10:57

Literatura

Euskadi sariak

Euskadi Sariak, Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzuneguirentzat

eitb.eus

‘Bihotz handiegia’, ‘La pequeña Roque’ eta ‘Bajo el Signo de la Melancolía’ dira saridunak Euskarazko Literatura, Literatura Lanaren Ilustrazioa eta Saiakera Gaztelaniaz ataletan, hurrenez hurren.

  • 'Bihotz handiegia' lanarengatik irabazi du saria Eider Rordiguezek

    'Bihotz handiegia' lanarengatik irabazi du saria Eider Rordiguezek

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleak iragarri ditu gaur, Euskarazko Literatura, Literatura Lanaren Ilustrazioa eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetan, Donostian, Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen Liburutegian.

Euskarazko Literaturaren atalean, Eider Rodriguezi emango diote saria, Bihotz handiegia lanarengatik; Literatura Lanaren Ilustrazioaren atalean, Yolanda Mosquera izan da garaile, La pequeña Roque (Guy de Maupassant) laneko irudiengatik; eta gaztelaniazko saiakeraren atalean, Santos Zunzunegui, Bajo el Signo de la Melancolía lanarengatik.

Asier Serrano izan da epaimahaiburua Euskarazko Literaturaren sailean, eta Itxaro Borda, Jon Kortazar, Pello Otxoteko eta Castillo Suarez izan ditu alboan erabakia hartzeko. Beraien arabera, “Pertsonaia arrunt eta konplexuen izaera eta horien barne-mundua aztertzen duen narrazio liburu interesgarria da Bihotz handiegia. Eider Rodriguezek pertsonaia makurrak eraikitzen ditu modu originalean gizakiaren makurdura ezkutuaren bila abiatzeko”.

Yolanda Mosqueraren lanari dagokionez, epaimahaiak ilustrazioaren tratamendua eta “dotorezia” nabarmendu ditu, baita “narrazio gaitasuna, obra barruan bere unibertsoa asmatzeko duen sormena eta ilustrazioen kalitatea” ere.

Bajo el signo de la melancolía. Cine, desencanto y aflicción Santos Zunzuneguiren lanaren kasuan, “saiakera iradokitzaile eta berritzaile honetan” idazleak “giza kondizioari, haren argi-ilunei, buruz gogoeta egitera” gonbidatzen gaituela azpimarratu dute epaimahaikideek.

Sari banaketa, azaroaren 27an

Gainerako lau irabazleak (Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Saiakera, Euskarazko Literatura Itzulpena eta Euskarazko Haur eta Gazte Literatura) bi aste barru emango dituzte aditzera, eta sari banaketa azaroaren 27an izango da, Gasteizen, Artium museoan egingo duten ekitaldi batean.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena