00:08

Txapeldunen Liga

Finalerdiak (joanekoa)

Manchester Cityk garaipena lortu du Real Madrilen aurka (4-3) finalerdietako joaneko partida zirraragarrian

A. B. E. | EITB Media

Ingalaterrako taldeak mendean hartu du Espainiakoa, eta gol bateko abantailarekin ekingo dio Txapeldunen Ligako finalerdietako itzuliko neurketari.

  • Manchester City - Real Madril

    Fodenek (Manchester City) Real Madrili gola sartzen dion momentua. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Manchester Cityk garaipena lortu du Real Madrilen aurka (4-3) astearte honetan (apirilak 26) jokatu duen Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan, eta gol bateko abantailarekin ekingo dio itzuliko neurketari.

Norgehiagokako 11. minuturako, Cityk bi goleko abantaila erdietsi du; De Bruynek sartu du lehen gola (1-0), 2. minutuan, eta Gabriel Jesusek 2-0ekoa jarri du markagailuan 11. minutuan.

Real Madrilek oso gaizki hasi du partida, defentsan huts asko eta larriak eginda. Cityk gol gehiago sartzeko abagune argiak izan ditu, baina huts egin du, eta Real Madrilek desabantaila murriztu du Karim Benzemaren bidez (2-1), 33. minutuan.

Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da. Abagune bikoitza izan du Manchester Cityk 47. minutuan, baina Mahrezen jaurtiketak zutoina jo du eta Fodenek jarraian egin duen errematea atepetik atera du Carvajalek, gola eragotzita. Sei minutu geroago, Fodenek gola sartu du (3-1) Manchester Cityrentzat.

Bi goleko errentak ez dio asko iraun Ingalaterrako taldeari, Viniciusek aldeak murriztu baititu 55. minutuan, 3 eta 2koa sartuta; brasildarra bere zelaitik abiatu da, aurkari guztiak atzean utzi ditu, eta amaiera bikaina eman dio jokaldiari Ederson atezaina gaindituta.

Partidako lehen 70 minutuak zirraragarriak izan dira. Bazirudien bi taldeek erritmoa jaitsiko zutela, baina Bernardo Silvak gol ikusgarria sartu du (4-2) 74. minutuan. Neurketa maldan gora jarri zaio berriro Real Madrili, baina Laportek eskuarekin jo du baloia area barruan 81. minutuan, eta epaileak Madrilgo taldearen aldeko penaltia adierazi du; Benzemak ez du barkatu (4-3), eta maisuki gainditu du Ederson atezaina.

Azken txanpan, bi taldeetako bat ere ez da gai izan gol gehiago sartzeko, eta Manchester Cityren aldeko 4-3ko emaitzarekin amaitu da partida.

Fitxa teknikoa:

4 - Manchester City: Ederson; Stones (Fernandinho, 36. min), Dias, Laporte, Zinchenko; Rodri, De Bruyne, Bernardo; Foden, Gabriel Jesus (Sterling, 83. min) eta Mahrez.

3 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Alaba (Nacho, 46. min), Mendy; Kroos, Modric (Ceballos, 79. min), Valverde; Rodrygo (Camaving, 70. min), Vinicius (Asensio, 88. min) eta Benzema.

Golak: 1-0, 2. min: De Bruyne. 2-0, 11. min: Jesus. 2-1, 33. min: Benzema. 3-1, 53. min: Foden. 3-2, 55. min: Vinicius. 4-2, 74. min: Bernardo. 4-3, 82. min: Benzema, penaltiz.

Epailea: Istan Kovacs (Errumania). Txartel horia atera die Fernandinho (81. min) Manchester Cityko jokalariari eta Nacho (93. min) Real Madrileko futbolariari.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena