Txirrindularitza
Nagusi, Lizarran
A. B. E. | EITB Media
Euskal txirrindularia nagusi izan da azken igoeran Sergio Higuita atzean utzi eta kolonbiarra mendean hartuta. Mattias Skjelmose izan da hirugarren.
Albisteak (3)
Jon Izagirrek (Cofidis) irabazi du 2023ko Miguel Indurain Sari Nagusia larunbat honetan, apirilaren 1ean. Txirrindulariek Lizarran hasi eta amaitu den 203,2 kilometroko ibilbideari egin diote aurre, eta euskalduna izan da onena.
Eguneko ihesaldia azkar sortu da, eta lasterketa buruan ibili dira Mikel Bizkarra (Euskaltel-Euskadi), Xabier Cañellas (Electro Hiper Europa), Alessandro Fancellu (Eolo Kometa) eta Matyas Kopecky (Novo Nordisk). Ihesaldiko laukoteak lau minuturainoko abantaila izan dute tropelarekiko. Helmugarako 73 kilometro falta zirenean erasoa jo du Bizkarrak, aurrera egin du eta atzean utzi ditu iheskideak. Euskal txirrindularia, ordea, tropelak harrapatu du amaierarako 62,3 kilometro falta zirenean.
Ondoren, tropeletik ihes egin duena Javier Romo izan da; Astana Qazaqstan taldeko txirrindulariak zuloa ireki du. Tropelak, ordea, azkar harrapatu du espainiarra. Geroago, Ibarran gora aurrera egiten saiatu da Ibai Azurmendi (Euskaltel-Euskadi), baina ezin izan du tropela atzean utzi.
Lasterketa azken 25 kilometroetan sartuta Nelson Oliveirak (Movistar) jo du erasoa eta harekin bat egin du Luis Leon Sanchezek (Astana Qazaqstan); hala, bada, lasterketa buruan jarri dira. Orduan, tropelaren erritmoa bizitzeko lanean hasi dira UAE Emirates eta EF Education taldeak; ondorioz, harrapatu egin dituzte Oliveira eta Sanchez, eta tropelak berriz bat egin du.
Helmugara iristeko 12 kilometro falta zirenean Jon Izagirrek (Cofidis) jo du erasoa, baina Marc Solerrek (UAE Emirates) faboritoen taldeko erritmoa bizitu eta ez dio alde egiten utzi Izagirreri. Hala ere, ez du etsi Jon Izagirrek eta beste behin erasoa jo du. Gipuzkoarraren erasoak tropela txikitu du. Atzetik, Segio Higuitak (Bora-hansgrohe) egin du bat Izagirrerekin, eta biek lasterketa burua hartu dute.
Ibarrarako azken igoeran Izagirrek atzean utzi du Higuita. Jaitsierako kilometro t'erdian ondo eutsi dio kolonbiarrarekiko lortutako errentari eta garaipena bereganatu du.
Higuita bera izan da bigarren euskal txirrindulariarekiko bi segundora eta Mattias Jensen Skjelmose (Trek-Segafredo) izan da hirugarren Izagirrerekiko 13 segundora. Alex Aranburu (Movistar) seigarren izan da.
SAILKAPENA:
1 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) 5:09:05
2 - HIGUITA Sergio (BORA – hansgrohe) +0:02
3 - SKJELMOSE Mattias (Trek – Segafredo) d.b.
4 - KRON Andreas (Lotto Dstny) +0:13
5 - ADRIÀ Roger (Equipo Kern Pharma) d.b.
6 - ARANBURU Alex (Movistar Team) +0:23
7 - STRONG Corbin (Israel - Premier Tech) +0:25
8 - GESBERT Élie (Team Arkéa Samsic) d.b.
9 - GALL Felix (AG2R Citroën Team) +0:32
10 - SCARONI Christian (Astana Qazaqstan Team) d.b.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa