12:38

kultura

70. Zinemaldia

Jasangarritasuna eta elkartasuna hobekien islatzen dituen filma sarituko dute aurrenekoz Zinemaldian

EITB Media

Programazio ofizialeko bost film izango dira 70. Zinemaldian Euskadi Basque Country 2030 Agenda Saria eskuratzeko hautagaiak. NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen pedagogia egin eta horiekiko konpromisoa jendartean sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak 20.000 euroko saria emango du.

  • Fernandez eta Rebordinos, sariaren aurkezpenean. SSIFF.

    Fernandez eta Rebordinos, sariaren aurkezpenean. SSIFF.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donostiako 70. Zinemaldiko programazio ofizialeko bost film izango dira Euskadi Basque Country 2030 Agenda Sariaren izangai. Sari horrek jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filma aitortuko du, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuak eredu hartuta. 

Zehazki, pelikula hauek dira hautagaiak: Great Yarmouth-Provisional Figures, Marco Martinsek zuzendua, Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko ere lehian ariko dena; Juan Diego Bottoren En los márgenes / On the Fringe eta Dardenne anaien Tori et Tokita, biak Perlak sailean hautatuak; Natalia Beristainen Ruido, zeina Horizontes Latinos sailean estreinatuko den mundu mailan; eta Made in Spain sailean bildutako Mi vacío y yo, Adrian Silvestrerena.

Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek, Rosa Zufia kazetariak eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Berrikuntzako zuzendari Asier Aranbarri Urzelaik osatuko dute Euskadi Basque Country 2030 Agenda Sariaren epaimahaia.

Saria 20.000 eurokoa izango da, eta film irabazlearen ekoizle nagusiari emango zaio, hilaren 23an (ostirala), Kursaaleko Prentsa Klubean.

2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra, eta lehentasun bera, pobrezia desagerraraztea, alegia. Agenda horrek mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio adierazle ezarrita, mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako.

Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatu bihurtzea; eta mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea. Balio horiek filmetan duten isla izango dute aintzat epaimahaikideek.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak adierazi duenez, "Donostia Zinemaldia, tokiko eta nazioarteko irismena duen esparrua izaki, bereziki egokia da Euskadi Basque Country 2030 Agendak irudikatzen dituen ideien aldeko pedagogia egiteko". Azken batean, honako ideia hau zabaltzea da azken jomuga: "Garapen Jasangarrirako Helburuak funtsezkoak eta egokiak direla, eduki argi eta zehatzen bidez eta herritarrekin partekatutako estrategia baten medioz betiere: Auzolana. Agenda 2030 Euskadiren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da". 

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, "oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak gure lehiaketa leku egokitzat hartzea 2030 Agendaren mezua zabaltzeko". "Donostia Zinemaldiak bere egiten ditu 2030 Agendaren helburuak, eta berariaz lantzen ditu Agendaren zenbait lan ildo, hala nola jasangarritasuna eta genero berdintasuna", adierazi du, halaber, Rebordinosek.

Ez da hirugarren Donostia Saririk

Azken egunetan hirugarren Donostia Sari bat egon zitekeen zurrumurrua zabaldu bada ere, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak gaur baieztatu duenez, bi izango dira aurten emango diren Donostia Sariak, ezagutzera eman direnak; David Cronenberg zuzendari eta gidoilari kanadarra, eta Juliette Binoche aktore frantziarra izango dira aurtengo sarituak.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena