Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 2020 |EITB Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Abenduak 4-8
N. V. | EITB Media
Durangoko Azokak aurrez aurreko formulari eutsi dio, eta erakusmahaiak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, solasaldiak, aurkezpenak eta beste bisitagai izango dira gaurdanik abenduaren 8ra arte.
Argazkia: Durangoko Azoka
Ez da erraza Durangoko Azoka antolatzea, eta aurten are zailagoa izan da, noski, osasun egoeraren aurreko murriztapenak eta horiek eragiten duten ziurgabetasuna indarrean direla. Hala ere, euskal sortzaileen eta kulturazaleen urteko topagune handiena hemen da berriz ere, berrogeita hamaseigarrenez.
Iaz, birtuala izan zen topaketa, eta aurten ere erosi ahalko dira kultur gaiak ostera ere ordenagailuaren eta sakelakoaren bidez, Durangoko Azokaren webgunean. Atzodanik, abenduak 3, hilaren 7ra arte egongo da irekita Durangoko Azokaren denda birtuala, eta 990 nobedade daude bertan eskuragarri: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 gai.
Baina, esan bezala, abenduaren 4tik 8ra aurrez aurre egingo dute bat, maskara tarteko noski, Landakon eta bestelako espazioetan sortzaileek, argitaletxe eta diskoetxeetako langileek eta bisitariek, agertokia osasun egoerara egokituta.
Landako gunera eta Plateruenan, Ahotseneko kontzertuetan, sartzeko, izena eman beharko da aurretiaz, Durangoko Azokaren webgunean. Bisitariek ordu eta erdiko txanda izango dute Landako Gunean bisita egiteko, eta egunero bost txanda sortuko dira, 1.200 bisitaritakoak bakoitza.
Erreserba egin nahi dutenek argi ibili beharko dute, Landakon sartzeko hainbat txanda beteta baitaude (abenduaren 4an, 12:00-13:30 eta 18:00-19:30 tarteetan, eta abenduaren 5ean, 12:00-13:30 tartean, esaterako), baita Ahotseneko hainbat kontzertu ere (Bulego, Anari, Skakeitan, McOnak, Iheskide…). Edonola ere, kontzertuok streaming bidez ikusi ahalko dira eitb.eus-en.
Maskara jarrita izan beharko da une oro, eta ezingo da ez jan ez edan. Gainera, Plateruenan, Ahotseneko kontzertuetan, ez da ostalaritza zerbitzurik egongo.
Nolanahi den, libre izango dira sarrera-irteerak gainerako guneetan: Ahotsenea Musika Eskola, Irudienea, Kabi@, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa