11:31

Literatura

Sariak

Jon Gerediagak, Harkaitz Canok eta David de las Herasek Euskadi Literatura saria jasoko dute

N. V. | EITB Media

Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetako irabazleak dira "Zeru-lurren liburua", "Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez" eta "Campos de Castilla" lanengatik.

  • Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras

    Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zeru-lurren liburua (Jon Gerediaga), Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Harkaitz Cano) eta Campos de Castilla (David de las Heras) lanek irabazi dute Euskadi Literatura saria Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanen Ilustrazioa modalitateetan hurrenez hurren, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean Bilbon iragarri duenez.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Falta diren lau modalitateetako irabazleen izenak (Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz) datorren astean iragarriko dituzte, eta sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 21ean egingo dute, Artium museoan, Gasteizen.

Euskarazko Literatura sariko epaimahaiak adierazi duenez (Arantxa Urretabizkaiak, Maite Lopez las Herasek, Alexander Gurrutxagak, Ane Labakak eta Mikel Ayerbek osatu dute), Jon Gerediagaren Zeru-lurren liburua obra "naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa da" eta "gizakia bere minarekin aurrez aurre jartzen du". "Iraun behar duenaren aldeko poesia da Gerediagarena", gaineratu du epaimahaiak.

Laugarren aldia da, 1997tik, poesia lan batek Euskarazko Literatura saria irabazi duela. Linbotarrak (Asier Serrano), 2017an; Egunsentiaren esku izoztuak (Xabier Lete), 2005ean; eta Galderen geografia (Felipe Juaristi), 1998an, izan ziren aurrekoak.

Euskarazko Haur eta Gazte Literatura modalitateko epaimahaiak (Patxi Zubizarreta, Larraitz Idarreta, Xabier Etxaniz, Naroa Zubillaga eta Ruben Ruiz) aurtengo saria Harkaitz Canorentzat dela erabaki du, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez liburuari esker; laugarren Euskadi Literatura saria du hau Canok.

Epaimahaiko kideen iritziz, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez liburu ilustratuak (Isabel Herguerak jantzi du irudiz) "liburutegiei omenaldia egiten die" eta "literaturaz harago, heriotza, maitasuna, senitartekoen harremanak eta beste horrenbeste gai unibertsal jorratzen ditu protagonistaren bizitzatik abiatuta eta beste idazle asko gogora ekarrita istoriora".

David de las Herasen Campos de Castilla lanaren inguruan, Literatur Lanaren ilustrazioa modalitatearen epaimahaiak (Joseba Larratxe, Janire Orduna, Jose Carlos Torre, Jose Antonio Morlesin eta Miren Asiain) uste du "lan borobila" dela eta hau adierazi du: "Maisuki erabili ditu teknika eta forma guztiak, ilustrazioa poesia bihurtuz". De las Herasek Antonio Machadoren liburu ezagunenaren interpretazio ausarta egin du lan honetan.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena