Zinema
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Alauda Ruiz de Azua barakaldar zinemagileak "Cinco lobitos" pelikula estreinatuko du ostiralean Hegoaldeko zinema aretoetan, Berlinaleko parte-hartzearen eta Malagako zinemaldiko sarien bermearekin.
Alauda Ruiz de Azua "Cinco lobitos" filmaren zuzendaria. Argazkia: Victor Bensusi.
Albisteak (3)
Film laburrak (Dicen, Nena, No me da la vida…) eta iragarkiak zuzentzen ibilbide sendoa egin eta gero, Alauda Ruiz de Azua zinemagilea (Barakaldo, 1978) Hegoaldeko zinema aretoetako pantailetara iritsiko da ostiralean, maiatzak 20, Cinco lobitos bere lehen film luzearekin.
EITBren parte-hartzea duen filmak amatasuna, komunikazioa eta familiarteko harremanak ditu hizpide, gaztelaniaz euskarazko elkarrizketa gutxi batzuekin, eta, zinemetara iritsi aurretik, Panorama Berlinaleko sailean eta, arrakasta handiz, Malagako zinema jaialdian erakutsi dute. Andaluziako hirian, espainiar pelikula onenaren, gidoi onenaren, emakumezko interpretazio onenaren (Laia Costa eta Susi Sánchez, ex aqeuo) eta publikoaren saria irabazi zituen.
Publikoak Amaia (Laia Costa aktoreak zoragarriro interpretatuta) laguntzen du pelikulan, lehenengoz ama izan berri den eta, zalantzek eta trabek hertsatuta, bere burua gurasoengana (Ramon Barea, ondo, beti bezala, eta Susi Sanchez, itzel) jo beharrean ikusten duen emakumea. Bide horretan, epikatik urrun eta errealitate oso usuen lorratzean, gauza asko sartzen dira, hala nola belaunaldi baten kontakizuna, baita hainbat gairi buruzko hausnarketetarako bazka ere: zaintza, komunikazio eta inkomunikazioa, enpatia, prekarietatea, sistemaren kolapsoa, familia…
Zintzorik eta sentiberatasun handiz, ezer gertatzen ez zaigula esaten dugun bitartean gertatzen zaigun hori hartzen du hizpide "Cinco lobitos"ek, itokarrean arnasaldi baten bila ari garenean iratotzen gaituen hori, txarto dagoenak atergabe jotzen gaituen bitartean. Tranparik gabe, bizitzaz dihardu, ahal duguna egiten dugun bitartean garen horretaz.
Zuzendariarekin hitz egin dugu, estreinaldiaren atarian.
Nola egiten diozu aurre "Cinco lobitos"en aretoetako estreinaldiari?
Ilusio handiz egiten diogu aurre aretoetako iritsierari. Egia da ez dela une bereziki ona zinema aretoentzat, baina badirudi nolabaiteko normaltasuna berreskuratzen doala; "Alcarrás"ekin gertatu zen guztia ere oso ona izan da…
Uste dugu "ahoz ahokoak" asko lagun diezaiokeela pelikulari, oso gai gertuko eta unibertsalak jorratzen baititu. Gure itxaropena da orain arte jendeak oso ondo konektatu duela; hortaz, jendeak kontatzea eta gomendatzea nahi dugu.
Balio izaten du jaialdietako habitat espezializatuak gero publikoak aretoetan izango duen erantzuna doitzeko?
Gure kasuan, askotxo balio izan digu, Malagan publikoaren saria irabazi baikenuen, eta hori oso adierazgarria iruditzen zait. Gainera, solasaldi eta proiekzioetan parte hartu dugu, jendea gerturatu eta kontuak kontatu eta galdetzen dizkizu, eta ikusi dugu emanaldietan jendeak barre asko egin duela eta hunkitu egin dela.
Beraz, balio du termometro gisa, bai. Konektatzen eta bihoztxoak ukitzen ari zarela ikusten duzu, eta oso esperientzia ona izan dugu.
'Cinco lobitos' filmatzeko lanak
Aurrekoan jakin genuenez, Zinemaren Jaian % 60 jaitsi zen ikusle kopurua, aurreko edizioarekin alderatuta. Gogoan izaten duzu industriaren egoera ekonomikoa? Badago sormena zinemaren ikuspegi ekonomikotik aldentzerik?
Egia esan, nik atsegin hutsagatik egin dut pelikula; nik publizitatea egiten nuen eta egiten dut, eta hori da nire bizibidea. Garrantzitsua zen niretzat nik egin nahi nuenean egitea eta baliabide egokiekin ekoiztea. Ez dut egin ezein helburu ekonomikorekin.
Zerbait pertsonala egiten duzu eta, noski, ikus dezaten nahi duzu, edo ikusteko eta horretaz hitz egiteko aukera egotea behintzat. Baina egia da pandemiak oso gogor jo dituela aretoak eta oso garai zaila dela.
Aurreko elkarrizketa batean esan zenidanez, seme edo alaba baten iritsierak dakarren guztiaren inguruko kontakizunik aurkitu ez izanak bultzatu zaitu pelikula egitera. Zergatik dago, zure ustez, horren fikzio gutxi gurasotasuna bezalako gai erabateko baten inguruan eta zergatik da dagoena horren azalekoa?
Egia da material gehiena azalean gelditzen dela. Uste dut hori hasi dela aldatzen, belaunaldi berrietan hainbat gauza gertatu baitira: genero rolak berraztertzen ari dira eta gero eta zaharragoak garenean edukitzen ari gara seme-alabak, adibidez. Askoz kontakizun gehiago egoten hasi da, eta horretaz hitz egitera irekitzen hasi gara.
Gidoia idazten hasi nintzenean, oso zaila egin zitzaidan amak aurkitzea, ez baziren emakume eroak edo seme-alaben alde edozer egiteko gai ziren emakume oso heroikoak. Epika gehiegi zegoen eta eguneroko mundu askotariko bat falta zen, ezein gurasok ez baitu gurasotasuna berdin bizi.
Hain zuzen ere, "Cinco lobitos"ek amatasunaren irudi naturalista gordina eta heldua erakusten du, argi-ilunak dituena, ez horratik txarra. Nola irudikatu nahi zenuen amatasuna pantailan?
Egia da soiltasunaren aldeko apustua dagoela, zintzo jokatzeko asmoa. Ez nuen teknika baliatu nahi ezer mozorrotu edo estaltzeko.
Gainera, intimitatearen aldeko apustua ere badago. Etxeen barne-barnetik egindako pelikula da, barrura begira egindakoa. Kamera ikusezina baliatu nahi nuen, ez dago mugimendu handirik, baina, oso gertu dago, hala ere. Oso gauza intimoen ikusle abantailatsu bihurtzen zaitu: bularra emateko unea, bikotekideen arteko eztabaidak, amarekiko liskarrak…
Ikusleak oso gertutik ikusten du dena, baina errespetuzko toki batetik.
Laia Costa 'Cinco lobitos'en protagonista
Alabaren iritsierak inarrosten duen munduan bazeuden lehendik ere lan segurtasunik eza, prekarietatea, familiarteko harreman behartu baina gorabeheratsuak, zaintza bermatzeko egitura falta… Belaunaldi baten erretratua egiteko saiakera ere bada pelikula?
Bai, asmo hori dago, eta bi belaunaldiren arteko kontrastea ikusten da.
Nire belaunaldiari dagokionez, ageri diren zipriztinak nahita jarrita daude, noski. Autonomoa naiz, luzaroan lan egin dut proiekturik proiektu, eta kontziliazioa zein zaila den konturatzen zara. Ez dago tresnarik. Laguntzak gorabehera, ez dago hori ahalbidetzen duen antolaerarik.
Biziraun egiten duzu, ahal duzun bezala antolatzen zara. Badirudi antolatzeko gauza zarela, baina bizitza gailentzen zaizu gero.
Emakumeok prezio handiagoa ordaintzen dugu, gehienbat lan arloan, eta bai, badago gizarte mailez haratago doan prekarietate orokortu hori erakusteko asmo argia.
Komunikazioa edo, hobeto esateko, inkomunikazioa da filmaren ardatzetako bat. Zerk itotzen gaitu isiltasunean galtzeko ezer gutxi dugunean ere?
Egia da. Baina uste dut familia guztietan gertatzen dela halako batean oso garrantzitsua izanagatik hizpide hartzen ez dugun zerbait. Eta pelikulak familiarteko harreman horien zailtasunaz hitz egiten du apur bat: batzuetan pertsona bat asko maite dugu, baina ez gara bera ulertzeko gauza.
Laia Costa, Susi Sanchez eta Ramon Barea
Laia Costa, Susi Sanchez eta Ramon Barea aktoreen, filmeko hirukote protagonistaren, lana zoragarria da. Zergatik aukeratu zenituen beraiek eta zer eman diote istorioari, zure ustez?
Hautaketa oso intuitiboa eta oso azkarra izan zen. Zuzendariok aktoreen artxibotxo bat gordetzen joaten garela uste dut, beraiekin lan egitea gustatuko litzaizukeelako; nik, behintzat, hala egiten dut.
Gidoia lantzen hasi ginenean, pertsonaiei aurpegia jartzeko unea iritsi zen, eta iruditu zitzaidan Laia Costak adin eta energia perfektuak zituela. Ez du bakarrik benetakotasuna eta naturaltasuna eman, hori denekin landu badugu ere, zeren eta berak interpretatzeko oso modu berezia du, oso aukeraketa ederrak egiten ditu, eta horrek begiraden eta isiltasunen pelikula honekin kateatzea eragiten du.
Une oro elkarrizketa irekia izan dut berarekin, bila ari nintzen hori aurkitzeko, pelikulak naturaltasun handia, organikotasun handia eta benetakotasun handia izatea.
Susik sofistikazioz eta konplexutasunez jantzi zuen pertsonaia, etxe barruan egon behar zen etxekoandre bat. Eta hori asko gustatzen zait.
Nahiz eta errealista den, pelikula ez da fatalista eta zirrikitu batzuk irekitzen dizkio bitalismoari. Ados zaude?
Bai, argi apur bat eman behar zen. Aita edo ama zarenean, hori asko gertatzen da lehen urteetan: gorabeherak daude, beheraldiak, baina halako batean zerbait magikoa gertatzen da, eta ezin diozu ihes egiten utzi. Kontraesan etengabea da.
Laia Costa, Mikel Bustamante eta Ramon Barea
Zure ustez, nola aterako dira ikusleak proiekziotik?
Jendeak barre asko egiten du proiekzioetan. Oso hunkituta irteten dira, eta askotan esaten didate "amari deituko diot" edo "askotan gogoratu naiz nire gurasoekin".
Beste gauza bat ere esan didaten askotan: itxura soila badu ere, pelikula asko hazten dela ikusi eta gero eta hainbat elkarrizketa eragiten dituela. Oso polita da hori.
Pelikulan, ikusleentzako keinu eta sinbolo asko daude. Zer ikusle izaten duzu buruan gidoia idazteko orduan? Norentzat dira keinu horiek?
Zuzendari bezala, pelikularen lehen ikuslea naiz. Horregatik, idazten edo zuzentzen ari naizenean, ikuslearen begirada izaten saiatzen naiz beti. Ikuspuntu horretatik zerbaitek grazia egiten badit edo zerbait ezegokia iruditzen bazait, gelditu egiten naiz eta landu egiten dut, arrazionalizatuta.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa