Artea
Abuztuaren 29ra arte
N. V. | EITB Media
Mikel Laboaren "Lekeitioak" ditu abiapuntu Donostiako zentroko erakusketa berriak, eta "herri kulturaren, abangoardiaren eta sorkuntza esperimentalaren arteko harremana du ardatz.
Tabakalera Donostiako zentroak Komunikazio-Inkomunikazio aurkeztu du gaur, Mikel Laboaren (1934-2008) figura eta lana abiapuntu dituen arte garaikideko erakusketa. Vicente Ameztoy, Joxean Artze, Tarek Atoui, Txomin Badiola, Francisco de Goya, Susan Hiller, Erlea Maneros, Remigio Mendiburu, Itziar Okariz, Olatz Otalora eta José Luis Zumeta artisten lanak izango dira ikusgai, besteak beste, abuztuaren 29ra arte.
Erakusketak euskal kantautorearen Lekeitioak hartzen ditu abiapuntu,eta hogeita hamar artistaren baino gehiagoren lanak paratu dituzte bi aretotan, erakusketa areto nagusian eta Lau Pareta aretoan.
Erakusketako lanek, batetik, folkloreari eta herri kulturari buruzko hausnarketa proposatzen dute, eta, bestetik, hizkuntzaren makineriak inguratzen duen munduarekin ezartzen dituen botere harremanak aztertzen dituzte, Donostiako zentroko arduradunek azaldu dutenez.
Gainera, Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Itxaro Bordak 50 urteotan Euskal Herriaren testuinguruan ahotsaren praktika hedatzeko garrantzitsuak izan diren hainbat artistaren pieza musikalak bildu ditu playlist batean. Besteak beste, Esther Ferrer, Joxean Hartze, Itxaro Borda, Loty Negarti, Mursego, Alex Mendizabal eta Ibon RG artisten lanak izango dira entzungai, erakusketaren sarrerako hallean egongo den instalazioan.
Erakusketaren jarduera paraleloen artean, Ezbaikaria egingo da uztailaren 7tik 10erako astean, San Telmo Museoarekin elkarlanean, Mikel Laboaren unibertsoaren inguruko ikerketa lerroak elkartze aldera. Hitzaldiak San Telmo Museoan eta Tabakaleran egingo dira, eta Iñaki Segurola, Beñat Muguruza, Marta Boccos Garcia, Elixabete Ansa Goikoetxea, Hugo Savino, Germán Labrador, Olatz Otalora, Esther Leslie eta Jon Mantzisidor izango dira hizlariak.
Era berean, udako hilabeteetan eta Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean, Lekeitioak entzuteko aukera izango da Tabakalerako zinema-aretoan, hainbat gonbidaturen eskutik: Garazi Navas, Marie Cosnay, Mohamed Bouljal eta Pedro G. Romero.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa