17:31

Bertsolaritza

Bertsolaritza

Haira Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

EITB Media

Iurretako frontoian jokatu da larunbat goizean Eskolartekoaren finala eta bigarrenez jantzi du txapela Aizpuruak. Txapeldunorde izan da Eki Mateo nafarra.

  • Haira Aizpurua, txapelarekin gainerako bertsolariekin batera. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

    Haira Aizpurua, txapelarekin gainerako bertsolariekin batera. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Haira Aizpurua bertsolari saratarrak irabazi du Euskal Herriko 35. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian larunbat goizean jokatu den finalean. 

Bertan aritu dira kantuan hamar bertsolari, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi aritu dira; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena. Igor Meñika aritu da aurkezle lanetan, eta Beñat Vidal gai-jartzaile. Epaile lanak, berriz, Beñat Romerok, Aitor Jimenezek, Nerea Bruñok, Lur Renteriak eta Oihana Arangurenek egin dituzte.

Lanak beteta, Aizpurua izan da puntu gehien bildu dituena eta, hala, bigarrenez jantzi du Eskolartekoaren txapela, 2021ekoa ere berak eraman baitzuen etxera. Anttonmari Aldekoa-Otalorak jantzi dio txapela txapeldunari; Eki Mateo izan da txapeldunorde eta hari Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko Xabi Igoak eman dio saria. Beste parte hartzaile guztientzako ere izan dira oroigarriak.

Urte hasieran abiatu zen 35. Eskolartekoa, eta ekainera bitarte lurraldeetan egin du bidea; denera, ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak. 

Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, "14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak". Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena