22:01

Bilbao Basket

FIBA EUROPA KOPA

Bilbao Basketek hurrengo faserako txartela eskuratu du Errumanian (68-73)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Partida kaskar batean, beltzezko gizonek Sibiu garaitu, eta euren multzoko lehen postua ziurtatu dute.

  • Tsalmpuoris Sibiuko jokalari baten jaurtiketa eragotzi nahian, joaneko partidan. Argazkia: EFE

    Tsalmpuoris Sibiuko jokalari baten jaurtiketa eragotzi nahian, joaneko partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Surne Bilbao Basketek 68 eta 73 irabazi dio BC CSU Sibiu talde errumaniarrari FIBA Europa Kopako bosgarren jardunaldian, Adam Smith eta Melwin Pantzarren jardunean oinarrituta. Garaipen horri esker, bilbotarrek ziurtatu egin dute txapelketako lehen fasea B multzoko lider gisa bukatuko dutela; izan ere, toki horren lehian bere aurkari zuzena zen Caledonia Gladiatorseko eskoziarrek galdu egin dute Polonian, Anwill Wloclawek taldearen kantxan (93-72). Ondorioz, beltzezko gizonek bi garaipeneko aldea ateratzen diote Glasgowko taldeari, jardunaldi bat falta denean.

Dena den, Jaume Ponsarnauk entrenatzen dituen mutilek ez dute lan erraza ordurako aukerarik gabe zegoen aurkariaren aurrean. Errumaniarrek ez dute neurketarik irabazi orain arte, eta lan duina eginez amaitu nahi izan dute euren ikusleen aurrean.

Ia ahazteko modukoa izan den norgehiagoka batean, Smith (25 puntu) izan da une garrantzitsuetan bilbotarren alde erabaki duena. Pantzar izan du bidelagun (16 puntu), baita Tryggvi Hlinason ere (8, 7 errebote, 4 asistentzia, 2 tapoi eta 20ko balorazioa).

Bilbao Basketen hasiera ona izan da (0-5), Rabasedaren saskiratze batekin eta Pantzarren hiruko batekin, eta bazirudien partida samur joango zela, baina ez da halakorik gertatu. Sibiuk erreakzionatu egin du Barroren eta Utaren arteko barneko jokoari esker, eta 9-0eko partziala lortu du, aurretik jartzeko (9-7). Hala, lehen laurdena markagailuan agintzen amaitu dute etxekoek (18-14).

Bigarren laurdenean zazpi puntu goitik jarri dira errumaniarrak (28-21), baina Ponsarnauk bere taldea bizkor zedila lortu du. Hain zuzen ere, Hlinasonen ekarpenak bultzaturik, 0-8ko partziala eskuratu du Bilbao Basketek (28-29), eta berriro jarri da aurretik. Gerora, parekotasuna izan da nagusi atsedenaldira heldu bitartean, eta Sibiu izan da puntu bateko abantailarekin joan dena aldageletara, denbora bukatzear zegoela Gavriloaiak sartutako hirukoari esker (39-38).

Aldageletatik bueltan, indarren orekak bere horretan jarraitu du, nahiz eta Pantzar eta Smith ahalegindu diren euren taldeak ihes egin zezan (bi aldiz eskuratu dute bilbotarrek sei puntuko aldea: 53-59 eta 55-91). Alabaina, etxekoak beste hiruko bat sartzeko gai izan dira laurden bukaerako txirrina jotzear zegoela (Ivanovek kasu honetan), eta aldea hiru puntura murriztu dute (58-61). Gainera, ondoren, indartsu kantxaratu dira 5-0eko aldeko partzialarekin, eta Sibiu agintzen jarri da (63-61).

Aitzitik, bisitariek partzial berarekin erantzun diote etxekoen oldarraldiari (63-66), eta Pantzarri esker aldea bost punturaino areagotu da 3:46ren faltan (63-68). Kopuruak gora egiten jarraitu du Smithen eskutik, 10 puntuko tartea zabaldu eta norgehiagoka erabakita utzi arte (63-73). Etxekoek, azken bi minutuetan, markagailua txukundu dute (68-73).

Fitxa teknikoa

68 - BC CSU Sibiu (18+21+19+10): Pratt (16), Dragoste (4), Ivanov (9), Barro (14) eta Uta (12) -hasierako bostekoa-; Gavriloaia (3), Kuti (7) eta Banciu (3).

73 - Surne Bilbao Basket (14+24+23+12): Pantzar (16), Adam Smith (25), Rabaseda (6), Andersson (5) eta Hlinason (8) -hasierako bostekoa-; Kullamae (5), Rigo, Alex Reyes, De Ridder (6), Tsalmpuoris (2), Barandalla eta Asier Fernández.

Partzialak: 18-14, 39-38 (atsedenaldia); 58-61 eta 68-73 (finala).

Epaileak: Mehmet Karabilecen (Turkia), Tolga Edis (Turkia) eta Mladen Lucic (Montenegro). Ez dute inor kanporatu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    18 13:10 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamalaugarren etapa
    18 17:15 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Laso vs Zabala
    18 18:30 - 21:45 ERREGINA KOPAKO FINALA | Bartzelona vs Real Sociedad

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena