Txapeldunen Liga
FINAL-ZOTZIRENAK
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Londreskoek 3-0 azpiratu dute talde alemana, eta bideratuta utzi dute kanporaketa. Real Madril, bere aldetik, 1-2 gailendu da Amsterdamen.
Heung-min Son hego-korearrak bere taldearen lehen gola sartu. Argazkia: EFE
Tottenhamek 3-0 irabazi dio asteazken honetan Borussia Dortmundi Txapeldunen Ligako final-zortzirenei dagokion joaneko norgehiagokan. Hartara, Londresko taldeak oso bideratuta utzi du martxoaren 5ean amaituko den kanporaketa.
Heung-Min Son jokalari hego-korearrak egin du bere taldearen lehen gola, bigarren zatiari ekin bezain pronto. Gol horrek piztu egin du ordura arte aspergarri samarra zen lehia, eta etxekoak nagusi izan dira bigarren zati osoan.
Dena dela, ia neurketaren amaierara arte itxaron behar izan dute Wembleyra bertaratu diren zaleak beste bi golak ikusteko. Izan ere, Jan Vertonghen belgikarrak 83. minutuan lortu du berea, eta handik hiru minutura (86. min) etorri da Fernando Llorentek buruz erdietsi duena, korner batean.
Fitxa teknikoa:
3 - Tottenham Hotspur: Lloris, Alderweireld, Vertonghen, Sanchez, Foyth, Aurier, Winks, Sissoko (Wanyama, 91. min), Eriksen, Moura (Llorente, 84. min) eta Son (Lamela, 90. min).
0 - Borussia Dortmund: Bürki, Hakimi, Toprak, Diallo, Zagadou (Schmelzer, 77. min), Witsel, Delaney, Dahoud, Sancho (Guerreiro, 88. min), Pulisic (Brun Larsen, 87. min) eta Götze.
Golak: 1-0, 47. min: Son. 2-0, 83. min: Vertonghen. 3-0, 86. min: Llorente.
Epailea: Mateu Lahoz (Espainia). Txartel horiak: Aurier (Tottenham); Delaney (Borussia).
Real Madrilek ere irabazi du
Real Madrilek asko sufritu behar izan du neurketa bereganatzeko. EFE
Real Madrilek, bere aldetik, 1-2 garaitu du Ajax, Johan Cruyff Arena futbol-zelaian. Santiago Solarik entrenatzen duen taldeak ez du partida onik jokatu, eta herbeheretarrak baino gutxiago izan dira neurketaren zatirik gehientsuenean. Dena dela, markagailuan aurrea hartu dute partidako 60. minutuan, Karim Benzema aurrelari frantziarraren eskutik.
Ajaxek, ordea, erasoan jarraitu du, norgehiagoka guztian zehar egin duen bezala, eta markagailua berdindu du 75. minutuan, Hakim Ziyech marokoarraren golari esker.
Alabaina, partidaren azken txanpan, zelaia min hartuta utzi du Benzemak, eta horren ordezkoak, Marcos Asensiok, zurien bigarrena sartu du, kontraeraso baten ostean.
Fitxa teknikoa:
1 - Ajax: Onana, Mazraoui, Blind, De Ligt, Tagliafico, Van de Beek, De Jong, Ziyech, Tadic, Schöne (Dolberg, 73. min) eta Neres.
2 - Real Madril: Courtois, Carvajal, Sergio Ramos, Nacho, Reguilon, Casemiro, Kroos, Modric, Bale (Lucas Vazquez, 60. min), Vinicius (Mariano, 80. min) eta Benzema (Asensio, 73. min).
Golak: 0-1, 60. min: Benzema. 1-1, 75. min: Ziyech. 1-2, 87. min: Asensio.
Epailea: Damir Skomina (Eslovenia). Txartel horiak: Ziyech (Ajax); Reguilon, Lucas eta Ramos (Real Madril).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa