Musika
Heriotza
eitb.eus
54 urte zituela hil da irundarra. Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeetan jo zuen, besteak beste.
Albisteak (3)
Iñigo Muguruza musikaria zendu da. Baxua zein gitarra aldean zituela, Muguruzak euskal musika modernoaren kantu ezagunenetako batzuk idatzi zituen, Kortatu, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeetan.
Musikan murgildutako familia bateko kidea (Fermin eta Jabier anaia nagusiak ere musikariak dira), Delirium Tremens, Lurra eta Hiru Leike musika proiektuetan ere hartu zuen parte Iñigok.
54 urte zituela hil da Muguruza, baxu sekuentzia jostariz eta gitarra konponketa dotorez Euskal Herriaren ondare musikalean pisu handia duten hamaika abesti josi eta jantzi eta gero.
14 urterekin abiatu zuen bere ibilbide musikala, Desband taldearen eskutik. Baina 1984an iritsi zitzaizkion fama eta errekonozimendua, Fermin anaiarekin eta Treku Armendarizekin Kortatu sortu zutenean. Hortik aurrera, arrakasta handiko urteak izan ziren, bai Kortaturekin, bai geroago etorri zen Negu Gorriakekin (Fermin anaia taldekide izan zuen hor ere).
Ondoren hasi zen bere eboluzio musikal nabarmenena, Joxe Ripiautik abiatu eta Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike proiektu pertsonalagoetara.
2015ean, esklerosi anizkoitza zuela iragarri zuen, eta eten egin zuen bere musika ibilbidea. Gerora, baina, musika egiten jarraitu zuen.
Bere anaia Fermin izan da sare sozialetan agur mezua zabaltzen lehenengoetakoa, "laster arte" bat bidali dio, eta mezu oldea etorri da atzetik, asko baitira musikaria miresten eta maite zutenak.
Bideoa: Iñigo Muguruza eta Treku Armendariz, 2013an, Kortatuko garaiak oroitzen
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa