Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020

Zinemaldia

11:12

Zinemaldia

Irailaren 22tik 30era

Joseph Losey zuzendariaren atzera begirako zikloa, Zinemaldian

eitb.eus

60ko hamarkadan arte eta entsegu zinemaren ordezkari nagusia izan zen Ingalaterran ezarritako estatubatuar zinemagilea. Haren lana Donostiako 65. Zinemaldian ikusi ahalko da, irailaren 22tik 30era.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joseph Losey besteak beste The Servant (1963), King and Country (1964), Accident (1967) eta The Go-Between (1971) filmen egilea omenduko du Donostiako Zinemaldiak, irailaren 22tik 30era egingo duten 65. edizioan.

Europako zinemaren ordezkari nagusietakoa bihurtu aurretik, Loseyk eragozpenak izan zituen bere jaioterrian, AEBn, 1947tik aurrera Hollywooden Joseph McCarthy senatariak hasitako “sorgin ehizaren” biktima izan baitzen, beste profesional asko bezala.

Loseyren obra hiru garaitan banatu ohi da. Lehendabizikoa 50eko hamarkadaren hasierara arte luzatzen da, eta AEBetako zinemagintzari lotuta dago. Bigarrena, berriz, Ingalaterran garatu zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetan. Azkenik, etapa ibiltariago bat izan zuen Loseyk, Italiako, Frantziako eta Espainiako produkzioetan lan egitera eraman zuena.

Losey 1909an jaio zen, Wisconsin estatuko La Crosse hirian, eta kazetaritza idatzian zein irratigintzan jardun zuen gaztetan; gero, antzerkigintzara bideratu zuen bere ibilbidea. Politikoki, ezkertiartzat jotzen zuen bere burua Loseyk, eta Bertold Brecht antzerkigile alemaniarrarekin aritu zen, esaterako. 30eko hamarkadaren amaiera aldera, Losey film laburrak zuzentzen hasi zen Metro Goldwyn Mayer etxearentzat, eta 1948an bere lehen film luzea zuzentzeko aukera izan zuen, The Boy with Green Hair, gerraren, totalitarismoaren eta ezberdintasunaren aurreko intrantsigentziaren aurkako alegoria bat.

Egile konprometitua

Kostu baxuko eta osagai sozial argiko hainbat lan egiteko aukera izan zuen jarraian; adibidez, The Lawless (1950), The Prowler (1951) eta The Big Night (1951), hirurak Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordeak errepresaliatutako gidoilariek (Daniel Mainwaring, Dalton Trumbo eta Ring Lardner Jr.) idatziak.

Amerikaren Aurkako Ekintzen Batzordearen aurrean deklaratzeko deia jaso zuenean, Italian zen Losey, Imbarco a mezzanotte (Stranger on the Prowl) (1952) lana filmatzen. Sorterrira ez itzultzea eta Ingalaterran bizitzen geratzea erabaki zuen.

70eko hamarkadaren erdialdera bitartean, Loseyk bi lan mota oso ezberdin uztartu zituen: gizonen eta erakundeen arteko botere-harremanez hausnartzeko aukera eman zioten sinboloz betetako film oso pertsonalak (ispilu-irudien erabilera bereziarekin), eta garaiko izar handiekin egindako film komertzialagoak, literatura-lan oso ezagun eta prestigiotsuetan oinarritutakoak.

Lehen talde horretakoak dira The Servant, Loseyren obra ondoen definitzen duen filma; Accident Cannesko Zinema Jaialdian Epaimahairen Sari Nagusia jaso zuen filma; The Go-Between Urrezko Palmaren irabazlea; eta King and Country gerraren aurkako alegatua.

Bigarren taldean, berriz, honako lan hauek sar daitezke: Eve Jeanne Moreauk antzeztua; Modesty Blaise espioitza komiki baten bertsio ikonoklasta; Boom Elizabeth Taylorrek eta Richard Burtonek antzeztua; Secret Ceremony Elizabeth Taylorrek berak, Robert Mitchumek eta Mia Farrowk antzeztutako drama psikologiko klaustrofobikoa; eta A Romantic Englishwoman Glenda Jackson, Michael Caine eta Helmut Bergerrek antzeztutakoa.

Losey Donostian lehiatu zen Figures in a Landscape filmarekin, eta kutsu politiko gardeneko filmak ere egin zituen bere ibilbidean; The Assassination of Trotsky, Les routes du sud...

Frankismoaren aurkakoa

Loseyk harreman zaila izan zuen beti Donostiako Zinemaldiarekin, erregimen frankistaren eraginez. Figures in a Landscape lanaz gain, The Sleeping Tiger, Boom eta The Go-Between filmak ere aurkeztu ziren Donostian. Horrez gain, The Romantic Englishwoman filma ere Donostian lehiatzeko aukeratu zuten, baina zuzendariak eta Glenda Jackson aktoreak Zinemaldira ez etortzea erabaki zuten, Francok sinatu berri zituen heriotza zigorren aurkako protesta gisa.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena