eta Klara, aldiz, nire gurasoen adinekoak dira eta beraiekin lan egiteko modua desberdina izan da. Beraien esperientziak lasaitasuna eman digu, eta oso eskuzabalak izan direla iruditzen zait. Ane bereziki zaindu dute; lagunak ziren filma egin baino lehenagotik eta polita izan da babes hori ikustea. Denak zeuden prest Aneren lana hobetzen laguntzeko.

Héctor Alterio, ordea, nire amamaren adinekoa da eta izugarri miresten dudan aktorea da. Anek eta Hectorrek oso kimika ona izan dute, eta gertu-gertuko harremana izan dute prozesu osoan zehar.

Hector Alterio eta Ane Pikaza

Drama komediaz ugari zipriztinduta ageri da istorioan. Nola landu duzu oreka hori?

Niretzat bizitza drama komikoa da. Beti dago irribarrerako aukera, egoera tristeenetan ere bai, eta negar anpuluak gutxien espero ditugunean ateratzen dira. Bizitza irudikatzen saiatu naiz, eta oreka berez etorri da.

Zer helbururekin erabili duzu umorea?

Umorea arnasa hartzeko aukera da, bai bizitzan eta bai zineman. Nora-n ere helburu horrekin erabili dut, ikusleari arnasteko eta filmean aurrera egiteko aukera emateko.

Krisi pertsonal bat jorratuagatik, bizinahia dario filmari. Nolako ikusleengana zuzenduta dago?

Niretzat oso garrantzitsua da filma publiko zabal batera heltzea, ez dut bereziki ikusle batzuengan pentsatu. Ikusle arruntarentzat egiten ditut filmak, nire herriko zine aretoa betetzen duten emakume nagusientzat, nire lagunentzat, nire familiarentzat…

Proiekzioa amaitutakoan, ikuslearen buru-bihotzetan zer ibiltzea nahiko zenuke?

Ikusleek ematen diotela zentzua filmari. Proiekzioa amaitutakoan beraien buru-bihotzak zerbaitetan badabiltza, nahikoa izango da. Filmak ikusleengan zerbait, edozein emozio, pizten badu, helburua lortutzat emango dugu.

2015ean Zinemaldian bertan estreinatu zenuen Un otoño sin Berlín zure lehen filma. Zer oroitzapen dituzu?

Oso garrantzitsua izan zen 2015eko aurkezpen hura. Ederra, hunkigarria, ahaztezina… Ez nuen horrelakorik espero, eta dena izan zen berria niretzat. Victoria Eugenian aurkeztea ametsa izan zen.

Nola bizi izaten duzu Zinemaldia?

Urtearen arabera, oso desberdina izaten da. Askotan lan batzar mugagabeak izaten ditugu. Beste batzuetan, ikusle bezala gozatu izan dut. Aurten, 2015ean bezala, beste era batera biziko dut. Urte berezia izango da hau, duda barik.

Aurten, gainera, Ya no duermo (Marina Palacio) zure ekoiztetxeak bultzatutako film laburra ere Zabaltegi Tabakalera sailean ari da lehian. Zer kontatu ahal diguzu lan honetaz?

Marinaren filma opari bat izan da ekoiztetxearentzat. Benetan ederra, sotila, fina eta delikatua den filma egin du zuzendariak. Familian egindako banpiro pelikula izanik maila oso profesionalera eraman du proiektua eta Zabaltegi Tabakaleran aukeratu izanak pozez betetzen gaitu. Euskal zuzendari berri hau deskubritu behar duzue!


Urriaren 9an iritsiko da Nora zinema aretoetara

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena