13:42

Txirrindularitza

Espainiako Txapelketa

Oier Lazkano, errepideko Espainiako txapeldun

A. B. E. | EITB Media

Gasteizko txirrindularia izan da onena Espainiako txapelketako errepideko proban. Eguneko ihesaldian sartu da, eta eraso erabakigarria jo du helmugarako 26 kilometro falta zirenean. Juan Ayuso izan da bigarren eta Alex Aranburu hirugarren.

  • Oier Lazkano

    Oier Lazkano, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Oier Lazkano (Movistar) da 2023ko errepideko Espainiako txapelduna, igande honetan, ekainaren 25ean, Espainiako Txapelketako errepideko proban onena izanda.

Txirrindulariek San Lorenzo de El Escorialen hasi eta amaitu den 186,1 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Gasteizko txirrindularia nagusitu da, Juan Ayuso (UAE Emirates) izan da bigarren eta Alex Aranburu (Movistar) hirugarren, biak ala biak txapeldunarekiko 6 segundora.

Hasieratik egon dira mugimenduak, eta 40. kilometroan tropeletik jauzi egin dute Carlos Veronak (Movistar) eta Javier Romok (Astana Qazaqstan). Orduan hautsi da tropela; 40 txirrindulariko taldea saiatu da aurreko biekin bat egiten, baina ez dute elkar ulertu. Geroago, beste taldetxo batek egin du saiakera eta hortxe egon dira Pablo Castrillo (Kern Pharma), Eugenio Sanchez (Kern Pharma), Jose Maria Garcia (Electro Hiper Europa), Ivan Garcia Cortina (Movistar), David Gonzalez (Caja Rural-Seguros RGA), Javi Serrano (Eolo Kometa) eta Xabier Isasa (Euskaltel-Euskadi); hauek ere, ordea, tropelak harrapatu ditu.

Lehen mugimendu ugarien ostean lasaitasun momentu bat eman da, baina ez du asko iraun. Etapako hasierako 80 kilometroak gaindituta beste sei ziklista ahalegindu dira lasterketa buruarekin bat egiten: Jose Manuel Diaz Gallego (Burgos BH), Hector Carretero (Kern Pharma), Pablo Castrillo (Kern Pharma), Julen Amezqueta (Caja Rural-Seguros RGA), Gorka Izagirre (Movistar) eta Oier Lazkano (Movistar). Zazpikote honi ere ez dio baimenik eman tropelak.

Cruz Verdeko igoeran guztiz txikitu da lasterketa. Hala, bada, Romorekin eta Veronarekin bat egin dute Gonzalo Serrano (Movistar), Lazkano, Izagirre, Urko Berrade (Kern Pharma), Castrillo, Raul Garcia (Kern Pharma), Pau Miquel (Kern Pharma), Amezqueta, Abel Balderstone (Caja Rural-Seguros RGA) eta Victor De la Parte (TotalEnergies) txirrindulariek. Geroago, Juan Ayusok (UAE Emirates) egin du bat haiekin.

Hortaz, hamahiru txirindulari batu dira lasterketa buruan, eta tropelean Euskaltel-Euskadi jarri da lanean. Euskal taldeak lasterketa buruarekiko desabantaila murriztu du, eta, ondoren, Caja Ruralek hartu du lekukoa. Aurrean ere mugimenduak eman dira, eta Oier Lazkano bakarrik geratu da lasterketa buruan. Gasteiztarrak zuloa ireki du; atzeko taldetxoan Movistarrek beste lau txirrindulari izan ditu, eta taldekide bat aurrean edukita ez dute lanik egin. Gainera, besteen artean ez dira ados jarri taldetxotik tiratzeko.

Hala, bada, Lazkanoren abantaila gero eta handiagoa izan da, eta arabarrak bere taldearen lana biribildu du, garaipena bereganatuta. Ondorioz, datorren denboraldian Lazkanok Espainiako txapeldunaren maillota eramango du soinean.

Sailkapena:

1 - LAZKANO Oier (Movistar) 4:13:12

2 - AYUSO Juan (UAE) +0:06

3 .- ARANBURU Alex (Movistar) d. b.

4 - HERRADA Jesús (Cofidis) +0:10

5 - SORARRAIN Gorka (BAI - Sicasal) +0:12

6 - ADRIA Roger (Kern Pharma) +0:14

7 - LOPEZ Jordi (Kern Pharma) d. b.

8 - GUTIERREZ Carlos (Padrones-Cortizo) +0:22

9 - GONZALEZ David (Caja Rural) d. b.

10 MARTINEZ Victor (Electro HE) d. b.

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    10 12:00 - 14:00 TXIRRINDULARITZA | Itzulia Women: 1. etapa (Gasteiz - Elgoibar)
    10 14:00 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Zazpigarren etapa
    11 22:10 - 00:45 PILOTA | B Serieko Buruz Buruko Txapelketa: Larrazabal vs Senar / Agirre vs Aldabe

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena