09:29

kultura

Arte Ederren Museoa

Arte Ederren Museoa handitzeko eta berritzeko proiektua behin betiko onartu dute

eitb.eus

Foster+Partners & LM Uriarte Arkitektura aldi baterako enpresa-elkartearen proposamena izan da garaile.

  • arte-ederren-museoa

    Museoaren egungo erakusketa-beharrak egokitzeko aukera emango du proiektuak. Argazkia: Bilboko Udala

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilboko Udaleko udalbatzarrak Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta berritzeko proiekturako Plan Berezia behin betiko onartu du gaur.

Proiektuaren dokumentua ekainean aurkeztu zuten Plangintzako Aholku Batzordean, eta, ondoren, uztailaren 29an, Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman zion. Horren ostean, jendaurrean jarri zuten eta bi alegazio egin dira epe horretan; gaurko batzarrean atzera bota dituzte biak.

Bilboko udalak adierazi duenez, Plan Bereziak administrazio eskudunen edo eraginpekoen aldeko txostenak ditu (Abiazio Zibila, Ur Partzuergoa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Garraio Saila...), eta Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak planaren edukia ontzat ematen duten udal-txostenak ere eskatu ditu.  

Orain arte, Arte Ederren Museoa 1998an onartutako Plan Bereziaren arabera antolatzen zen arlo urbanistikoan, orduan egin baitzen azken zabalkundea. 2019an, nazioarteko lehiaketa baterako deialdia egin zen, museoaren egungo erakusketa-beharrak handitzeko eta egokitzeko aukera emango zuen proiektu bat hautatzeko. Irabazlea Foster+Partners & LM Uriarte Arkitektura aldi baterako enpresa-elkartea izan da, eta horren arabera idatzi da Plan Berezia.

Plan horretan proposatu den antolaketak hainbat helburu ditu. Proiektu berriak Arriagako patioa eta Chillida plaza errespetatuko ditu, museoaren zerbitzurako espazio gisa. Museoaren ingurua, ordea, ez dute gehiegi aldatuko; zuhaitz handienak zainduko dituzte, eta lehendik bertan dauden eraikinak errespetatuko dituzte, baita handitzearen ondoriozko espazioak eta erabilerak integratzeko eta berrantolatzeko egin beharreko esku-hartzeak proposatu ere. Azkenik, museoaren jatorrizko sarrera berreskuratu, eta lehenengo eraikinaren sarrera egokituko dute.

Berrikuntzak, non?

Arestian aipatutako helburuak kontuan hartuta, Arte Ederren Museoa handitzeko eta berritzeko proiekturako Plan Berezian esku-hartze nagusiak ondorengoak izango dira:

- Bolumen berri bat eraikiko dute, 2 solairukoa; Arriaga patioaren eta egungo museoaren estalkiaren gainetik, mendebaldeko fatxadaren gainean.

- Jatorrizko sarrera berreskuratuko dute, irisgarritasuna konponduko duen mailadi bat eginez.

- Sarreraren eta Arriaga patioaren arteko lotura jatorrizko eraikinaren hegoaldeko fatxada urratuz egingo da, eta patioari beirazko itxitura egingo zaio.

- Eraikina husteko eskailera berri bat eraikiko da, ekialdeko fatxada handitzeko osagaiaren ertzean bermatuz.

- Eta egitura eroale bi eraikiko dira, bai Arriaga patioaren kanpoaldean, bai mendebaldeko fatxadaren kanpoaldean.  

 

Edukiari dagokionez, planak dio ez dela aldatuko museoari atxikitako partzelaren eremua, eta eraikigarritasun baimendua 148 metro koadro handituko dela sestra azpitik, eta 7.400 metro koadro baino gehiago sestra gainetik.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena