Txapeldunen Liga
Finalerdiak (Itzulikoa)
A. B. E. | EITB Media
Espainiako taldea 0-1 galtzen ibili da 73. minutuan, baina Rodrygok 90. eta 92. minutuetan sartu dituen golek luzapena behartu dute, eta Karim Benzemak erabakita utzi du lehia, penaltiz 3-1ekoa sartuta. Cityk, 4 eta 3 irabazi zuen joaneko neurketa.
Real Madrileko jokalariak, Manchester Cityren aurka lortu duten garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Real Madrilek Txapeldunen Ligako finalerako txartela lortu du asteazken honetan (maiatzak 4) Santiago Bernabeun Manchester City kanporatuta. Madrilgo taldeak Liverpool izango du aurkari finalean.
Manchester Cityk gol bateko errentarekin ekin dio norgehiagokari, joanekoa 4 eta 3 irabazi baitzuen. Gainera, itzuliko neurketako 73. minutuan aurretik jarri da markagailuan Ingalaterrako taldea, baina Rodrygok 90. eta 92. minutuetan sartu dituen bi golek luzapena behartu dute. Luzapenean Benzemak penaltiz sartu du Real Madrilen hirugarren gola eta garaipena eman dio bere taldeari.
Real Madrilek izan du neurketako lehen abagunea, baina Benzemaren errematea kanpora joan da. Zortzigarren minutuan Laportek zaplaztekoa eman dio Modrici, baina epaileak ez dio txartel gorria atera frantziarrari; jokalari bakoitzari txartel hori bana aterata konpondu du liskarra. Viniciusek ere gola sartzeko aukera alferrik galdu du 18. minutuan. Manchester Cityren erantzuna bi minutu beranduago iritsi da Bernardo Silvaren errematearekin, baina Courtoisek eragotzi du gola, gelditu ona eginda. Geroago, Gabriel Jesusen jaurtiketa, kanpora joan da, gutxigatik. Lehen zatiko azken hogei minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagunerik izan, eta lehia golik gabe berdinduta (0-0) iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatiari erasokor ekin dio Real Madrilek, eta City atzean sartu du. Benzemak, Modricek eta Viniciusek gol aukerak izan dituzte, baina Madrilgo taldeko jokalariek ez dute egun ona izan aurkariaren ate aurrean.
Jaun eta jabe izan da Real Madril atsedenaldiaren ostean, baina barkatu egin du Cityren ate aurrean, eta Ingalaterrako taldeak 0-1ekoa jarri du markagailuan, 73. minutuan: Gündoganek jokaldi ona egin du, Bernardo Silvak pasea eman dio Mahrezi, eta Aljeriako jokalariak gola sartu du, jaurtiketa ona eginda.
Gola hartu ostean, Real Madrilek erasora jo du itsu-itsuan, eta Manchester City horretaz baliatu da abaguneak sortzeko. Ingalaterrako taldeak norgehiagoka erabakita uzteko aukera izan du azken txanpan, baina Courtoisek Canceloren jaurtiketa bikaina desbideratu du, eta Mendyk atepetik atera du Grealishen errematea. Neurketako 88. minutuan Courtoisek saihestu du Grealishen gola, eta bi minutu beranduago Real Madrilek norgehiagoka berdindu du Rodrygoren golari esker (1-1); Benzemak area barruan jaso du baloia, pasea eman, eta Rodrygok ate barrura bidali du errematea.
Golak hauspotu egin du Real Madril, eta, 92. minutuan, Rodrygok 2-1ekoa jarri du markagailuan, Carvajalen erdiraketa errematatuta. Gainera, 94. minutuan, Rodrygok hirugarren gola sartzeko abagunea izan du, baina Ederson atezainak eragotzi du, baloia kornerrera desbideratuta. Horrenbestez, luzapena behartu du Madrilgo taldeak.
Luzapenaren hasierako minutuetan baloiaren jabe egin da Real Madril, eta hirugarren minutuan, epaileak Espainiako taldearen aldeko penaltia adierazi du, Ruben Diasek falta egin baitio Benzemari area barruan. Benzemak ez du huts egin penalti jaurtiketan eta gola sartu du (3-1).
Manchester Cityk luzapeneko lehen zatia amaitzear zela izan du gola sartzeko aukera, baina Courtoisek Fodenen errematea desbideratu du, eta Fernandinhok huts egin du atepean, baloia kanpora botata.
Baloiaren jabe izan da Manchester City luzapeneko bigarren zatian, baina ez du abagunerik sortu. Real Madrilek kontrolpean izan du lehia, eta garaipenak (3-1) ez dio ihes egin.
Fitxa teknikoa:
3 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao (Vallejo, 116. min), Nacho, Mendy; Casemiro (Camavinga, 75. min), Kroos (Rodrygo, 68 min), Modric (Marco Asensio, 75. min), Fede Valverde; Vinícius (Lucas Vazquez, 116.min) eta Benzema (Ceballos, 104.min).
1 - Manchester City: Ederson; Walker (Zinchenko, 72. min), Rubén Dias, Laporte, Joao Cancelo; Bernardo, Rodri (Sterling, 99. min), De Bruyne (Gundogan, 72. min); Mahrez (Fernandinho, 85. min), Gabriel Jesus (Grealish, 78. min) eta Foden.
Golak: 0-1, 73. min: Mahrez. 1-1, 90. min: Rodrygo. 2-1, 92. min: Rodrygo. 3-1, 95. min: Benzema, penaltiz.
Epailea: Daniele Orsato (ITA). Txartel horiak atera dizkie Modric (8. min), Carvajal (65. min) eta Valverde (95. min) Real Madrileko jokalariei; Laporte (8. min), Sterling (101. min) eta Zinchenko (113. min) Manchester Cityko futbolariek ere txartel horia ikusi dute.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa