07:27

Musika

Disko berria

Kalean da Gorka Urbizuren bakarkarko lehen diskoa, "Hasiera bat"

Natxo Velez | EITB Media

Berri Txarrak taldeko liderrak hamar kantu biluziko diskoa argitaratu du. Soinu plataforma nagusietan entzungai da jada, eta aurreskaria egin daiteke, CD edo biniloa martxoan jasotzeko.

  • Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta.

    Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Infrasoinuak Berri Txarraken azken diskoa argitaratu zenetik zazpi urtera, Gorka Urbizuk (Lekunberri) 2019an taldearen amaierarekin etorri zen isiltasun diskografikoa hautsi du, ezustean. Hasiera bat diskoa kaleratu du gaur, astelehenarekin, Blue Mondayz.

Hamar kantu soil, "erantzi, hustu, kimatu"ko bilduma da "Hasiera bat", Teatre de ca l'Eril 1904ko antzokian (Guissona, Lleida, Katalunia) zortzi pistako grabagailu analogiko batean grabatua, Jordi Matas eta Joan Pons ekoizleekin. Kataluniako musikariak izan ditu lagun Urbizuk: Matas bera baxu, gitarra eta baterian (azken hori "Sute bat" kantuan), eta Pons ("Janela bat", "Maitasun bat" eta "Besterik ez"), Ferran Palau ("Tren bat" eta "Kolore bat") eta Ildefons Alonso ("Toki bat", "Teoria bat" eta "Lilura bat") baterian.

Diskoaren berri emateko orrian,  diskoa "bost zentzumenez entzuteko" gonbita egin du Urbizuk: "Gelditu eta entzun. Barrutik soilik ireki daitezkeen ateak ireki. Garbitu zarata. Beharrezkoa dena esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe".

Diskoa eskatu egin daiteke dagoeneko, bi itxuratan biniloan edo CDan, eta martxoan bidaliko dituzte. Laster emango du, gainera, nafar musikariak diskoa aurkezteko biraren berri.

"Teoria bat" kantuaren bideoklipa aurkeztu du Urbizuk, diskoarekin batera, Alexander Cabeza Triggek zuzendua. 2023ko udan Lleidan diskoa grabatzen ari zirela hartutako irudiak baliatu ditu kataluniar zinemagileak kantua janzteko.

Asteazkenean, hilak 17, 19:00etatik aurrera, jendaurreko lehen aurkezpena egingo du Gorka Urbizuk, Lekunberrin, Gaztearen eskutik. Saioa streamingez jarraitu ahal izango da. 

Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta.

Gorka Urbizu. Argazkia: Ibai Arrieta.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena