Zinema
Egokitzapena
Natxo Velez | EITB Media
Katixa Agirrek 2018an argitaratutako eleberrian oinarritutako pelikula bat filmatzeko lanean ari da Mar Coll kataluniar zinemagilea.
Katixa Agirre idazlea
Albisteak (1)
2018an kaleratu zutenetik, bide luze-luze eta oparoa egin du "Amek ez dute" Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) idazlearen eleberriak, "Sua falta zaigu" (2007) eta "Habitat" (2009) ipuin bildumen eta "Atertu arte itxaron" (2015) eleberriaren ondoren kaleratu zuen lanak.
Dagoeneko gaztelaniaz, katalanez, frantsesez, nederlanderaz eta ingelesez ere irakur daiteke liburua, adibidez, eta Mar Coll kataluniar zinemagilea (Bartzelona, 1981) eleberria pelikula bihurtzeko lanean ari da orain.
"Amatasunari buruzko ikuspegiarekin identifikatuta"
Duela bi urte abiatu zen proiektua, Colli eta Valentina Viso gidoilarikideari lagun komun baten bidez Agirreren eleberria iritsi zitzaienean. Collek telefonoz azaldu digunez, "urtebeteko ume bat nuen orduan, eta oso identifikatuta sentitu nintzen amatasunari buruz liburuak ematen duen ikuspegiarekin".
"Lanera bultzatuko gintuen zerbaiten bila ari ginen Valentina lagun eta lankidea eta biok, eta egokitzapen bat egiteko gogoa genuela ikusi genuen, gure aurreko lan guztiak ("Tres dies amb la família" eta "Tots volem el millor per a ella" film luzeak, esaterako) jatorrizko ideiak baitira".
Gidoiaren bertsio finko samarra dute jada esku artean. Katixa Agirrek irakurri egin du dagoeneko, esan digunez, eta itxura ona hartu dio. "Konfiantza osoa dut zuzendariarengan, bere aurreko lanak ikusita", erantsi du.
2022. urtean finantzazioa bilatzeko lanean arituko dira, Collen esanetan, filmatze lanak 2023an hasteko asmoz.
Oraindik ez dago oso argi zer hizkuntzatan filmatuko duten pelikula, eta ekoizpenaren azpiegituraren arabera erabakiko dute.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa