Musika
Kontzertua
Natxo Velez | EITB Media
Britainiarrak Bilboko publikoa liluratu du bart, "My songs" biraren barruan emandako kontzertuan. Moldaketa berri zein zaharrez, "Message in a bottle"ko arpegioak, "Fragile"ren hunkikortasuna edo "Englishman in New York"en kadentzia monumentuak dira, ezinbesteko helduleku dirdiratsuak.
Bideoak (1)
Stingek (Gordon Matthew Thomas Sumner izenez jaioa, Wallsenden, Erresuma Batuan, 1951n) "My songs" bira luzeko hamaikagarren kontzertu sorta abiatu du bart, Bilbon (txartel guztiak salduta, Bilbao Arenan, Miribillan). 2019an abiatu zuen bira hori, eta izen bereko diskoa du oinarri, zeinetan The Policeren eta bere izenpean argitaratutako hainbat kantu arrakastatsu bildu baititu britainiar baxu-jotzaile, kantari eta konpositoreak, lagun oso zahar eta onez -trebez eta urkoez, esan nahi baita- inguratuta.
Publikoak (heldua, nagusiki, eta dagoeneko nazioarte mailako talde edo bakarlari bat ikusteko 80 euro inguruko prezioa ezarrita duen sarrera ordaindu eta gero) emanaldia puntualtasun osoz hasi eta jarraian jaso du gaueko lehen bultzada zazpikotearen aldetik: "Message in a bottle" The Policeren kantua. Eta, nola ez, kemenez erantzun zion bultzada horri! Dena jartzen da alde, poltsikoan horrelako kartak/kantak dituzunean.
Izan ere, doala aurretik: bada kontzertu bat iruzkintzerik, epaitu daiteke musikarien jarrera (ezin hobea eta azpimarragarria bart, arrakasta, prestigioa eta salmenta kopuru erraldoia duen norbaitengan), soinua eta argiak deskribatu (soinu garden eta ozena eta proiekzio soilak, agertokiaren atzealdean), musikariek tresnekin agertutako trebetasunaz hitz-erdi bat egin (Dominic Miller betiereko adiskidea gitarran, beti bezain fin, Zach Jones baterian, zeinak lan ederra egiten duen Stewart Copelandek, Omar Hakimek, Vinnie Colaiutak edo Manu Katchek, musika popularraren historiako bateria-jotzailerik onenetakoek, grabatutako kantuetan horien lana berritzen, bi korista, teklatu-jotzailea eta Shane Sager harmonikan), errepertorioa aletu (ez zen klasikorik falta izan) eta jotakoaren transkripzioa ere egin, baina zinez zaila da, eta okerra ere apika, arrazionalizatzea akorde perfektu batek, melodia bikain batek edo bateria kolpe zehatz batek (atzokoan bezala) pizten digun inarrosaldia, zabaltzen duen magia, eragiten digun zimikoa. Frank Zappak esana da, "musikari buruz hitz egitea arkitekturari buruz dantzatzea da", ezinezko zerbait; ekin diezaiogun, nolanahi den, porrot egingo dugun arren, ezinezkoaren bila ostera ere, zer egingo diogu, bada!
Sting, Dominic Miller eta Zach Jones, bart. Argazkia: Efe.
The Policeren kantuak piztutako bozkario eztanda horren aurretik, ordubete lehenago, Joe Sumner (Stingen semea) arduratu da giroa berotzeaz, ordu erdiz, gitarra elektroakustiko soil batez, zenbaitetan oinarri grabatuen gainean joz eta kantatuz.
Pop errepertorio zenbaitetan folkie-a aurkeztu zuen Sumnerrek, arretagune handirik gabeko kantu lau samarrak orokorrean, intentsitate gorakada pitin batzuk izan zituztenak noiz edo behin. Emanaldi egokia, agian, taberna bateko terrazan ikusteko, baina urri samarra halako agertokietarako.
Stingek, berriz, haizea alde zuela ekin zion gaualdiari, 22:00etan puntu-puntuan bera ere: 53ko Fender Precision baxu ikonikoa soingainean eta erabateko mugikortasuna ahalbidetzen zion diademako mikroa aldean, eta errepertorio orbangabea lema harturik: "Message in a bottle"ri "Englishman in New York" kadentziatsuak jarraitu zion, eta publikoarekiko lehen elkarrizketarako puntua jarri zion ("Be yourself", Stingek; "No matter what they say", publikoak), eta ondoren etorri ziren "Every little thing she does is Magic" (The Police, berriz) eta "If you love somebody set them free" Stingen bakarkako lehen diskoko pieza kitsch moloia zeinak, alde lirikoan, gainera, gerora pabilioia hankaz gora jarri zuen "Every breath you take"en hitz itogarri eta ezatseginen ifrentzua azaldu baitzuen ("Set them free" vs "I'll be watching you").
Kontzertuaren erritmo bridagabea galgatu zuen, orduan, Stingek. Baina atsedenak ez zuen askorik iraun, taldeak hatsa berritzeko baliatu zituen tempo ertaineko kantuei "If I ever lost my faith in you" kantuaren interpretazio ederrak jarraitu zien, Stingen erakustaldi eta guzti ahotsean, rock oinarria soul xaramelez betez.
Goitik behera eginagatik sendoa den bakarkako ibilbideko kantuak berreskuratu zituen atzo Stingek, kontzertuaren erdiko zatian, eta han joan ziren, publikoaren gozagarri, "Fields of gold" kulunkari eta hunkigarria, "Brand new day", "Shape of my heart" (zelako dotorezia, koristarekiko tonu ertaineko koru horiek) eta "Mad about you", berbarako.
Sting, bart Bilbon. Argazkia: Efe.
Pop testura soilak interesgarri bihurtzen maisua da Sting, gutxik egokituko dituzte hobeto munduan melodia gogoangarriak egitura interesgarrietan eta erritmo harrigarrietan, edo jantzi dituzte leloak moldaketa ustekabekoz; eta horiek gozatzeko tartea izan zen hori.
Dena dela, inor duda-mudan ari bazen, hurrengo tarteak uxatu zizkion zalantzak. Nekez jarriko zaio eragozpenik "Walking on the moon"eko baxu sinkopatu eta reggae oihartzunei, "So lonely" klasikoari, "Desert rose"k zabaldu zuen arabiar giroari eta ordu eta erdiren buruan kontzertua lehenengoz eten zuen "Every breath you take" mitikoaren interpretazioari.
Agertokia utzi eta bi minutura, bueltan zen taldea atzera, argi gorriak piztuta (zein kolore, bestela) "Roxanne"ren bertsio luzatu bat jotzeko, 45 urte geroago The Policeren indarra gordetzen duten leloen artean Stingi walking bass hipnotiko eta gorgarria (baxuaren soinua hobetzen joan zen gau osoan zehar, hasieran nahaspilatsu eta baxu egotetik amaieran durundatu arte) jotzeko bidea eman ziona.
Hil berri zen lagun bati eskaini zion "Fragile"ren bertsio ederrarekin bukatu zuen kontzertua Stingek, lehen zatian nasaiki erabili zuen ahotsez justuago bukatu ere, estutasunik baina arrandiarik gabe.
"Thank you, Bilbao!" oihukatu eta hurrenera arte agertu zen, bere kantuak geure eginda harrezkero, arte baliozkoak agintzen duen legez, indibiduala kolektibo eginda. Kantatzea botila barruan mezu bat botatzea da, munduari begiratzeko norberaren modua (kasu honetan, soinu finitu batzuk antolatzeko modu berdingabe bat) besterengana helarazteko saiakera, eta atzo, Bilboko gauean, publikoak jaso zuen Stingek munduari bidalitako SOS mezua.
Galdu izana damu bazaizu, abenduaren 16an izango da beste aukera bat, Iruñean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa