03:58

Zinema

38. edizioa

Euskal zinemak eutsi egin dio "La sociedad de la nieve"ren elausoari

Natxo Velez | EITB Media

Juan Antonio Bayonaren filmaren nagusitasun erabatekoaz haratago (12 Goya sari irabazi ditu "La sociedad de la nieve"k), euskal ordezkariek zortzi sari bildu dituzte aurtengo galan; "20.000 especies de abejas"en hirurak eta "Robot dreams"en biak tartean.

  • Ane Gabaraini Sofia Oterok eman dio antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria. Argazkia: Efe.

    Ane Gabaraini Sofia Oterok eman dio antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

La sociedad de la nieve Juan Antonio Bayonak zuzendutako pelikula izan da, zalantzarik gabe, jaun eta gabe Goya sarien 38. edizioan: 12 garaikur beretu ditu Espainiako Zinema Akademiaren galan (film onenarena eta zuzendari onenarena, besteak beste).

1972an Andeetan izandako hegazkin istripu bat eta talkatik bizirik irten zirenek nola biziraun zuten du kontagai Netflix etxeak ekoitzi duen pelikulak.

Euskal zinemak, bestalde, zortzi sari lortu ditu: hiru (jatorrizko gidoi eta zuzendari berri onenenak Estibaliz Urresolarentzat eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena Ane Gabarainentzat) 20.000 especies de abejasentzat izan dira, bi (animaziozko film onena eta gidoi egokitu onena) Robot dreamsentzat, eta bat Cerrar los ojosentzat (antzeztaldeko gizonezko aktore onena Jose Coronadorentzat), To bird or not to birdentzat (animaziozko film labur onena) eta O cornorentzat (emakumezko aktore berri onena, Janet Novasentzat).

Haizea alde zuela hasi du euskal ordezkaritzak gaua: galako lehen saria Cerrar los ojos Victor Erice maisuaren pelikularentzat izan da; Jose Coronado aktoreak jaso du, antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren atalean. Ericeren itzulerako filmak (aurreko film luzea sinatu eta 30 urtera etorri da Cerrar los ojos), 11 ataletan izendatuta bazegoen ere, gau osoan jaso duen ale bakarra izan da, nolanahi den.

Jose Coronado, Goya irabazi duen unean. Argazkia: Efe.

Jose Coronado, Goya jaso berritan. Argazkia: Efe.

Euskal ordezkarien zoria erdiz erdi aldatu da hurrengo sarietan, eta beste pelikula batzuentzat izan dira sariak atal hauetan: jatorrizko kantu onena ("Yo solo quiero amor", Te estoy amando locamente pelikulakoa), efektu berezi onenak (La sociedad de la nieve), makillaje eta ile apainketa onenak (La sociedad de la nieve) eta gizonezko aktore berri onena (Matías Recalt, La sociedad de la nieve pelikulan egindako lanagatik).

La sociedad de la nievek abiada handian jarraitu du sariak pilatzen, eta editatze onenarena, argazki onenarena, soinu onenarena, zuzendaritza artistiko onenarena, ekoizpen zuzendaritza onenarena eta jatorrizko musika onenarena irabazi ditu errenkadan. 

Gaueko lehen hamabi sarietatik, hamar irabazi ditu La sociedad de la nievek. Marka ikaragarria.

Sariak, euskal animazioarentzat

Bayonaren pelikularen hegemonia galako hurrengo sailean pitzatu da, halabeharrez, euskal zinemaren zorionerako. Animaziozko pelikula onenaren saria ezin irabazi elurraren gizarteak, eta Robot dreamsek eraman du Goyaren buruaren erreplika, sail horretan.

Pablo Berger, animaziozko film onenaren Goyarekin. Argazkia: Efe.

Pablo Berger, animaziozko film onenaren Goyarekin. Argazkia: Efe.

Oscarretarako bidea abiatu aurretik (martxoan animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatuetako bat izango da Robot dreams), Pablo Berger bilbotarrak, pelikularen zuzendariak, publikoari eta filma erakutsi duten zinemei eman dizkie eskerrak oholtzatik.

Gainera, Sara Varonen eleberri grafikoa Robot dreams pelikula bihurtzeko lanak gidoi egokitu onenaren Goya saria ere ekarri dio geroago Bergerri, zeinak bere burua gidoilaritzat baitu "zuzendaritzat baino gehiago", hitza bigarrenez hartu duenean adierazi duenez.

To bird or not to bird Uniko bilbotar etxeak ekoitzi duen animaziozko film laburrak eman dio segida euskal animazioaren azken urteotako bolada onari. 

Gaueko lehena, 20.000 especies de abejasentzat

Estibaliz Urresolak biribildu du galaren erdialdeko segida zorionekoa, zuzendari berri onenaren saria irabazi baitu 20.000 especies de abejas filmean egindako lanagatik. 

Pelikulan parte hartu duten guztiei eta ingurukoei eskerrak eman dizkie laudioar zinemagileak, eta Gazan egiten ari diren genozidioa salatu du, mikroa hartu duenean.

Urresola berriro igo da oholtzara gero, jatorrizko gidoi onenaren Goya saria ere irabazi baitu 20.000 especies de abejas filmaren gidoia idazteagatik.


O corno
Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen filmak, Jaione Camborda donostiar zinemagilearen lanak, emakumezko aktore berri onenaren Goya saria ekarri dio Janet Novas galiziar dantzari eta aktoreari. Zinez hunkituta, galizieraz eta gaztelaniaz eman ditu eskerrak Novasek oholtza gainetik. 

Janet Novás ('O corno'), emakumezko aktore berri onena. Argazkia: Efe.

Janet Novás ('O corno'), emakumezko aktore berri onena. Argazkia: Efe.

Sofia Otero 20.000 especies de abejaseko protagonista eta Berlinaleko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazleak (gaurkoan ezin zuen Goyarik irabazi, 16 urtetik beherakoa baita) izan du antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria Ane Gabarain kideari emateko ardura.

Gipuzkoar aktoreak izendatuta egon diren beste kideak (Ana Torrent, Itziar Lazkano, Clara Segura eta Luisa Gavasa, "laurak ere emakume heldu zoragarriak") zoriondu ditu, eta eskerrak eman dizkie 20.000 especies de abejaseko erlauntza osoari eta batez ere Estibaliz Urresola "erle erreginari" hain pertsonaia "berezi eta maitagarria" oparitzeagatik. Familia ere hartu du gogoan, senideei "nire oinazeak arintzea" egokitu zaielako.

Gabarainek pertsona transak ere izan ditu gogoan bere hitzaldian. "Borroka horretara gerturatzeak pertsona hobea bihurtu nau. Gora dibertsitatea!", aldarrikatu du bukatzeko.

"Ez zaudete bakarrik"

Hiru ordu eta erdi iraun duen galan, behin eta berriz entzun dira sexu indarkeriaren aurkako aldarrikapenak, eta feminismoa, gerraren aurkako aldarriak eta ultraeskuina erakundeetan sartzeak kulturari dakarkion arrisku larria ere lerratu dira saridunen eta aurkezleen adierazpenetara.

Amaia musikari nafarrak ireki du Goya sariak banatzeko gala, piano-ahotsetan "Mi gran noche" kantuaren bertsioa interpretatuta. Jarraian, galaren aurkezleek, Los Javis zinemagileek (Javier Calvo eta Javier Ambrossi), eta Ana Belén musikari eta aktoreak zinema barruko sexu abusuak eta indarkeria gaitzetsi dituzte, hasiera-hasieratik, eta horiek ahalbidetzen dituzten egiturak berrikustera deitu dute zinema industria. "Ez zaudete bakarrik", esan diete eraso horien biktimei. "Zineman ere, aski da", esan dute. 

Amaia musikari iruindarra, galaren hasieran. Argazkia: Ee.

Amaia musikari iruindarra, galaren hasieran. Argazkia: Efe.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena