Zinema
Fant
N.V. | eitb.eus
Hans Petter Moland zuzendari norvegiarraren film luzeak lortu du Bilboko zinemaldi fantastikoko film onenaren saria. Euskal film laburrik onena “Viaje a píes” izan da.
Gidoi onenaren eta FAS Zineklubaren sariak ere lortu ditu film norvegiarrak
Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXI. edizioko epaimahaiak In order of disappearence Hans Petter Moland zinemagile norvegiarraren film luzeari (Norvegia / Suedia / Danimarka, 2014) eman dio Film Hoberenaren FANT 2015 saria. Dominique Pinon antzezle frantses beteranoak, Aina Clotet antzezle katalanak eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariaren zuzendariak osatu dute epaimahaia,
“Thrillerraren mundua umore beltz dosi handiekin eremu irrealera eramaten duelako” aukeratu dute filma. Horrez gain, In order of disappearance-k Euskal Gidoilarien Elkarteak emandako Gidoi Hoberenaren Saria eta FAS Zineklubak ematen duen Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria ere lortu ditu.
Film laburren atalean, epaimahaiak “Caradecaballo” (Espainia, 2014, 10’) Marc Martínezen lanari eman dio Film Labur Hoberenaren Saria. Epaimahaikideek azpimarratu dutenez, “oso irudi indartsuetan oinarrituz, atmosfera beldurgarri eta aldi berean hurbilekoa sortzea lortzen du”.
Epaimahaiko kideen iritziz, euskal film labur onena “Viaje a pies” (2014, 15’) Khris Cemberen animaziozko lana izan da. Lan horretan, “argumentu erakargarriaren, ehundura zainduaren eta pertsonaien bikoizketa lan bikainaren nahasketa sofistikatua” baloratu dute.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren aurtengo edizioko ikus-entzuleen iritziz, film labur onena Nassos Vakalisen “Dinner for few” (Grezia, 2014) izan da.
Zinemaldiaren sariak banatzeko ekitaldia gaur, ostirala, izango da, 20:00etatik aurrera, BBK Aretoan. Bertan Asesinos inocentes Gonzalo Bendalaren lanaren emanaldi berezia eskainiko dute.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa