09:39

Musika

Bira

Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean

N. V. | EITB Media

Europa, Amerika eta Asiara zabalduko du ideia irundar musikariaren kontzertu sortak. Ekainaren 14rako, kontzertu erraldoia antolatu dute Reale Arena estadioan, Donostian. 

0:54
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Musikagintzan 40 urte bete dituela eta, Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean, aurtengo abenduaren 20 eta 21ean Bilbon emango dituen kontzertuetarako 16.000 sarrerak minutu gutxitan saldu eta gero. Hala iragarri du gaur, ekainak 20, Kortatuk bere lehen maketa kaleratu zuen egunetik 40 urte bete direnean.

Bira Tenerifen hasiko da, urtarrilaren 18an; urtarrilaren 24an Bartzelonako Palau Sant Jordin joko du Muguruzak, bederatzi musikariko taldeak lagunduta; eta otsailaren 15erako Madrilen jarri du hitzordua, Wizink Center pabiloian, 2003an Manu Chaorekin bertan jo zuenetik hiri horretan lehenengoz, agintariek bertan jotzeko jarri izan dizkioten traben gainetik.

Hurrengo kontzertuak Galiziako Santiagon (martxoak 15), Parisen (martxoak 21), Bordelen (martxoak 22), Frantziako Tolosan (martxoak 28), Marseillan (martxoak 29), Zurichen (apirilak 12) eta Londresen (apirilak 24) izango dira.

Maiatzean, lehenik eta behin Berlinera (maiatzak 16) eta Ameriketara iritsiko da kontzertu errenkada: Txileko Santiago (maiatzak 20), Montevideo (maiatzak 22), Buenos Aires (maiatzak 24), Bogota (maiatzak 28) eta Mexiko (maiatzak 31).

Erromako kontzertua etorriko da gero, ekainaren 7an, eta ekainaren 14an Fermin Muguruzak kontzertu erraldoia eskainiko du Reale Arena estadioan, Donostian.

Sarrerak

Anoetako kontzerturako sarrerak igandean, ekainak 23, jarriko dituzte salgai, 09:00etan, www.muguruzafm.eus webgunearen bidez. Gainerako hirietarako sarrerak, berriz, ekainaren 25ean jarriko dituzte salgai, asteartearekin.

Anoetako hitzordu handiaren ondoren, Tokion joko du Muguruzak, eta urriaren 4an bira honetako azken kontzertua iritsiko da; aurrerago jakingo ditugu azken zita horren inguruko zehaztasunak.

Fermin Muguruza. Argazkia: Ricardo Rubio.

Fermin Muguruza. Argazkia: Ricardo Rubio.

"Ospakizuna"

Muguruzak kontzertu hauek zentsuraren eta eskuin muturraren erasoen aurkako ospakizun bihurtzea nahi duela adierazi du: "Kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musika, dantza eta errebindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat".

Kortatun, Negu Gorriaken eta bakarka egindako lanen kantuak entzungo dira gaualdiotan, "kaleratu dudan disko bakoitzeko bat gutxienez". Erronka horretarako, alboan izango ditu Lide Hernando (gitarra eta ahotsak), Miryam "Matah" (ahotsak), Victor Navarreta (baxua), Gerard "Chalart 58" (perkusioa eta dub), Xabi Solano (trikitia), Jon Elizalde (tronboia), Aritz Lonbide (tronpeta), Igor Ruiz "Fino" (saxoa) eta Gloria Maurel (bateria) musikariak eta Angel Katarain eta Ania Rodriguez teknikariak.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena