08:51

Zinema

Goya sariak

Zergatik ez dago Goyetarako izendatuta Sofia Otero "20.000 especies de abejas" filmeko protagonista?

EITB Media

9 urteko basauriar aktorea, 2022ko Berlinaleko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazlea, ezingo da lehiatu Espainiako Zinema Akademiaren sarietan, 16 urtetik gorakoek soilik hartzen baitute parte.

  • Sofia Otero, Berlinaleko Zilarrezko Hartzarekin. Argazkia: Efe.

    Sofia Otero, Berlinaleko Zilarrezko Hartzarekin. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

20.000 especies de abejas Estibaliz Urresolak zuzendutako filmak bildu du izendapen gehien aurten, Goya sarien 38. ediziorako. Guztira, 15 sari irabazteko hautagai da laudioar zuzendariaren pelikula, besteak beste, film onenarena, zuzendari berri onenarena, jatorrizko gidoi onenarena, bigarren mailako gizonezko aktore onenarena (Martxelo Rubio), bigarren mailako emakumezko aktore onenarena (Ane Gabarain eta Itziar Lazkano) eta emakumezko aktore protagonista onenarena (Patricia López Arnaiz).

Nolanahi dela, filmeko aurpegirik ezagunena, Sofia Otero 9 urteko basauriar aktorea, ez da ageri Espainiako Zinemako Akademiaren sarietarako izendatuen artean, ezein kategoriatan, Goya irabazteko ezinbesteko baldintza baita filma ekoitzi den urteko abenduaren 31 baino lehen 16 urtetik gorakoa izatea.

Oterok ezingo du berritu, hartara, otsailean Berlinalen lortu zuen interpretazio protagonista onenaren saria, Zilarrezko Hartza, ez baitago izendatuta ez emakumezko aktore protagonistaren atalean ezta emakumezko aktore berri onenarenean ere.

Zinema Akademiak estatutuak berritu zituen 2011n, eta 16 urtetik beherakoak sarietarako lehiatik at uzteko erabakia jaso zuen idatzi berrian, iritzi baitzion "Goya saria irabazi ondorengo botere mediatikoak eragin dezakeela saridunek beren garapen egokia arriskuan jar lezaketen presio eta betebeharrei aurre egin behar izatea".

Akademiak erabaki hori hartu aurretik, Andoni Erburu nafar aktoreak gizonezko aktore berri onenaren saria irabazi zuen 1998an, 10 urte zituela, Secretos del corazón Montxo Armendarizen pelikulan egindako lanagatik. Sari horien historian garaikurra eraman duen aktore gazteena da.

Andoni Erburu, 'Secretos del corazón'eko kartelean

Andoni Erburu, 'Secretos del corazón'eko kartelean

Oterok, hortaz, ezingo du Goya saria irabazi duten beste aktoreen lekukoa hartu, hots Jone Laspiur (2021, Ane) eta María Cerezuela (2022, Maixabel) emakumezko aktore berri onenaren sailean, Marta Etura (2010, Celda 211) bigarren mailako emakumezko aktore berri onenarenean eta Patricia López Arnaiz (2021, Ane) emakumezko aktore protagonistaren atalean.  

Gizonezkoei dagokienez, aktore hauek jaso dute Goya saria: Saturnino García (1995, Justino, un asesino de la tercera edad), Andoni Erburu (1998, Secretos del corazón), Eneko Sagardoy (2018, Handia) eta Telmo Irureta (2023, La consagración de la primavera) gizonezko aktore berri onenaren atalean; Karra Elejalde (2011, También la lluvia eta 2015, Ocho apellidos vascos) eta Urko Olazabal (2022, Maixabel) antzeztaldeko gizonezko aktore onenarena; eta Alfredo Landa (1987, El bosque animado eta 1993, La marrana) gizonezko aktore protagonistarenean. 

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena