Zinema
Cannes
Agentziak | Erredakzioa
Aurten ez dute jaialdia aurrez aurre ospatuko, baina hainbat pelikula aukeratu dituzte, tartean Ben Sharrock eskoziar zuzendariaren eta Irune Gurtubai bizkaitar ekoizlearen bigarren film luzea.
"Limbo" Ben Sharrock eta Irune Gurtubairen bigarren film luzea da
Albisteak (1)
“Limbo” Irune Gurtubai bizkaitarrak ekoitzi eta Ben Sharrock eskoziarrak zuzendutako filma Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratu dute. Frantziar jaialdiak bere aukeraketa iragarri du, nahiz eta aurten, koronabirusaren ondorioz, ez duten jaialdia ospatuko.
Hautatutako lanek “Cannes 2020” bereizgarria eramango dute, eta beste jaialdi batzuetan proiektatuko dituzte, hala nola Donostiako Zinemaldian. “Veneziara, Torontora, Deauvillera, Angulemara, Zurichera, Donostiara, New Yorkera, Seulera eta Lyongo Lumiere jaialdira joango gara”, azaldu du Thierry Frémaux Cannesko Zinemaldiko zuzendariak.
Ben Sharrock eskoziarrak idatzi eta zuzendutako lana, “Limbo” 2018ko amaieran filmatu zuten Hebrida uharteetan, Eskozian. Gurtubairen eta Sharrocken bigarren film luzea da, “Pikadero” 2015ean Barbara Goenaga eta Joseba Usabiagarekin Euskal Herrian filmatu eta urte hartako Zinemaldian estreinatu zuten filmaren ondoren.
Sortzaileen hitzetan, kulturarteko satira da “Limbo”, errefuxiatu izatearen zailtasuna eta itxaropena hizpide dituena.
Paul Urkijo, Marché du Filmen
Bestalde, Sitgesko jaialdiak “Irati”, Paul Urkijoren (“Errementari”) film proiektu berria, aukeratu du ekainaren 24 eta 26an Cannesko Marché du Film merkatuko Fantastic 7 foroan parte hartzeko.
“Irati” lanarekin, Erdi Aroan girotutako istorioa aurkeztuko du Urkijok. VIII. mendean, kristau eta musulman gerlari talde bat Pirinio paganoko baso sakonetan barneratuko da, Karlomagnok Orreagako guduan galdutako altxorra berreskuratzeko asmoz.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa