Itzulia Basque Country 2022: Euskal Herriko Itzuliko 4. etapa zuzenean

Euskal Herriko Itzulia

17:35

#-4_etapa-#

4. ETAPA

Vingegaardek Mikel Landa gainditu du bien arteko esprintean, Santurtzin

EITB MEDIA

Bi txirrindulariek La Asturianako igoeran utzi dituzte atzean aurkari guztiak, eta euren arteko lehian daniarra izan da azkarrena helmugan.

1:46
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jonas Vingegaard Jumbo – Visma taldeko txirrindulari danimarkarrak Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa irabazi du ostegunean, Santurtzin, eta sendotu egin du, horrenbestez, sailkapen nagusian duen lehen postua. Vingegaard Bahrain – Victoriouseko Mikel Landari gailendu zaio helmugan izandako bien arteko esprintean; murgiarrak sailkapen nagusiko bigarren tokian jarraitzen du, eta orain, gainsariak tarteko, 12 segundoko atzerapena du.

Omar Frailek diseinatutako etapak ikuskizun handia eskaini die zaleei, bereziki azken kilometroetan. Helmugarako 15 kilometro geratzen zirela, tropelak La Asturiana mendatea igo behar zuen; igoera horrek eta ondorengo jaitsierak lehia estua izateko aukera ematen zuen, eta hala gertatu da. La Asturianan zeudela, EF Education – EasyPost taldeko Richard Carapaz lasterketa mugitzen saiatzen hasi da, eta Vingegaardek erasoa jotzea erabaki du; Mikel Landak ondo erantzun du, eta segituan jarri da Itzuliaren liderraren parean. 30 bat segundo zituzten biek La Asturiana amaitu dutenean, eta hortik aurrerako jaitsieran, atzean 20 bat gizonek osatutako taldea zutela, jazarpen polita ikusi ahal izan dugu. Azkenean, Vingegaardek eta Landak bi segundo atera dizkiete atzean zihoazen ziklistei, helmugan, eta erakutsi dute, beste behin, orain arteko indartsuenak direla, Euskal Herriko Itzuli honetan.

La Asturianara iritsi aurretik, parte-hartzaileek beste hiru mendate puntuagarri zituzten aurretik, 3. mailakoak denak, eta Jon Barrenetxeak baliatu ditu inork baino hobeto. Mendiko sailkapenaren liderrak, beste behin eguneko ihesaldian, bederatzi puntu gehiago batu ditu, Malkuartun, Santa Koloman eta Bezin lehen postua lortuz. 29 puntu ditu dagoeneko Caja Rural taldeko bizkaitarrak, eta Itzuliaren eskalatzailerik onenarentzako maillota are gehiago sendotzea erdietsi du.

Ihesaldian, Barrenetxeaz gain, beste lau txirrindulari izan dira: Harm Vanhoucke (DSM), Jonathan Caicedo (EF Education – EasyPOst), Natnael Tesfazion (Trek – Segafredo), eta Alan Jousseaume (TotalEnergies), hain zuzen ere. Sei minutu baino gehiago ere izan dituzte, tropelarekiko, baina Ineos taldea lanean hasi eta alde hori azkar murrizten hasi da. Eguneko bigarren esprint berezira iritsi orduko, La Rigadan, 148. kilometroan (27 geratzen ziren oraindik), harrapatuta zeuden ihes egindakoak, eta Vingegaardek ikusi du aukera zuela saikapen nagusian Mikel Landari ateratzen zion bost segundoko aldea handitzeko; danimarkarraren ahaleginak beste hiru segundo eman dizkio, eta Jon Izagirreri, aldiz, bi. Ondorioz, Cofidis taldeko gipuzkoarra, orain, berdinduta dago Jaycoko Matteo Sobrerorekin, sailkapen nagusiko laugarren postuan.

Aurreikuspenak betez, La Asturianan erabaki da etapa. Vingegaardek argi utzi du ez zuela ustekaberik nahi, eta aurrera egin du; Mikel Landa, bikain berriro ere, harekin joan da. Ondo ulertu dute elkar biek, atzean zihoazen gizonek baino hobeto, eta aurki egin dute minutu erdiko aldea; nahikoa izan da hori garaipena Santurtzin esprintean jokatzeko.

Ematen zuen, Ezkerraldeko udalerrian sartuta, atzeko taldeak bi liderrak harrapatzeko aukera izan zezakeela, baina ez da hori jazo, eta Vingegaardek garaipen argia lortu du. Ezer ez dago erabakita, nolanahi ere, eta Zornotzan hasi eta bukatuko den ostiraleko etapa ere gogorra izango da. Itzulia ikusgarria ari da izaten.

Kontsultatu Itzuliaren sailkapen guztiak, eitb.eus-en.

Informazioa osatzeko lanean ari gara…

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena