Zinema
Heriotza
eitb.eus
1951an Pasaian jaioa, animaziozko euskal zinemaren aitzindaria izan zen. 1985ean, “Kalabaza tripontzia” marrazki bizidunetako lehen euskal film luzea egin zuen.
Albisteak (1)
Juanba Berasategi zinemagilea (Pasai Donibane, 1951) gaur goizean hil da, Pasaiako bere etxean, haren ingurukoek baieztatu dutenez.
Euskal animazioaren aitzindaria izan zen Berasategi. 1977an, Ekialdeko izarra film laburrarekin debuta egin zuen, eta zortzi urte geroago Kalabaza tripontzia marrazki bizidunetako lehen euskal film luzea zuzendu zuen.
Berasategik ibilbide luzea egin du zinemagintzan, eta hauek dira egin dituen lanetako batzuk: Ipar Haizearen erronka (1991), Sorkunde (1992), Sport Man (1992), Fernando Amezketarra (1995), Ahmed Alhambrako printzea (1997), Lazkao Txiki (1999), Txirrita (2000), Alhambrako giltza (2002), Pailazokeriak (2005), Barriola San Adriango Azeria (2008) eta Simplemente (2009).
2013an, Zinemira saria eman zioten Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, bere ibilbide profesional osoarengatik esker ona adierazteko.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Juanba Berasategiren heriotza deitoratu dute
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Juanba Berasategiren heriotza deitoratu du. Halaber, bere ibilbide profesionala eta bereziki animazio alorrean egindako lana azpimarratu du.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ohar batean azpimarratu duenez, Berasategiren heriotza "galera handia da euskal kulturarentzat". Gainera, doluminak eman dizkie hildakoaren senide eta lagunei.
Sailburuaren esanetan, Berasategi euskal kulturaren "erreferente" bat izateaz gain, ikus entzunezkoen sektorean aitzindaria izan zen.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere doluminak eman dizkie hildakoaren senide eta lagunei. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ohar bidez adierazi duenez, Berasategi "sortzaile aitzindaria izan zen, animaziozko euskal zinemaren esparruan aukera berriak zabaldu zituena".
EiTBk Juanba Berasategiren ibilbidea nabarmendu du
EiTBk Juanba Berasategiren heriotza deitoratu eta haren ibilbide profesionala nabarmendu du. Ohar batean, EiTBk doluminak eman dizkie Berasategiren senideei. Gainera, zinegile gisa eta, batez ere, animaziozko euskal zinemaren esparruan izandako ibilbidea azpimarratu du.
Bestalde, urte luzez Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidente izan zenak ikus entzunezkoen alorrean egindako lana azpimarratu du, bereziki, euskaraz egindako ekoizpenak sustatzeko. Azkenik, bere arrastoa ezabatzen zaila izango dela adierazi du.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa