Txapeldunen Liga
Finalerdiak (Itzulikoa)
A. B. E. | EITB Media
Ingalaterrako taldeak 4-0eko emaitzarekin hartu du mendean Espainiakoa finalerdietako itzuliko partidan. Joanekoa berdinduta amaitu zen (1-1). Beraz, Cityk Inter Milan izango du aurkari final handian.
Manchester Cityko jokalariak elkar besarkatzen, Real Madril kanporatu ostean. Argazkia: EFE
Manchester City Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu da asteazken honetan, maiatzaren 17an, finalerdietako itzuliko partidan Real Madril mendean hartuta 4-0eko emaitzarekin. Joaneko neurketa berdinduta amaitu zen (1-1). Beraz, Cityk Inter Milanen kontra jokatuko du final handia.
Etihad estadioan jokatutako finalerdietako itzuliko norgehiagokan, Manchester City hasieratik nagusitu da. Josep Guardiolak zuzendutako taldeak abagune argiak izan ditu lehen minutuetan, baina Thibaut Courtois atezainaren lan bikainak eragotzi ditu Ingalaterrako taldearen golak. Hala ere, ekinean jarraitu du Cityk, eta saria jaso du azkenean, 23. minutuan Bernardo Silvak sartutako golarekin (1-0).
Partidako estreinako golaren ostean ere, Ingalaterrako taldea izan da nagusi. Real Madril ezinean ibili da. Ondorioz, 37. minutuan, Bernardo Silvak 2-0ekoa jarri du markagailuan, eta garaipena bideratuta utzi du bere taldearentzat.
Real Madrilek gola sartzeko aukera bakarra izan du; Toni Koroosen jaurtiketa bikainak, ordea, langa jo du, eta lehia etxekoen aldeko bi goleko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatiari hobeto ekin dio Real Madrilek. Carlo Ancelottik zuzendutako taldea gehiago gerturatu da aurkariaren ate ingurura, baina kosta egin zaio gola sartzeko aukera argiak sortzea. Espainiako taldearen momentu onenean, aldiz, Militaok bere atean sartu du gola (3-0), 76. minutuan, eta dena erabakita geratu da.
Azken txanpan, Real Madril gola sartzetik gertu egon da, baina Ederson atezainak saihestu du baloia sare barrura sartzea. Cityren festa biribiltzeko, zelaian oso minutu gutxi zeramatzan Julian Alvarezek 4-0ekoa egin du.
Amaieran, Manchester City nagusi (4-0).
Fitxa teknikoa:
4 - Manchester City: Ederson; Walker, Stones, Dias, Akanji; Gundogan (Mahrez, 79. min), Rodri, De Bruyne (Foden, 84. min); Grealish, Haaland (Alvarez, 89. min) eta Bernardo Silva.
0 - Real Madril: Courtois; Carvajal (Vazquez, 80. min), Militao, Alaba, Camavinga (Tchouameni, 80. min); Kroos (Asensio, 70. min), Modric (Rudiger, 63. min), Valverde; Rodrygo (Ceballos, 81. min), Benzema eta Vinícius.
Golak: 1-0. Bernardo, 23. min, 2-0. Bernardo, 37. min, 3-0. Militao, bere atean, 76. min. 4-0. Alvarez, 90. min.
Epailea: Szymon Marciniak (Polonia). Txartel horia atera die Dias (50. min) eta Gundogan (63. min) Manchester Cityko jokalariei, baita Carvajal (56. min) eta Camavinga (75. min) Real Madrilekoei ere.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa