Saskibaloia
Errege Kopa
EITB Media
Bilboko taldea 66-71eko emaitzarekin nagusitu da gurpildun aulkiko saskibaloiko Errege Kopako hirugarren eta laugarren postuak zehaztu dituen partidan.
UCAM Murtzia - Bidaideak partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: @BilbaoBSR
Bidaideakek hirugarren postuan amaitu du gurpildun aulkiko saskibaloiko Errege Kopa, igande honetan, otsailaren 25ean, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidan UCAM Murtzia menderatuta, 66-71eko emaitzarekin.
Norgehiagokaren hasiera parekatua izan da, baina bosgarren minututik aurrera Bidaideakek zuloa ireki du markagailuan, eta bederatzi puntuko errenta lortu (14-23) lehen hamar minutuen amaieran.
Bigarren laurdenaren hasieran jaun eta jabe izan da Bilboko taldea. Hala, 15. minuturako 17 puntuko abantaila bereganatu du Bidaideakek (14-31). Ondoren, ordea, desabantaila murriztu du Murtziak, eta lehia 28-36ko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.
Aldageletatik kantxara bueltan, parekotasuna izan da nagusi. Bi taldeei kosta egin zaie abantaila handiak hartzea, eta, horrenbestez, Bidaideakek sei puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (47-53).
Laugarren laurdenaren hasieran hamar puntuko errenta eskuratu du Bidaidekek. Gero, aldea handitu zuen 13 puntuetaraino (54-67), baina Murtziak emaitza estutu du azken txanpan. Azken minutuan sei puntura murriztu du desabantaila Murtziako taldeak, eta amaierarako 24 segundo falta zirenean hirura hurbildu da (66-69). Dena den, Bidaideakek ondo kudeatu ditu azken jabetzak, eta neurketa irabaztea lortu du (66-71).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa