22:59

Reala

Europa Liga

Epailearen erabakiek kaltetuta, Realak ezin izan du Old Trafforden, eta Europa Ligatik kanpo gelditu da

EITB MEDIA

Mikel Oyarzabalek aurretik jarri du Reala, penaltiz, baina Manchester Unitedek partida irauli du, penaltiz ere, oso eztabaidagarriak izan diren bi jokalditan, eta azken minutuetan sartutako beste bi golen bidez. Azken ordu erdian, talde txuri-urdina hamar jokalarirekin aritu da.

  • Benoit Bastien epailea, Manchester Uniteden aldeko penaltia adierazten. Argazkia: EFE

    Benoit Bastien epailea, Manchester Uniteden aldeko penaltia adierazten. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Reala 2024-25 denboraldiko Europa Ligatik kanpo gelditu da, final zortzirenetan, Manchester United aurkari, Old Trafforden, ostegun gauean. Ingalaterrako taldearen kontra jokatutako final zortzirenetako kanporaketako itzuliko partidan, Realak 4-1 galdu du, eta horrek, Reale Arenan jokatutako joaneko partidan izandako 1-1koarekin batera, txapelketatik at utzi du talde txuri-urdina. Mikel Oyarzabalek aurretik jarri du Reala hamargarren minutuan, penaltiz, baina Bruno Fernandesek, 16. eta 50. minutuetan penaltiz sartutako bi golen bidez eta 87. minutuan egindako beste gol baten bitartez, eta Diogo Dalotek 91. minutuan sartutako laugarren golarekin, sailkatzea eman diote Manchester Unitedi.

Benoit Bastien epaileak markatu du partida. Frantziarrak Realaren aldeko penalti bat adierazi du; hori argia izan da, baina hasiera batean ez du ikusi. Gerora, Manchester Uniteden aldeko bi penalti oso eztabaidagarri adierazi ditu, eta beste bat eman du Manchester Uniteden alde, baina, azaltzeko oso zaila izan den erabaki batean, azkenean ez du adierazi. Horrez gain, Jon Mikel Aramburu kanporatu du, pentsatu duelako Realeko azken atzelaria zela, Erresuma Batuko taldearen kontraeraso batean.

Giro ikusgarria izan da Old Trafforden, eta Realak nortasuna eta ausardia erakutsi ditu partidako hasieran. Talde txuri urdina baloia azkar mugitzen saiatzen ari zen, eta Manchester United areatik gertu presionatzen. Realak berehala eskuratu du saria, 10. minutuan; De Ligtek, ate aurrean, falta egin dio Mikel Oyarzabali, eta Benoit Bastien epaileak, VARak abisatuta, penaltia adierazi du. Kapitainak ezin hobeto jo du baloia, eta 0-1ekoa egin.

16. minutuan, jokaldi azkar baten ondorioz, epaileak adierazi du Zubeldiak penaltia egin diola Hojliundi, eta Bruno Fernandesek norgehiagoka eta kanporaketa berdindu du. Itzuli partida, hala, bizi-bizi hasi da. 1-1ekoak konfiantza eman dio Manchester Unitedi, baina Realak ere eman du maila ona, atsedenaldira arte; Zubimendi oso sendo aritu da zelai erdian, eta Kubok, eskuinean, arrisku handia sortu du, baloia harrapatu duen ia bakoitzean.

Partidako 50. minutuan, bigarren zatia hasi berritan, Bastienek, alegia, epaileak, penaltia ikusi du Aritz Elustondoren eta Dorguren arteko jokaldi batean. Erabakia polemikoa izan da, oso eztabaidagarria, eta Realeko jokalariek biziki protestatu dute; izan ere, ematen du beasaindarra erabat geldi zegoela Manchester Unitedeko jokalaria lurrera joan denean. Bruno Fernandesek ez du huts egin, eta aurretik ipini du etxeko taldea.

Imanolek Barrene, Aramburu eta Turrientes atera ditu berdegunera, eta Realak erantzun ona eman dio 2-1ekoari, berriro ere aurrerapausoa emanda. Kontraeraso batean, Aramburuk falta egin dio Dorguri, azken atzelaria zela, eta txartel gorria jaso du. Oraindik ordu erdi gelditzen zela, Realak lan oso zaila zuen aurretik: gola behar zuen Old Trafforden, eta jokalari bat gutxiago izan du, gainera.

87. minutuan, Manchester Unitedek hirugarren gola sartu du, Bruno Fernandesek burututako kontraeraso on batean. Eta, luzapenean, Diogo Dalotek 4-1ekoa jarri du. Ez da beste ezertarako astirik izan, eta Realak ezin izan du txapelketan jarraitu. Gau txarra izan da, porrota modu ankerrean jazo baita.

Fitxa teknikoa

4 - Manchester United: Onana; Dalot, Mazraoui, De Ligt, Heaven, Dorgu; Casemiro (Collyer, 78. min), Fernandes; Zirkzee (Eriksen, 88. min), Garnacho eta Hojlund.

1 - Reala: Remiro; Elustondo (Traore, 80. min), Zubeldia (Aramburu, 56. min), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Marin (Turrientes, 56. min), Brais Mendez; Kubo (Oskarsson, 76. min), Oyarzabal eta Becker (Barrenetxea, 56. min).

Golak: 0-1. Oyarzabal, 10. min, 1-1. Fernandes, 16. min, 2-1. Fernandes, 50. min, 3-1. Fernandes, 87. min, eta 4-1. Dalot, 91. min.

Epailea: Benoit Bastien (Frantzia). Txartel horia atera die Manchester Unitedeko De Ligti, eta Realeko Zubeldiari, Marini, Zubimendiri, Oyarzabali, Elustondori, Barrenetxeari eta Aguerdi. Gainera, Aramburu kanporatu du, txartel gorri zuzena aterata, 63. minutuan.

Nabarmentzekoa: Old Trafford bete egin da. Realeko 1.500 zale izan dira bertan.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    22 Zuzenean 17:05 - 20:00 PILOTA | B Serieko finala: Egiguren V-Bikuña vs Salaberria-Gaskue

      Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen