Bilbao Basket
FIBA EUROPE CUP
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jaume Ponsarnauren taldeak 75-73 irabazi dio Gottingen talde alemaniarrari Miribillan, FIBA Europe Cupeko bigarren faseko lehen partidan.
Alex Reyes Bilbao Basketeko jokalaria, Gottingehen aurkako partidan. EFE
Thijs de Ridder eta Sacha Killeya-Jones gidari zituela, garaipena lortu du (75-73) Surne Bilbao Basketek asteazken honetan Miribillan, Gottingen talde alemaniarraren aurka, FIBA Europa Cupeko bigarren faseko lehen norgehiagokan. Azken segundora arte ez da erabaki neurketa.
Partida amaitzeko 90 ehunen geratzen zirenean iritsi da jokalari belgikarraren defentsa jokaldi bikoitza: Fedor Zugix eskoltari tapoia ipini diote, eta jarraian erasoan lortu dute errebotea. Markagailuan puntu bakarreko aldea zuten bizkaitarrek: 74-73.
Ondoren, De Ridderren (18 puntu, 6 errebote eta 23 balorazio-puntu) jaurtiketa libre bati esker, 75-73 jarri dira. Killeya-Jonesek partidako 40 minututan egindako lana ere nabarmena izan da (22, 7 eta 24).
Kristian Kullamae (11 puntu, 4 errebote eta 4 asistentzia) eta Xavi Rabaseda ere bikain ibili dira tarteka; Alex Renfroek eta Melwin Pantzarrek, berriz, ez dute egun ona izan.
Alemaniako taldean, Zugic, Zach Ensminger, Umoja Gibson eta Karlis Sinlins pibote letoniarra izan dira onenak.
Gottingenek ireki du markagailua, Monunghoffen saskiratze batekin, baina Surnek sendo erantzun du, Rabasedaren lanak bultzatutako 11-0eko partzialari Killeya-Jonesen nagusitasuna gehituta. Bisitariek, ordea, indartsu erantzun dute, Gibsonek gidatuta. Hala, 11-10 jarri dira, eta berdintasunera bideratu dute lehia: markagailuan 20-18ko emaitza zegoen lehen laurdenaren bukaeran. Bigarren laurdenaren hasieran, maila berean jarraitu dute, hiruko eta mate ugari tarteko. Alemaniarrak 44-45 zeuden aurretik atsedenean.
Bigarren zatia lehenengoa baino nahasiago abiatu da, De Ridder gaztearen etengabeko borrokarako agertoki aparta. Hari esker, zazpi puntuko aldeaz iritsi dira beltzezko gizonak hirugarren laurdenaren bukaerara (60-53).
Kullamaeren hiruko bat eta De Ridder erabakigarriak izan dira etxekoen garaipena ziurtatzeko. De Ridderren jaurtiketa libre batek 75-73ko behin betiko emaitza utzi du markagailuan.
FITXA TEKNIKOA:
75 - Surne Bilbao Basket (20+24+16+15): Renfroe, Adam Smith (7), Rabaseda (7), Andersson eta Killeya-Jones (22) —hasierako boskotea—; Pantzar (5), Kullamae (11), Reyes, De Ridder (18), Tsalmpouris (2) eta Rigo (3).
73 - BG Gottingen (19+26+10+18): Gibson (11), Burns (6), Hume (6), Monninghoff (2) eta Silins (13) —hasierako boskotea—; Ensminger (11), Zugic (16), Anticevich (8), Hemschemeier eta Wullner.
Partzialak: 20-19, 44-45 (atsedena); 60-55 eta 75-73 (amaiera).
Epaileak: Petar Pesic, Orhan Cagri Hekimoglu eta Aurimas Borusas. Burns kanporatu dute, 37. minutuan 5. falta adierazita.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Urreisti-Gorka vs Laduche-Manci |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa