Txapeldunen Liga
Final-laurdenak (joanekoak)
EITB Media
Ingalaterrako bi taldeek Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatzeko aurrerapausoa eman dute. Liverpoolek 1-3 irabazi du Benficaren aurka, eta Cityk mendean hartu du Atletico Madril, 1-0eko emaitzarekin.
Konate (Liverpool), Benficaren aurka sartu duen partidako lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Liverpoolek eta Manchester Cityk Txapeldunen Ligako finalerdietara sailkatzeko aurrerapausoa eman dute astearte honetan (apirilak 5) Benfica eta Atletico Madril mendean hartuta hurrenez hurren.
Lisboako (Portugal) Da Luz estadioan Liverpoolek irabazi egin dio Benficari, 3-1eko emaitzarekin. Ingalaterrako taldeak sartu ditu neurketako estreinako bi golak, lehen zatian. Konatek jarri du 0-1ekoa markagailuan, 17 minutuan. Atsedenaldira iritsi aurretik, 34. minutuan, Manek bigarren gola sartu du (0-2) Ingalaterrakoentzat. Bigarren zatiko laugarren minutuan desabantaila murriztu du Benficak, Darwin Nuñezek sartutako golarekin (1-2). Azken txanpan, Luis Diazek sartu du gola (1-3) eta neurketa erabakita utzi du.
Manchesterren (Ingalaterra), Etihad estadioan, Cityk mendean hartu du Atletico Madril (1-0). Lehen zatian baloiaren jabe izan da Manchestr City eta Atletico atzean sartuta egon da. Hala ere, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu. Bigarren zatian ere Ingalaterrako taldea izan da nagusi, eta gola sartzeko aukerak izan ditu. Guardiola Cityko entrenatzaileak Foden zelairatu du 68. minutuan, eta jokalari ingelesak neurketa aldatu du. Norgehiagokako 70. minutuan sartu du gola De Bruynek (1-0), Fodenen pase bikaina jaso eta Oblak atezaina gaindituta. Azken txanpan beste golen bat sartzeko aukerak izan ditu Manchester Cityk, baina Guardiolak zuzentzen duen taldeko jokalariak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean, eta 1-0eko emaitzarekin amaitu da partida.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa