Txapeldunen Liga
Final-zortzirenak
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonak Txapeldunen Ligako lehen neurketa erabakigarria du aurrean, Lyonen kontra, eta Anfielden txapelketa bost aldiz irabazi duten bi talde arituko dira: Liverpool eta Bayern.
Messi, Txapeldunen Ligako norgehiagoka batean / Argazkia: EFE.
Parc OLek eta Anfieldek Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidak hartuko ditu, asteartean 21:00etan: Olympique Lyon-Bartzelona eta Liverpool-Bayern Munich.
Bartzelonak Olympique Lyonen zelaia bisitatuko du, Europako lehenengo neurketa erabakigarrian. Denboraldi honetako apusturik handiena denez, irabazteko gai dela erakutsi beharko du.
Oraindik emaitzak hobetu behar ditu kanpoan jokatzen dituen kanporaketetan. Azken bostetako balantzea negatiboa da Bartzelonarentzat: berdinketa bat eta lau porrot. Azken garaipena 2016ko otsailekoa du, Arsenalen kontra 0-2 galdu zuenean.
Denboraldi honetan, Olympique eta Bartzelona dira Txapeldunen Ligan galdu ez duten talde bakarrak.
Kalitate handiko lehen fasea egin dute kataluniarrek. Wembleyn Tottenhamen aurka (2-4) eta Eindhovenen (1-2) irabazi zuten, eta Interren zelaian berdinketa lortu zuen (1-1), neurketa irabazita zuten arren. Etxean hiru neurketetan gailendu ziren.
Bruno Genesioren taldeak bakarra irabazi du, Manchester Cityren aurka (1-2), eta beste bostetan berdinketan geratu zen. Beste aurkariak Shakthar Donetsk eta Hoffenheim izan ziren.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Lyon: Lopes; Dubois, Marcelo, Denayer edo Marçal, Mendy; Ndombele, Tousart; Cornet edo Traore, Depay, Aouar; Moussa Dembélé.
Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Alba; Busquets, Rakitic, Arturo Vidal; Messi, Suárez eta Dembélé.
Liverpoolek Bayern hartuko du, interes handiko kanporaketan. Biek bost aldiz irabazi dute txapelketa. Beraz, faborito bat galduko du Txapeldunen Ligak.
2005ean eskuratu zuen azkena Liverpoolek; Bayernek, 2013an. Ordudanik, Ingalaterrako taldeak aukera berria izan zuen azken denboraldian, eta txapeldunorde geratu zen. Alemaniako taldeak ez du Europako final batera itzuli. Azken bost urteetan finalerdietan kanporatu zuten.
Txapeldunen Ligako bost garaipen lortu dituzte estekan ingelesek, eta Premierrean ere bolada onean daude. Partida bat gutxiago jokatu duen Manchester Cityrekin batera dago lider.
Bayernek, bestalde, atzean utzi du denboraldi hasiera kaskarra, eta Niko Kovacen proiektua sendoago dago. Bundesligako azken hamar neurketetan bederatzi garaipen lortu ditu, eta Borussia Dortmund oso gertu dauka, 2 puntura.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Liverpool: Alisson; Alexander-Arnold, Fabinho, Matip, Robertson; Henderson, Keita, Wijnaldum; Salah, Mane eta Firmino.
Bayern Munich: Neuer; Kimmich, Sule, Hummels, Alaba; Goretzka, Thiago; James, Gnabry, Coman; eta Lewandowski.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa