Musika
Egunerokoa
Jurgi Ekiza
Bilbon eta Atabalen jo eta gero, Japoniara, Australiara eta Tahitira eramango dute diskoa Willis Drummondekoek, eta hemen kontatuko dizkigute biraren nondik norakoak.
Australiako hiri zurrunbilotsu eta eremu lasaien artean ibili dira Willisekoak
2020-02-28 14:29. Sydney-Adelaide hegazkina
Atzo, beste amets bat konplitu da: Willis Drummondek kontzertu bat eman du Australian.
Mundu osoan etxetik urrunena den kontinente horrek anitz sinbolizatzen du guretzat. Behin baino gehiagotan aipatu ditugu gure influentzia australiarrak ala sinpleki maite ditugun bertako taldeak. Noski, AC/DC izan da horren adibide famatuena, baina nola ez aipatu New Christs edo Radio Birdman bezalako legendak, ala garai batez bertsionatzen genuen Beasts of Bourbon taldea –Azkena Rock Festibalean deskubrituak–, ala hainbeste entzun dugun The Drones taldea. Haiei esker sartu ginen kontaktuan Burke Reid ekoizlearekin, eta, ondorioz, berak zuen “A ala B” diskoa nahasi eta “Tabula Rasa” grabatu, nahasi eta ekoiztu.
Sydney, hiri bezala, jadanik sorpresa ederra izan zen, hain goxoa izanki bere dimentsio eroa kontuan hartzen badugu. Frankie's Pizza aretoa bera ere gustukoa izan genuen asteazkeneko bisitatik. Leku nahiko “hipster”-a dela esan genezake, baina ematen du moda horren tendentzia hemen dela hard-rock ala classic rock entzutea. Eta hard bolumen batekin, kar-kar...
Ez da tabernako xoko bat ere soinu olatuaz babesteko! Denetan bezala, tattoo anitz eta itxurakeria bastante, baina, horrez gain, rock klixe ukitu indartsu bat... Nola erran?... Ematen du “Wayne's world” pelikulan gaudela bertan. Ez dut irudi hobeagorik aurkitzen. Kasik beldurgarria zen gauaren hastapenean, deskubritu dugunean gurekin jotzen zuen BB Steal taldeak horrelako hard-rock klasiko bat jotzen zuela, eta benetan “Spinal Tap” pelikulatik atereak ematen zutela kideek... Baina beste behin ere, orain arte gurutzatu ditugun australiar guziak bezala, oso jatorrak... Horrelako “postureoa” ez da arazo bat, beraz... Estetika bat soilik!
Haien kontzertua amaitu eta erridaua berriz tiratu zuten aretokoek, eszena tapatzeko, desmuntaketa-bermuntaketa momentuan. Hemen ere, Japonian bezala, muntatzen eta txekeatzen da 15 minutuz eta aurrera. Orain arte, hard-rocka botatzen zuten bafleetatik, classic rock kanta super ezagunak eta dantzagarriak ateratzen dira orain. Jendea dantzan ari da erridauaren gibelean... Estres pixka bat sartzen zaigu. Jende guzi hori egonen da kontzertuan?
“Highway to hell” amaitzen da, erridaua irekitzen da, eta Xanek setlista irekitzen du “Oraintxe bertan”-eko baxu sarrerarekin... Funtzionatzen du, funtzionatzen du! Bertan dauden euskaldunek laguntzen dute giroa berotzen noski, baina urrunago daude mahaietan jarririk diren bertakoak (ala turistak? nola jakin?) interesatzen dira, eta kontzertu osoa segituko dute handik, ala setlist erditik goiti hurbilduz ere! Aretoko managerrak lan pixka bat ere badu, batzuk eszenatokira igotzen direlako... gure besarkatzeko! Ez ginen ohartzen etxetik hain urrun izanki, zenbat emozionatzen ahal ziren euskaldunak, euskara entzutean. Benetako opari bat bezala hartzen dute gure presentzia... Eta guretzat, haien plazera eta animoa sentitzea da altxor bat... Giroa ikusiz, bis-ak setlistean sartzea erabakitzen dugu, eta erabaki ona da iduriz. “Ez da izango”-ren mi finalak ordubeteko emanaldiaren bukaera markatzen du, eta ez dugu “Thank you” errateko denborarik ere, erridaua gure aitzinean berriz agertzen dela. Ordutegiak errespetatzen dira hemen ere.
Izerditan ateratzen gara eszenatokitik, benetako kontzertu batek eskaintzen ahal duen barne bake sentsazio honekin. Solastatuko gara bertako euskaldunekin eta australiarrekin, hitz emanez laster bueltatuko garela, eta onartuz Australiako beste parte batzuetara joateko gomitak... Baina laster harrapatuko dugu taxia. Gaur goizean, berriz ere gure karbono bilana gehiago zikintzera atera garelako, Adelaiderako hegazkin hori hartuz. Distantzia eta denboraren arteko korapiloak batzuetan ezin dira askatu, eta moldatu behar gara. Bihar, aldiz, furgoneta bat alokatuko dugu bidaiaren segidarako... Zer gogoa Australiako lurralde basatiak ezagutzeko!
Baina, lehenik, Adelaiden kontzertua eman behar dugu. Espero dezagun atzokoa bezain ona izan dadin.
20200301. 1718. Kangaroo Island
Otadiak ikusita, gau honetan kanpatzeko leku bila gabiltza. Furgonetak kilometroak egin ditzake nehor gurutzatu gabe... Gustatzen zaigu anitz hori. Erosketak ere egin ditugu gaur, beraz autonomoak gara. Belarra hain idorra da leku batzuetan, xuria dela ematen baitu.
Kanguru pare bat, pelikanoak, txori ezberdinak, arrainak, arantzurde eta otadiak... Ez da gaizki, jakinez gaur 11etan iritsi ginela uhartera.
Ostiraleko kontzertuaren ondotik, aukera izan genuen hirian itzuli bat egiteko gauaren antolatzaile eta gure kartela konpartitu zuten taldeen kide batzuekin... baita, nola ez, euskaldun batekin (aupa Iker!). Kontzertua ez da Sydneykoa bezain arrakastatsua izan, egia erran, baina momentu oso ona izan da. Egunero anpli ezberdinekin jotzeak desestabilizatzen nau batzuetan, eta horrela izan zen Adelaiden... Baina taldekideen, beste taldeetako kideen eta publikoan zeudenen komentarioek lasaitu naute, baita ikusitako irudiek ere...
Hartu dugun bidea pista bilakatu da; beraz, utzi behar zaituzten momentukoz, trasteak biltzeko furgonetan, ez dezaten hainbeste azantza egin bibraziorekin...
Laster, segida.
2020-03-03. Port Campbellerako 800 kilometroetako bat
Kanguruen uhartetik itzuli gara goiz honetan, pausatuak eta liluratuak... Animalia anitz ikusi, eta gizaki guti... Hori zen nahi genuena; beraz, kontent! Bateriak berriz kargatuak. Zinez sentsazio bitxia da 3 orduko ibilaldi bat egitea, eta inor ez gurutzatzea, ez eta auto bat ikusi urrunetik... Felixek bere azken bi urteetako erritmo eroarekin nahi zuen moztu, eta lortu egin du! Xanek ere, anitzetan aipatzen du erlaxazio sentsazio bat, eta emozionatzen da anitz animaliak ikustean... Ni naiz, dudarik gabe, zailtasun gehienak dituena egoeraz zinez gozatzeko... Gauza batzuk ez dira esplikatzen, horrela dira eta jakin behar da onartzen. Baina badakit oroitzapen paregabekoak ere utziko dituela uharteko etapa horrek... Ziur naiz, argazkiak ikusteak jadanik hunkitzen nauelako.
Seguru aski ere, beste biek baino gutiago behar nituen oporrak ala deskantsuak. Proiektuak bata besteen ondotik gauzatzen ditut azken hilabeteetan, baina ez dut deskantsatzeko beharrik sentitzen momentu honetan –aspaldiko partez astebeteko pausa bat egin banuen ere Eguberrian–. Aitzitik, gauzak errealizatzeko gogo batekin nabil, kasik gehiegi (hutsunearen beldurra, agian?) eta denbora pixka bat libratzen zaidanean, beste ideia bat kokatzen da segituan zulo horretan, eta ezin naiz ureztatu gabe utzi... Loreak ez dira sekulan soberan.
Gaur hartu dugu berriro bira itxura, Ferryaz gain, 800 kilometro eginen ditugulako furgonetan... Eta oso gustura gaude, egia erran...
Hurrengo kontzertua ostegunean dugu, Ballaraten, baina bihar Felixen urtebetetzea da; beraz, saiatuko gara egun goxo bat prestatzen...
Kontatuko dizuegu!
Besarkada...
2020-03-05 13:57
Great Ocean Roadeko ekialdeko aldea harritzekoa da. Magnifikoa, zeru gris baten azpian ere bai. Argazkiek ezin dute ikusten duguna deskribatu... Mendi eta itsasoaren artean luzatzen den hari baten gainean gidatzen dugu furgoneta funanbulista. Ballarat bidean gara!
2020-03-05 20:16
Australiako hirietan ibiltzeak zinez sentsazio arraroak uzten ditu. Serie ala pelikula batean naizela iruditzen zait beti. Etxeetako baratzeetatik iristen zaizkidan lore usainek soilik oroitarazten didate hori dena ez dela birtuala.
Ballaratera iritsi gara, kontzertuak hastear dira, laster kontatuko dizuegu.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa