Reala
Europa Liga
EITB MEDIA
Joshua Zirkzeek 57. minutuan jarri du aurretik Manchester United, baina 70. minutuan sartu du Mikel Oyarzabalek 1-1ekoa, penaltiz. Final-zortzirenetako kanporaketako joaneko partidak aurrera egin ahala, Reala gero eta hobeto aritu da, eta Manchesterren saiatuko da sailkapena lortzen.
Aguerd eta Barrene, Garnachorekin lehian. Argazkia: EFE.
Realak eta Manchester Unitedek 1-1 berdindu dute 2024-25 denboraldiko final-zortzirenetako kanporaketako joaneko partidan, Reale Arenan, ostegunean. Joshua Zirkzeek 57. minutuan jarri du aurretik Manchester United, baina 70. minutuan sartu du Mikel Oyarzabalek 1-1ekoa, penaltiz. Neurketak aurrera egin ahala, Reala gero eta hobeto aritu da, eta Manchesterren saiatuko da sailkapena lortzen, datorren ostegunean, Old Trafforden.
Martin Zubimendi, gaixorik, deialditik kanpo gelditu da; Beñat Turrientes sartu da hamaikakoan haren ordez, eta Mikel Oyarzabal jarri du Imanolek erasoan. Realaren asmoa, aurreneko minutuetan, jokoari abiadura ematea izan da, baita baloia erraz mugitzea ere. Garnachok izan du partidako aurreneko aukera, Manchester Unitedentzat, eta Alex Remirok erantzun bikaina eman dio.
37. minutuan, Aritz Elustondo ezin hobeto aritu da, eta Bruno Fernandesen gola saihestu du; azken horrek dena alde zuela errematatu du, baina beasaindarra bizi-bizi aritu da aukera hori ezerezean uzteko. Hori izan da lehenengo zatiko gol aukerarik argiena. Reala sendo zebilen, indartsu, ia-ia akatsik gabe. Neurketa oso parekatuta zihoan bi taldeak atsedenaldira joan direnean.
Bigarren zatian, lehenengo minutuetan, Take Kubo ondo sartu da eskuinaldetik, eta Mikel Oyarzabal gutxigatik ez da erdiraketara iritsi. Manchester United ere, gola egitetik gertu izan da, Garnachoren bidez. 57. minutuan, Zirkzeek area ertzetik jaurti du, Garnachoren pasea jaso ostean, eta 0-1ekoa egin du. Bazirudien Manchester United presioa areagotzen ari zela; gola egin duenean, Reala ez zebilen eroso berdegunean.
Hori ikusita, Imanolek Oskarsson, Aramburu eta Pablo Marin zelairatu ditu. 70. minutuan, Mikel Oyarzabalek kanporaketa berdindu egin du. Kapitainak penaltiz egin du gola. VARak eman dio abisua epaileari: estrategia jokaldi batean, Aguerdek buruz jo du, eta baloiak Bruno Fernandesen eskua jo du. Oyarzabalek oso ondo jaurti du, eta 1-1ekoa lortu du horrela.
Golak bultzada eman dio Realari. Ezkerrez egindako jaurtiketa polit batez, Braisek Onana atezaina geldiketa oso ona egitera behartu du. Oskarssonek abagune oso ona izan du 84. minutuan Realaren bigarrena sartzeko; Sheraldo Beckerrek erdiraketa ederra sartu dio islandiarrari, baina azken horren errematea pixka bat desbideratuta joan da. Oskarssonek berak, luzapenean, ezkerretik, beste behin izan du gola eskura, Oyarzabalen pase bikaina jaso ostean. Markagailua, baina, ez da mugitu, eta Old Trafforden erabakiko da zeinek egiten duen aurrera. Aurreikuspenak betez gero, itzuliko partida ikusgarria izango da.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Remiro; Aritz (Aramburu, 63. min), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Turrientes (Marin, 63. min), Sucic (Olasagasti, 88. min), Brais Mendez; Kubo (Becker, 81. min), Oyarzabal eta Barrenetxea (Oskarsson, 63. min).
1 - Manchester United: Onana; Dalot, Mazraoui, de Ligt, Yoro (Lindelof, 87. min), Dorgu; Casemiro, Bruno Fernandes, Zirkzee (Collyer, 87. min); Garnacho (Eriksen, 78. min) eta Hojlund.
Golak: 0-1, 57. min: Zirkzee. 1-1, 70. min: Oyarzabal (penaltiz).
Epailea: Ivan Kruzliak (Eslovenia). Realeko Zubeldia eta Manchester Unitedeko Bruno Fernandes zigortu ditu, txartel horia aterata.
Nabarmentzekoak: 34.391 zale eta giro bikaina izan dira Reale Arenan.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa