10:05

kultura

Arte publikoa

Bilbo janzten ari den artea

Maider Beistegi | EITB.EUS

Sixe Paredes, Escif, SpY, Aryz, Eltono, Suso33….Nazioartean ospea duten artista garaikideek Bilboko eraikinak aukeratu dituzte euren lanez janzteko. Bizkaiko hiriburua kaleko arte galeria bat da.

  • SpYren 'Soñar', Bilboko ikurretako bat Argazkia: SC Gallery

    SpYren 'Soñar', Bilboko ikurretako bat Argazkia: SC Gallery

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sentitzen, ukitzen, bizitzen eta konpartitzen den artea. Interpretatu eta berriro asmatzen dena, nork bere eginez. Hiriko hormak adierazpenerako koadro bihurtu dira, artistaren, artearen eta kaletik doan herritarraren arteko elkarrizketa eragiteko. Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburua aukeratu dute nazioartean izen handia duten 'Street art' artistek euren lan garaikideak eta mezuak eraikinetan jartzeko.

Orotara, tamaina handiko bederatzi bat lan egin dituzte azken bost urteetan Bilbon, SC Gallery+Art Management galeriak bultzatuta. 2008an sortu zuen Sergio Garciak, nazioartean izena duten artista garaikideen lanak zabaltzeko eta sustatzeko. Azken hamarkadan egindako lanei esker, Sixe Paredes, Escif, SpY, Aryz, Eltono eta Suso33 artisten lanek Bilboko eraikin zaharrak janzten dituzte, Gorte kaletik hasi eta Olabeagara arte.

Sergio berak erabakitzen du kokapena, eta sorkuntza prozesuak hilabeteak eman ditzake. Behin proiektua artistarekin eta erakundeekin aztertuta, bizilagunei aurkezten diete. Haiek dute azken hitza: "Zorte handia izan dugu, muturreko proposamenak ere onartu egin baitituzte".

Esku-hartze artistikoa oso hondatuta dauden eraikinetako horma bitartekoetan egiten dituzte. Bizilagunek pozik hartzen dituzte proposamenak, salbuespenik izan bada ere: Aryz ('El Fin justificado', 2014, Bilbo) artistak egin zuen lanak hautsak harrotu zituen, bizilagun batzuei ez baitzitzaien gustatu haren lana. "Aryzek ez ditu bere lanen zirriborroak egiten, baina Bilboko lanerako egin zuen. Gertatu zena zen lan ildo berri batean hasi zela lanean eta hasierako proposamena aldatu zuela. Hala jakinarazi genuen, baina administratzaileak ez zien auzokideei behar bezala azaldu. Gizakien hezurdurekin egin zuen lana eta aurreko etxebizitza blokeko auzokideei ez zitzaien gustatu. Murala duen etxebizitzako bizilagunek, baina, babestu egin gaituzte, eta ez dute kentzeko eskatu", Sergiok azaldu duenez.

Arte urbano en Bilbao

Aryz ('El Fin justificado', 2014, Bilbo)

Edonola ere, arte publikoak horrelako eztabaidak pizten dituela dio. "Artista ez dator entretenitzera, guk ez ditugu mural tematikoak egiten. Auzokide elkarte batek paisaia errealista bat egin nahi badu, ordaindu egin beharko du. Interes eta eztabaida publikoa sortuko duen arte publiko egiten dugu, eta horretarako kode artistiko diferenteak erabiltzen ditu artistak", Sergioren aburuz.

SC Gallery+Art Management galeriak bultzatutako kale ibilbide artistikoa 2009an abiatu zen Bilbon, galeriatik oso gertu, Gorte kalean. Lau artistek (Axel Void, Fefe Talavera, Remed eta Laguna) mural kolektibo bat egin zuten, BLV-ART jaialdiari esker. "Artista bakoitzak bere bizipena utzi zuen, horman itsatsita, eta bizilagunak identifikatu egin dira lan horrekin".

Arte publikoan ospe handia duen Escif artista valentziarrak ere mural bat egin zuen Bilbon, 2010ean. "Pertsona bat jaten duen arrain bat margotu zuen. Arrainak Guggenheim irudikatzen zuen, herritarra jaten duen museoa. Auzoko ijito ebanjelistek, baina, euren interpretazioa egin zuten; Jonas eta balea ikusten zuten. Horregatik, lan batzuen ondorioz margoaren zati bat desagertu zenean, norbaitek berriro pintatu zuen zati bat, Escifen harresiaren bertsio propioa eginez". Jeremias Pau Toledo, 'El hombre viento' ezizenez ezagutzen den artistak ere Bilbo aukeratu zuen 2010ean harresi bat margotzeko.

Arte urbano en Bilbao

(Sixe Paredesen 'Futurismo Primitivo')

Madril, Bartzelona, New York eta Pekinen lan egin duen Eltono paristarrak 2011n jaso zuen Bilbon lan bat egiteko enkargua. "Esperimentuak egiten dituen artista bat da, eta emaitzak aintzat hartuta proiektu bat abiatzen du. Lan egiteko sistema horrek arriskua du, batzuetan ezer lortu barik, esku hutsik amaitzen duelako. Behin baino gehiagotan egin dugu lan berarekin eta zorte handia izan dugu". 'Eredu' lana egin zuen aurrena Urazurrutian, eta ?Deambular? proiektua eraman zuen gero Gasteizera, hiriko kaleetara zein museora, Artiumera, 2012an.

Etorkizuneko kontuak ekarri zituen Sixe Paredesek Bilbo Zaharrera 2012an, 'Futurismo Primitivo' lanarekin, lehena eta geroa uztartuta. Eraikin zahar bateko horma hautatu zuten eta kolorea eman zion lanak auzoari. Londresko Tate Modern museoak kaleko artearen Europako erakusketarik garrantzitsuena egiteko hautatu zuen Sixe Paredes.

Arkitektura oinarri hartuta lan egiten duen Michael Grudziecki artista poloniarrak Iturburu kaleko eraikin handi bateko horma erabili zuen bere obra irudikatzeko.

Arte urbano en Bilbao

(Michael Grudzieckiren 'Sea Forts')

Bi urte geroago, 2015ean, egin dira kaleko artearen inguruko lanik garrantzitsuenak Bilbon: Suso33 artistaren 'Mural' eta SpYren 'Soñar' eta 'Criris'

'Soñar'

'Words Alive' proiektuaren barruan kokatuta, 'Soñar' egin zuen SpY artista madrildarrak Olabeagan, Ventosa bidean, eta denbora gutxian ikono bihurtu da. Hain justu, buruhausterik handiena eman dien lana izan da, itxuraz zailtasunik gabekoa ematen badu ere, tipografia batek lan handia duelako atzetik. "Garabi-jasotzaile batekin sartu ginen eta zorua hondoratu egin zen euria hasi zelako. Lana asko atzeratu zen. Azkenean, lerro bertikalean lan egiten duen enpresa bat kontratatu genuen". Mezuaren hizkuntza erabakitzeko aukera eman zien SpYk auzokideei. Eta eztabaida piztu zen: "Batzuek euskaraz nahi zuten eta beste batzuek ingelesez. Azkenean, gaztelerak irabazi zuen".

Publikoari gehien eragiten dion lana da 'Soñar'. "Berba bat da, baina berba bakar bat modu askotara har daiteke. Nik denetarik entzun dut. Batzuek uste dute Athleticen omenez egin zela, beste batzuek hauteskundeei begirako mezu bat zela?"

soñar, de Spy

soñar, de Spy

soñar, de Spy

 

'Crisis'

Sergio Garciaren ustez, Bilbon egin den lan kontzeptual interesgarrienetako bat da SpYren 'Crisis'. Orain arte egindako lanik biralena izan da. Bi zentimoko 50.000 txanpon erabili zituen artistak 'Crisis' berba horma batean idazteko. Erraz jarri zituen txanponak, nahita, bisitariak, hartzeko moduan. Orotara, 1.000 euro, bi zentimoan. 24 ordutan desagertu zen arte-lana, diru gehiena, behar handia zuen jendeak eraman zuen. 2015eko kaleko arte garaikideko lan garrantzitsuenen zerrendan dago. "Arte garaikideen mapan jarri dugu Bilbo, beste behin ere".

Arte urbano en Bilbao

Arte urbano en Bilbao

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena