14:14

Literatura

Philip Roth hil da

Beñat Sarasola: 'Idazletza inork gutxik bezain ondo dominatu zuen Philip Rothek'

Natxo Velez | eitb.eus

Newarkeko idazle oparo eta handiaren heriotzaren berri izan dugun egunean, Beñat Sarasolak, ‘Nemesis’ estatubatuarraren lanaren itzultzaileak, haren idazkeraren zertzelada baliagarriak eman dizkigu.

  • Philip Roth gutxiegitasun kardiako batek jota hil da. Argazkia: Efe.

    Philip Roth gutxiegitasun kardiako batek jota hil da. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Philip Roth (Newark, New Jersey, AEB, 1933 – New York, 2018), batik bat XX. mendeko bigarren erdiko estatubatuar gizarte juduari begiratuta gizatasunaren irudikapen zintzoa egin zuen idazlea, gaur hil da, gutxiagotasun kardiako baten ondorioz.

Hamaika ertzeko pertsonaia konplexuen bidez, gai franko testuratu ditu Rothek hogeita hamaika lanetan: amerikar ametsaren ifrentzua, sorgin ehiza, arrazakeria, errazkeriaren zamak, sexua, moralkeria, pultsioak eta beroriek dena delakoagatik erreprimitu beharra…

Beñat Sarasola idazle, itzultzaile eta literatura kritikariak Nemesis Rothen eleberria itzuli zuen, eta berarengana jo dugu, XX. mendeko literaturan toki nabarmena duen idazlearen inguruan gehiago jakiteko.

Zelan deskribatuko zenuke Philip Rothen literatur mundua?

Esango nuke Rothen literatur mundua bere pertsonaien mundua dela. Pernandoren egia dirudi horrek, baina iruditzen zait Rothen literaturaren dohain handienetako bat, hain justu, haren fikziozko pertsonaien sakontasun eta aberastasuna dela. Guztietan paradigmatikoena Nathan Zuckerman genuke, baina hor dira baita ere, Alexander Portnoy obsesiboa, David Kepesh frustratua edo Bucky Cantor moral-zurruna.

Gainontzean, Estatu Batuetako judu klase-erdikoen mundura eramaten gaitu Rothek, baina bertan azaltzen zaizkigun gatazka moral, politiko eta pertsonalak mendebaldeko beste edonorenak izan litezkeela esango nuke.

Idazkera eta estilo aldetik, zer ezaugarri azpimarratuko zenituzke?

Roth ezaguna da istorio kontalari behinena izateagatik, eta, zentzu horretan, egiazki, kanon gutxi-asko errealistaren arabera (bere kasuan, Flaubert-Jamesen ildoan kokatua) XX. mendean ondoen idazten duen autoreetako bat da. Istorio eraikitzaile aparta: lehen aipaturiko pertsonaien eraikuntza, baina baita denbora-espazioen antolamendua ere.

Hala ere, bere obran zehar, lerro nagusi horretaz landa, estilo aberastasun handia erakutsi du, esaterako, bere hasierako lan batzuetan; Portnoy's Complaint nobelako monologoa idazkera modernistara gerturatzen da, edo The Breast literatura fantastikora. Ez aipatzearren bere testu autobiografikoak eta metafikzionalak.

Azken batean, idazletzaren ofizioa inork gutxik bezain ondo dominatzen duen idazlea izan da.

Zergatik aukeratu zenuen Nemesis bere lan guztien artean?

Ez nuen nik hautatu, enkarguzko lan bat izan zen. Meetook argitaletxeko Ramon Etxebestek proposatu zidan hura itzultzea.

Ordurako, Nagore Tolosak itzuli zuen Suminez eta American Pastoral (gaztelerazko itzulpenean) nituen irakurriak, eta erronkatzat hartu nuen gerora bere azkeneko liburua izango zena itzultzea.

Lan gozagarri eta gogorra izan zen. Asko ikasi nuen lan horretan, egin behar denaz bezain, egin behar ez denaz.

Rothen obran murgildu nahi duenari, zein lan gomendatuko zenizkioke?

Bada, agian, kasu honetan, atzetik hastea gomendatuko nioke. Bere azkeneko serieak, "Nemeses" goiburua jarri zionak, Rothen onena gordetzen duela esango nuke, baina maisulantzat jotzen diren American Pastoral, Human Stain, Sabbath's Theater-ak baino irakurgarriagoak dira, hasteko. Lau nobelak osatzen duten serie hori, eta azkeneko biak dira euskara ekarriak daudenak.

Serie horretatik jauzi egingo nuke Zuckerman narratzaile duen nobelaren batera, eta, hortik aurrera, seguru irakurle bakoitzak jakingo duela zer ibilbide egin.

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola poeta, literatur kritikari eta itzultzailea da

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena